Inocencio Alonso ertzaina furgonetatik jaisten ari zenean sentitu zen gaizki, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren arabera, baina bestelako bertsioa dute sindikatuek. ERNEk salatu du hil zenean hamahiru ordu zeramatzala lanean, eta Esanek salatu du "Herri Norteko erradikalen kontrako kargan ari zirela" eman ziola ondoezak. Gainera, Herri Norte Taldeko (HNT) kideei istiluetarako materiala atzeman zietela azpimarratu dute.
Sindikatuek HNT jo puntuan jarri duten arren, haren kontrako neurririk hartzeko asmorik ez duela esan du Josu Urrutia Athleticeko presidenteak. Atzoko istiluak gogor salatu ditu, baina beroaldian ez duela erabakirik hartuko gaineratu du. Hori bai, klubeko bazkideren batek "jarrera desegokiak" izan dituela frogatzen bada, haren kontrako neurriak hartuko dituela ohartarazi du.
AEM: "Antifaxistek kaleak herriarentzat berreskuratzeko lana egin dute"
Amnistiaren aldeko eta errepresioaren kontrako mugimenduak (AEM) oharra bidali du komunikabideetara, gertaeren aurrean. "Herri Norte Taldearen kriminalizazioa" salatu dute, eta nabarmendu dute "onartezina" dela faxisten eta antifaxisten arteko konparazioa. Jarduera antifaxista "guztiz beharrezkoa" dela uste dute, eta haiek Bilbon egindakoa txalotu egin dute.
"Egunetan zehar liskarrak sortu eta gehiegikeriak gauzatu dituztenak naziak izan diren arren", atxilotuetako bost "antifaxistak" direla salatu dute, eta haiek aske uzteko eskatu.
Indarkeriaren inguruko irakurketa "aseptiko eta distantziakidea" izaten ari dela salatu du AEMk, "faxismoarekiko duten permisibitatea eta antifaxismoarekiko duten erasokortasuna ezkutatzen dira benetan".