Etzi hastekoa dute Aimar Olaizolak Mikel Urrutikoetxeak Binakako Txapelketaren finalerdietako ligaxka, Unai Laso eta Jon Ander Albisuren aurkako partidarekin, Bilboko Bizkaia pilotalekuan (17:00, ETB1). Hala ere, Urrutikoetxeak ez du jokatuko, min baitu ezker eskuan. Pilota aukeraketan parte hartu zuen atzo, eta "hobeto" zegoela erran bazuen ere, ez jokatzea erabaki du. Aitor Aranguren aginagarrak ordezkatuko du Urrutikoetxea.
Arangurenek txapelketa honetan jokatuko duen hirugarren partida izanen da, lehenbiziko ligaxkan bi jokatu baitzituen. Horietako batean, hain zuzen, Urrutikoetxea beraren ordez aritu zen, Olaizola II.arekin —hamabigarren jardunaldian, 17-22 galdu zuten Erik Jaka eta Jose Javier Zabaleta liderren aurka—. Hamahirugarren jardunaldian, berriz, Ander Imazen ordez jokatu zuen Iñaki Artolarekin, Jokin Altunaren eta Ladis Galarzaren aurka —8-22 irabazi zuten—.
Urrutikoetxeari dagokionez, berriz, jokatuko ez duen laugarren partida izanen da, lehenbiziko ligaxkako laugarren eta bortzgarren jardunaldietan ere Andoni Aretxabaletak jokatu baitzuen haren ordez, lesionatu egin zelako.
Bihar hasiko dute finalerdietako ligaxka, Joseba Ezkurdiak eta Julen Martijak Jaka-Zabaletaren aurka jokatuko duten norgehiagokarekin, Iruñeko Labriten (18:00, ETB1).