Larunbatean ofizialki hasi zirenetik etengabea izan da proba sorta Olinpiar Jokoetan, bai euskal kirolariena baina baita nazioarteko zenbait izarrena ere. Urrezko dominak, urrea baino gehiago balio dutenak, errekorrak eta sorpresak izan dira protagonista lehen bi egunetan.
Sorpresa Juan Martin del Potro tenislari argentinarrak eman du. Novak Djokovic munduko tenislarien zerrendako onena izatearen ohorearekin heldu da Riora, baina argentinarrak lehen partidan kanporatu du serbiarra. Izango da zer ikusia tenisean oraindik: Del Potroz gain, Rafael Nadalek eta Andy Murrayk aurrera jarraitu dute.
Bero eta gehiago mito bilakatzen ari dena, berriz, Michael Phelps igerilaria da. Olinpiar Jokoetan domina gehien irabazi duen kirolariak bere 23. domina irabazi du 4x100 metrokoan; urrezko hemeretzigarrena. Antzeko bidetik doa Katie Ledecky ere: 400 metroko estilo librean urrezko domina irabazi du, munduko errekorra hautsita, gainera. 19 urte baino ez ditu, eta, igandean eginiko denborarekin, historiako lehen emakumea da 3:57tik beherako denbora egiten duena.
Horrela birrintzen da munduko marka bat. Katie Ledeckyren azken 100 metroak @berria#berriarion@katieledeckypic.twitter.com/j6UGEg5fpw
— Enekoitz Telleria (@EnekoitzTelle) 2016(e)ko abuztuak 8
Igeriketan, Adam Peatyrena da nabarmendu beharreko beste izen bat. Britainiarrak urrezko domina lortu du bular igeriketako 100 metrokoan, hark ere munduko errekorra gainditurik. 22 urterekin, munduko eta Europako txapelduna da Peaty.
Urreak berak baino zapore gozoagoa dute zenbait dominak. Esaterako, Majlinda Kelmendi Kosovoko judokak lortutako urrezko dominak: lehen aldia da Kosovok Olinpiar Jokoetan parte hartzen duena, eta Kelmendik lortutakoa da herrialde horren aurreneko domina.