Urrun dago ligako titulua, baina...

Gaur hasiko da Superligako bigarren fasea, eta Reala eta Athletic liga irabazteko lehian murgilduko dira, beste sei talderekin bateraKopa buruan dutela, Lagunak eta Eibar maila ez galtzen saiatuko dira, B eta C multzoetan

Realak eta Athleticek Superligako lehen fasean, azaroaren 28an, Zubietan jokatutako derbia; irudian, Maialen Zelaia Realekoa eta Aitziber Juaristi Tzibi Athleticekoa, lehian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
«Espanyolek eta Rayo Vallecanok hutsen bat egiten badute, zergatik ez?». Pentsamendu hori buruan dutela ekingo diote gaur Realak eta Athleticek Superligako bigarren faseari, titulurako borrokari. Lehen fasea amaituta, hiru multzoetako zortzi talderik onenak sartu dira titulurako lehian, eta tartean dira Reala eta Athletic. Gaur hasi eta apirilaren 17an amaituko da bigarren ligaxka, eta lehen multzoko lehen bi sailkatuek jokatuko dute finala, bi partidakoa. Behin liga amaituta, gainerakoek Espainiako Kopa jokatuko dute, final-zortzirenetan hasita —finala jokatuko duten bi taldeek final-laurdenetan ekingo diote Kopari—.

B eta C multzoetako lehen hiru sailkatuek ere jokatuko dute Kopa, eta, hain zuzen ere, multzo bakoitzean lehen hiru postu horietako bat lortzen saiatuko dira Lagunak eta Eibar. C multzoan ariko dira nafarrak, eta B multzoan gipuzkoarrak. Azken horien kasuan, ordea, ez jaistea izango da erronka. Horretarako, lau talde utzi beharko dituzte atzetik, eta ez da lan erraza izango. Izan ere, B multzoko azken lau taldeak nazional mailara jaitsiko dira, baita C multzoko azken hirurak ere. Datorren denboraldian Superligan hemezortzi taldeko multzo bakarra osatzea da jaitsiera horien zergatia —lehen multzoan dauden zortzi taldeek, B eta C multzoetako lehen laurek, eta nazional mailatik igoko diren bi taldek osatuko dute Superliga 2011-2012 denboraldian—. Eibarrentzat, handia litzateke mailari eustea, eta Lagunak-entzat, logikoa.

Realak Rayo Vallecano egungo txapeldunaren aurka ekingo dio bigarren faseari, 12:00etan, Zubietan; eta Athleticek Prainsa Zaragoza lehen fasean multzokide izan zuen taldearen aurka jokatuko du, ordu berean, Lezamako instalazioetan —Eibarrek Reocinen aurka jokatuko du, 12:00etan, Unben; eta Lagunak-ek Levanteren etxean, 11:00etan—.

Helburuak zehazten hasita, Bilbo aldean baino lasaiago daude Donostian. Larraitz Lucas kapitainaren esanak entzunda bai, behintzat. «Bigarren fase honetan sartzea zen gure helburua. Hortik aurrera etor zitekeenari aterik itxi gabe, baina titulurako lehian sartzea eta, ondoren, Kopa jokatzea zen denboraldi hasierako helburua». Eta lortu dute. Izan ere, Realak, Superligako lehen fasean bikain jokatuta, atzean utzi ditu aurkari guztiak. Baita Athletic bera ere —puntu kopuru berberarekin—. Hori bai, hiru jokalari falta izan ditu Gabonetan, eta, hamazazpi jokalarirekin, larri samar ibil daiteke. Pare bat jokalari fitxatu nahian dabil taldea.

Alberto Berasaluze Athleticeko entrenatzailearen esanetan, eurek ez daukate helburu argi-argirik, baina estu hartu nahiko lituzkete Espanyol eta Rayo Vallecano. «Partidaz partida joan nahi dugu, baina talde indartsua izan behar dugu, etxean bereziki, sailkapenaren goiko aldean kokatzeko. Etxetik kanpo, berriz, aurreko denboraldi amaierako itxura berreskuratu nahi dugu; talde landua, hutsegite gutxi egiten dituena...». Aurreko denboraldian hirugarren postuan amaitu zuen Athleticek bigarren fasea. «Eta zaila da beste pauso bat ematea, oraintxe bertan Espanyol eta Rayo Vallecano besteak baino koska bat gorago daudelako. Baina Bartzelonarekin batera, hor goian egon daitezkeen taldeetako bat da gurea».

Kopari ez diote begiratu nahi

Bigarren fasea «saria» dela esan arren, Realaren aldagelan jarri dute helburu zehatz bat: «Lehen bosten artean sartzea». Lehen fasea aztertuta, Athleticen eta Prainsa Zaragozaren gainetik ibili da Reala, eta Sant Gabriel ere, berez, ez da txuri-urdinak baino hobea. «Baina ez zaie begiratu behar Prainsa Zaragoza, Athletic eta Sant Gabrieli bakarrik. Beste partida batzuk ere irabazi behar dira zerbait lortzeko. Athleticek badaki liga hau zer den, Prainsa bigarren fasean poliki ibili zen aurreko sasoian, eta Sant Gabrielek, sortu berria izan arren, fitxaketa onak egin ditu. Hala ere, zaila da, baina zergatik ez?». Ligako lanak amaituta, gainera, Kopan ere «zerbait» egin nahiko lukete donostiarrek. «Finalerdietan edo finalean sartu nahiko genuke. Baina oraindik asko geratzen da maiatzerako».

Berasaluzek ere horixe esan du, «oso urrun» dagoela Kopa. «Eta ezin gara horretan pentsatzen hasi». Gaur Prainsari irabaztea «ezinbestekoa» dela dio Berasaluzek. «Ondoren bi partida baitauzkagu etxetik kanpo; horietako bat, Espanyolen aurka. Lucasentzat, berriz, «oso ona» litzateke Rayo Vallecanoren aurka «ez galtzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.