Urrunekoak beti du xarma. Arrotza bitxia da. Ez da gauza bera etxe alboan erositakoa edo zeru mugaz haratago ekarritakoa. Edo ohiko mugetatik at datorrena. Futbolean ere logikaren eta tradizioaren mugak hautsi dira, diruak hautsi ditu, urruneko sosa gero eta ohikoagoa baita Europa zaharreko taldeen bulegoetan. Ingalaterran, 2000ko hamarkadan hasi ziren Arabia aldeko petrodolarrak eta AEBetako enpresarien akzio erosketak, taldeak burtsan sartu zirenean. Atzerriko jabeak iritsi ziren Manchester United, Chelsea, Arsenal,eta Liverpool taldeen bulegoetara. Sasoi honetan joera Espainiako Ligako bi talde apaletara iritsi da.
Dirudunen botere nahi itsu eta duda-mudazko negozio ikusmiraren tartekoak dira erosketak, eta zor handidun taldeak helburua, eta halako asko daude Espainian —Atletico Madrilek 300 milioi zor ditu eta Valentziak 500, esaterako—. Denboraldi hasieran Abdulla Bin Nasser Al Thani Qatarko xekeak Espainiako Ligako Malaga erosi zuen, 36 milioi euroko diru sarrera eginez. Jabe berriak 14 milioi euroko zorrak kitatu zuen Espainiako ogasunarekin, eta gero 22 milioi jarri zituen taldea indartzeko. Zaleak ilusionatu zituen era berean. Neguko merkatuan Baptista, Demichelis, Maresca eta Asenjo jokalari ezagunak fitxatu zituen, baina oraindik ez du lortu taldea jaitsiera postuetatik ateratzea.
Santanderko Racingek ere jabe berria du, Ahsan Ali Sied enpresari indiarra. Urtero bere enpresek 6.900 milioi euro fakturatzen dituzte, eta urtarrilean Racingen zorrak kitatu zituen. Ingalaterrako Ligako Blackburn Rovers erosten saiatu zen lehenbizi, baina ez zioten baimenik eman bere enpresa bateko arazo legalak zirela-eta. Racingera 50 milioi eurorekin iritsi dela esan du, eta dagoeneko ordaindu ditu taldeak ogasunari zor zizkion zazpi milioi euroak. Jokalari gehienei ere ordaindu die taldeak zor diena, eta aurreko sasoietako zorrak kitatzea falta zaio. Azken egunetan, baina, enpresariaren inguruko hainbat albiste argitaratu dira, eta 70 milioi eurotik gorako iruzurrak leporatzen dizkiote Australian eta Malaysian, eta taldeko bulegoetako giroa gaiztotu egin da.
Bi erosketa horiek Espainiako Ligan zeresan handia eman dute, baina Ingalaterrakoak oso ohikoak dira. Premier League-ko hogei taldeetatik hamabik atzerriko jabeak dituzte. Hor, baina, bi perfil banandu behar dira: talde kutuna puztu nahi duten mezenasak, eta dirua inbertitu nahi duten enpresari multzoak; azken horiek, ia beti, AEBetatik iritsitakoak. Ingalaterrako taldeen artean jaberik ezagunena Roman Abramovitx da: Chelsea indartzeko azken zortzi urteetan 875 milioi euro inbertitu ditu, eta, trukean, hiru liga irabazi. Aberatsena, baina, Lakshmi Mittal indiarra da, Queens Park Rangersen jabea. Forbes aldizkariaren arabera, 20.000 milioi euroko dirutza lortu du altzairuaren sektorean. Euskal Herrian ere hainbat fundizio ditu, Arcelor-Mittal enpresa fusiokoak.
Bigarren aberatsena Sulaiman Al Fahid Manchester Cityren jabea da, Abu Dhabiko inbertsio talde bateko burua, eta 16.500 milioi euroko dirutza du. Azken bi sasoietan 200 milioi euro inbertitu ditu taldean, eta egun Txapeldunen Ligarako sailkatzeko postuetan dago. Horiez gain, Alisher Usmanov enpresari errusiarra (1.414 milioi) Arsenalen jabea da; Glazer familia estatu batuarra (1.196 milioi) Manchester Unitedena; Daniel Levy enpresari judua Tottenhamena; Mohamed Al-Fayed Harrods biltegien jabea, Fulhamena; John W. Henry enpresari estatubatuarra Liverpoolena…
Dena ez da pagotxa, halere. Eggert Magnusson enpresari islandiarrak West Ham United taldea erosi zuen 2006an 98 milioi euroren truke, baina urtebetez bakarrik egon zen agintean, eta taldea Landbanski Islandiako bigarren banku handienaren esku gelditu zen. Bankuak porrot egin, eta gobernuak hartu zuen kontrola. Bi urtez kolokan egon ondoren, pornografiaren industrian aberasturiko bi enpresari ingelesek salbatu zuten taldea, eta telebista aurkezle ezagun bat jarri zuten presidente postuan.
Italian, familiak
Jabe atzerritarrak Ingalaterran eta Espainian zabaldu badira, Italian ere talde gehienak esku pribatuetan daude, baina bertakoak dira. Kasu askotan familiak dira, eta belaunaldiz belaunaldi aldatzen doa jabea. Silvio Berlusconi Italiako presidentea eta hainbat telebistaren jabea, era berean, Milanen jabea da. Agnelli sendiak, besteak beste, FIAT etxearen (Iveco, Ferrari, Alfa Romeo…) %30 du, eta baita Turingo Juventus taldea ere. Massimo Moratti petrolio sektoreko enpresariak bere aita Angelorengandik jaso zuen Milango Inter. Azkenik, Sensi familiak, azken hamazazpi urteetan Erromaren jabea izandakoa, iaz taldea salgai jarri zuen euren enpresek zituzten zergengatik. Aurretik, 2008an, 283 milioi euroko eskaintza bati ezetz esan zion.
Europako liga indartsuetatik kanpo badaude mezenasak ere, eta Xaktar Donetsk Ukrainako taldea da kasurik ezagunena. Rinar Atmejov enpresari ukrainarrak taldea erosi eta Txapeldunen Ligako final-laurdenetara eraman du Brasilgo jokalari andana fitxatuz. Krisiak, baina, gogor astindu du Atmejov, eta bere dirutza 22.000 milioi eurotik 6.500era gutxitu da bi urtean. Beste kasu batzuk dira Pramod Mittalek, Lakshmiren anai gazteak, Sofiako CSKA erosi zuenekoa, edo Vladimir Romanov enpresari errusiarrak Edinburgoko Hearts bereganatu izana.
Zentzua ere badago
Frantzian eta Alemanian zailagoa da halako mugimenduak egotea. Bundesligan '50+1' delako legea dute, eta horren arabera taldeen akzioen erdia gehi bat egon behar da gutxienez bazkideen esku. Hala, enpresari batek ezin du taldea kontrolatu. Dena den, egon da mezenasik: Dietmar Hoppen kasua da, Hoffenheim taldeko jokalari ohia, eta taldea diruz lagunduz Hirugarren Mailatik titulurako borrokara eraman du. 20 milioi euro inbertitu ditu, eta 40.000 ikuslerentzako estadioa eraiki. Halere, bere estiloak zerikusi gutxi du Abramovitxenarekin, fitxaketetan beharrean taldearen egitura sendotzen inbertitu baitu. Dena den, taldeak erosi gabe, dirua iritsi da ligara, babesleen eskutik. Bayer eta Volkswagen etxeek taldeak babesten dituzte, eta Gazpromek 25 milioi euro ematen dizkio urtean Schalke 04ri.
Liga historikoen artean apalena, arlo ekonomikoari dagokionez, Frantziakoa da. Jabe dirudunak badaude, Margarita Dreyfus eta Marseillako Olympique kasu, baina ligak ez die taldeei nahi beste diru inbertitzen uzten, eta hori muga bat da taldea jostailu moduan erabiltzeko. Ligak Kudeaketaren Kontrol Zuzendaritza Nazionala (DNGC) bulegoa du, eta taldeek hurrengo sasoirako kontuak aurkeztu behar dizkiote. DNGCaren oniritzik gabe ezin dute inolako mugimendu ekonomikorik egin. DNGCa oso zorrotza da bere jardunean, eta hainbat taldek maila galdu dute arazo ekonomikoen erruz. 2003an, adibidez, AS Monako txapeldunordea Bigarren Mailara bidali zuen 80 milioi euro zor zituelako, eta azken orduko abal batek salbatu zuen.
Kirola. Futbol taldeen jabe dirudunak
Urruneko gutiziak
Asia, Errusia edota AEBetako enpresariak Europako puntako futbol taldeak erosten hasi dira berriz. Orain arte Ingalaterrako Ligan ohikoa zena Espainiakora hedatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu