«Mallorcarentzat nahitaez irabazi beharreko partida da, baina guretzat ere bai». Hitz horiekin laburbildu zuen herenegun Marcelo Bielsak Athleticek gaur zer duen jokoan San Mamesen. Mundu guztiak daki zer den: irabazteak erabateko lasaitasuna emango lieke zuri-gorriei; berdintzea aurrerapausoa litzateke, baina ez luke amaituko sufrikarioa; eta galtzeak, berriz, argi gorria piztuko luke. Sekulako aldea irabazi edo galdu.
Maila ziurtatzeko pauso bat baino ez zaio falta Athletici. Lau aukera ditu horretarako, eta lehenago edo geroago lortuko duela dirudi. Izan ere, amildegia gertu egon arren, azken bi hilabeteotan gutxienez sei-zazpi punturen aldea izan du Athleticek jaitsierako postuetan dauden taldeekiko. Larri-larri ez da sekula egon. Gehiago izan da zuloan sartzeko beldurra, benetan atzetik dauden taldeek estutu dutena baino. Baina futbolean sekula ez dago jakiterik. Beraz, ez da komeni lo hartzea.
Jakinekoa da Athletici irabaztea asko kostatzen zaiola. Batez beste hiru partidatik bat irabazten du ligan, Bielsak talde zuri-gorriaren ardura hartu zuenetik. Horren arrazoiak makina bat aldiz errepikatu dira: Athleticek bi areatan izan dituen gabezian ondorioa izan da. Hain zuzen, 34 jardunalditan 60 gol sartu dizkioten talde batek ezin ditu ezkutatu defentsan izan dituen arazoak. Erasoan, berriz, sartutako gol bakoitzeko dozena erdi aukera garbi sortu ditu; ez da talde eraginkorra izan. Beraz, normala da sailkapenean gora begira egon beharrean behera begira egotea.
Hala ere, talde gutxi ibiliko dira sufritzen Athleticek erakutsi duen sormena dutenen artean. Talde zuri-gorriak ondo jokatzen baitu futbolean. Bielsak ez dio uko egin bere pentsamoldeari, eta egoerarik zailenean ere joko osoa egiten ahalegindu da, nahiz eta ez duen orekarik lortu. Mailari eusteko talde gehienek defentsan aurkitzen dute salbaziorako giltza. Askotan hori baino ez dute egiten: atzean sartu eta sufritu. Ez baita erraza gauzak ondo ateratzen ez direnean konfiantzarekin aritzea. Talde batzuek aurrera egiten dute, eta beste batzuek ez.
Athleticek bestelako bidea aukeratu du. Sasoirik latzenetan ere aurreko sasoian arrakasta eman zion joko sistemaren eta jokalarien alde egin du entrenatzaile argentinarrak. Ezin daiteke esan emaitzak onak izan direnik, baina Athletici astero-astero kasu egin dionak badaki ereindakoa jasotakoa baino askoz ugariagoa izan dela. Azken hilabete eta erdia da horren adibiderik garbiena.Jokatutako azken bost norgehiagoketan hiru puntu batu ditu, baina gutxienez beste horrenbeste irabazteko jokoa erakutsi du. Deportivo eta Celtaren aurkako neurketak, esate baterako, erraz irabazi beharrekoak izan ziren.
Aldaketa bakarra taldean
Horregatik, Bielsak orain arte aldatzeko arrazoirik izan ez badu, ez da orain aldaketak egiten hasiko. Mallorcahil edo bizi zelairatuko da, eta hura mendean hartzeko aldaketa bakarra egingo du hamaikakoan: Herrera ariko da Iturrasperen partez. Gainerakoak ohikoak izango dira, baina denboraldian erakutsi duten baino argitasun handiagoz: Muniain, De Marcos, Susaeta, Aurtenetxe eta enparauak orain ari dira euren onenera gerturatzen. Berandu da, baina taldea eskertzen ari da haien ekarpena.
Urrundu edo gerturatu
Athleticek Mallorcari irabazi nahi dio gaur, salbazioa ia bermatzeko; galduz gero, gertu legoke jaitsieraren arriskua

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu