Urretan blai

Atzo hasi eta igandera bitartean jokatuko da Munduko Txapelketa Varesen; Bettini da faboritoa gizonezkoen errepideko proban

UNAI ZUBELDIA DONOSTIA
2008ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Bi gauza bakarrik dauzka buruan Paolo Bettini italiar txikiak: Varese eta urrea. Bikote hori buruan bueltaka zebilkiola irabazi zuen Espainiako Vueltako 6. etapa, Toledon, eta bikote hori bera aipatu zuen Vueltako 16. etapan ere, Suancesen. Bi besoak altxatuta pozik amaitu zituen bi etapa horiek, baina entrenamendu gisa erabili zituen mutur-muturreko bi esfortzuak. Hirugarren urtez jarraian Munduko Txapelketa eskuratu arteko onik ez dauka Bettinik, eta datorren igandera begira pasa ditu azken hilabeteak. Italiar txikia etxeko berotan ibiliko da, gainera, denak txiki-txiki egin nahian. Atzo hasi zen Munduko Txapelketa, Varesen (Italia), 23 urtez azpiko erlojupekoarekin -Adriano Malori italiarrak irabazi zuen urrezko domina, Patrick Grestch alemaniarrak zilarra, eta Cameron Meyer australiarrak brontzea-, eta igandera bitartean jokatuko dira gizonezkoen eta emakumezkoen proba guztiak.

Bettini gora eta Bettini behera ari dira denak, baina kilkerraren inguruan lau euskal herritar ere saiatuko dira Vareseko zaleak harritzen: Eneritz Iturriagaetxebarria, Josune Murillo, Juanma Garate eta Jonathan Castroviejo. Lau txirrindulari horiek parte hartuko dute aurtengo Munduko Txapelketan. Eneritz Iturriagaetxebarria hasiko da lauretan goizen hauspoa berotzen; gaur bertan. Emakumezkoen erlojupeko proba jokatuko da gaur (14:00), eta bizkaitarra ezustea ematen saiatuko da.

Oso sasoi onean zegoela aitortu zuen Ardecheko Itzulitik (Frantzia) bueltan, orain pare bat aste, baina lehengo astean, Toscanako Itzuliko lehen erlojupekoan bertan, sukarrarekin ibili zen, eta hurrengo egunean etxera itzultzea erabaki zuen. Ari da pixkanaka osatzen; egunetik egunera hobeto dago, baina justu antzean ibiliko da gaurko erlojupekoan (25,15 kilometro). Indarrez larri samar iritsiko delako, eta zirkuitua nahiko gogorra delako. Izan ere, %2,5eko batez besteko pendiza apala daukan arren, 6,2 kilometroko igoera bat izango dute erlojupekoan; %7ko gehienezko pendiza ere badauka aldapa horrek.

Larunbaterako prestaketa gisa erabili nahi du gaurko saioa Iturriagaetxebarriak, eta, beraz, errepideko proban eduki dezake dominen borrokan sartzeko aukeraren bat edo beste. Josune Murillo nafarra ere ariko da errepideko saioan, baina iruindarrari lan egitea egokituko zaio, taldekideren batek domina lortzeko. Emakumezkoen errepideko probak 138 kilometro edukiko ditu.

Freirek laugarrena nahi du

Murilloren antzera, Juanma Garate irundarrak ere gogotik lan egin beharko du igandean. Espainiako selekzioarekin ariko da Garate, eta bera baino askoz txirrindulari indartsuagoak daude taldean: Oscar Freire, Alejandro Valverde, Alberto Contador, Samuel Sanchez, Joaquin Rodriguez... 15. amaitu du irundarrak Espainiako Vuelta, eta, Rabobankera joan aurretik, azken ahalegina egiteko prest dago. Freirek hiru aldiz irabazia du Munduko Txapelketa, eta tropelean jarraitzen dutenen artean lau txapelketa irabazi dituen bakarra izan daiteke. Balentria handia, ezbairik gabe.

Baina ez du lan erraza izango. Espainiako selekzioak oso kontrol zorrotza egin beharko dio Italiakoari, oilarrez josita baitago etxeko selekzioa. Bettini da faborito argia; erabat kontzentratuta dago, baina taldekideen izen zerrenda ere ez da makala: Davide Rebellin, Damiano Cunego, Alessandro Ballan... Dinamita handia dago italiarren artean, nahiz eta izen handiko beste txirrindulari asko ere izango dituzten ondoan.

Luxenburgoko selekzioarekin ariko dira, esaterako, Frank eta Andy Schleck anaiak eta Kim Kirchen; Belgikako selekzioarekin Phillippe Gilbert eta Tom Boonen; Alemaniako selekzioarekin Erik Zabel, Markus Fothen, Stephan Schumacher, Sebastian Lang eta Fabian Wegmann... Baina Varesen izango dira, era berean, Robbie McEwen eta Michael Rogers (Australia), Sylvain Chavanel (Frantzia), Robert Gesink eta Karsten Kroon (Herbehereak), Vladimir Efimkin, Alexandr Kolobnev eta Vladimir Karpets (Errusia), Levi Leipheimer (AEB), Roman Kreuziger (Txekiar Errepublika), Yaroslav Popovitx (Ukraina)...

Goi mailako parte-hartzaileak eta zirkuitu gogorra, 260 kilometrokoa. Urre gosez dagoenak ederki sufritu beharko du.



Egutegia

Eguna Proba Ordua Kilometroak Euskal herritarrak

Gaur Erlojupekoa (emakumezkoak) 14:0025,15 Eneritz Iturriagaetxebarria

Bihar Erlojupekoa (gizonezkoak) 13:00 40,7

Etzi Errepidekoa (23 urtez azpikoak) 12:00173Jonathan Castroviejo

Larunbata Errepidekoa (emakumezkoak) 13:00138Josune Murillo-E. Iturriaga.

Igandea Errepidekoa (gizonezkoak)10:30260Juanma Garate





Bost urteko lehortea, dagoeneko, euskal txirrindulariek

Igor Astarloak 2003an Hamiltonen (Kanada) Munduko Txapelketako errepideko proba irabazi zuenetik, euskal txirrindulari bakar batek ere ez du lortu dominarik. Aurretik, 1995a izan zen urterik oparoena. Urte hartan, Duitaman (Kolonbia), Abraham Olanok lortu zuen urrea eta Miguel Indurainek zilarra. Indurainek berak 1993an zilarra (Oslon, Norvegian) eta 1991n brontzea (Stuttgarten, Alemanian) irabazi zituen, errepideko proban.

Erlojupekoan, berriz, Igor Gonzalez de Galdeanok lortu zuen azken domina, 2002an, Zolderren (Belgika). Brontzezko domina irabazi zuen. Aurretik, Olanok urrea irabazi zuen 1998an, Valkemburgen (Herbehereak), eta, errepideko proban gertatu bezala, 1995ekoa izan zen urterik oparoena, Indurainek urrea irabazi baitzuen erlojupekoan eta Olanok zilarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.