Urrutikoetxeak eta Beroizek ez dute atzean gelditu nahi

Bengoetxea VI.a eta Beginori irabazi diete 16-8 eta 21-17 galduz joan ondoren, eta pauso handi bat eman dute

Imanol Magro Eizmendi.
2014ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Urrutikoetxeak eta Beroizek txapelketa partida petoa irabazi zuten atzo Tolosan. 22-21 nagusitu zitzaizkien Bengoetxea VI.a eta Beginori —Zabalaren ordez— 16-8 eta 21-17 galduz joan ondoren.Puntuak balio bikoitza du, aurkariekin berdinduta zeudelako, eta orain aurrea hartu diete. Irabazleak bosgarren dira sailkapenean, eta bete-betean sartu dira finalerdietarako lehian.

Partida lehiatua izan zen, eta ez zitzaion polemikarik falta izan. Bengoetxea VI.a eta Beroiz 21-20 irabazten ari zirenean, Beginok laugarren koadrotik pilotakada argia jotzeko aukera izan zuen, eta Beroiz gurutzatu egin zitzaion. Pilota ez zuenez jo, epaileak buelta eman zuen, eta azken txanpan eragina izan zuen. Ez zen erabaki erraza. Ordurako, dena den, irabazleek abiada hartua zuten, azken bost tantoak jarraian egin baitzituzten. Azkenekoa paretan ondo bihurritua.

Partidak bi zati izan zituen. Bengoetxea VI.ak eta Beginok lehen erdia kontrolatu zuten, 16-8 aurreratzeraino, baina ez zituzten lanak bukatu. Hala azaldu zuen Bengoetxeak berak partidaren ondoren: «Eurek asko gogortu dute partida. Urrutikoetxeak asko ematen dio, eta Beroiz harri puska bat da, eutsi eta eutsi. Eskuak pixka bat mindu zaizkit, eta nekea sumatu dugu».

Azken txanpan Urrutikoetxea agertu zen. Zaratamoko aurrelariak amaiera ikusgarria egin zuen. Hark bukatu zuen freskoen, eta aurkariak behartu zituzten. Hutsak eragin zituen, eta baita tantoak lortu ere, guztira bederatzi. Beginok lan txukuna egin zuen, baina leher eginda bukatu zuen. Bengoetxea eta Beginok hogeita bigarren tantoa gertu izan zuten, atzelariaren eskapada eta aurrelariarekin dejada zehatz banarekin. Aurrenekoa Urrutikoetxeak altxatu zuen (21-20), eta besteak txapa jo zuen (21-21).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.