Joseba Ezkurdia eta Mikel Urrutikoetxea prest daude igandean Lau eta erdiko Txapelketako finalaurrekoa jokatzeko. Ezkurdiak ez du bere burua faborito ikusi nahi izan, nahiz eta gehienek hala jo. Esan du Urrutikoetxea pilotari osoa dela, dena ondo egiten dutenetakoa. Urrutikoetxeak Ezkurdia ikusten du aukera gehiagorekin, baina esan du partidaren erritmoa kontrolatzen ahaleginduko dela. Gaur goizean material aukeraketa egin dute Bilboko Bizkaia frontoian.
Biak ere pozik daude iganderako aukeratutako materialarekin. Ezkurdiak esan du bereak indartsuak direla, beti hautatu ohi dituen modukoak. Laurak ere behetik ibiltzen direnetakoak direla esan du Urrutikoetxeak; Ezkurdiaren bat bizixeagoa iruditu zaio.
Behin bakarrik jokatu dute elkarren aurka Lau eta erdiko Txapelketan. Iaz izan zen, final-laurdenetako ligaxkan, Bilbon, eta Urrutikoetxea nagusitu zen: 22-14. Urrutikoetxeak ez du uste bi partidak alderatzeko modukoak direnik. "Orduan eta orain ez gaude egoera fisiko berean". Urrutikoetxeak hiru hilabete egin ditu ariketa fisikorik egin ezinik. Bien bitartean Ezkurdia "partida onak" jokatzen ibili dela azpimarratu du. Hala ere, final-laurdenetako ligaxkan gustura ibili dela esan du, nahiz eta Retegi Biren aurkakoan motelago sentitu zen.
Atzo goizean, Oinatz Bengoetxeak eta Jokin Altunak aukeratu zituzten Labriten (Iruñea) lehen finalerdirako pilotak.