Edu Etxeberria. Munduko txapelduna kayak surfean

«Urte guztian egiten dugu lan gogorra, eta orain, saria jaso dugu»

Euskal selekzioa laugarren aldiz izan berri da munduko txapeldun kayak surfean. Edu Etxeberria nabarmendu da txapelketan: urrezko bi domina, zilarrezko bat eta olatu onenaren saria irabazi ditu.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2015eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Kayak surfeko euskal selekzioa aurrena izan da Pantinen (Galizia) jokatu berri den Munduko Txapelketan. Hamabost domina irabazi ditu guztira: urrezko, zilarrezko eta brontzezko bosna domina. Etxera iritsi berritan, Edu Etxeberria (Donostia, 1973) egunerokoan murgildu da. Donostiako Klub Nautikoak antolatutako ikastaroetan haurrei kayak surfaren harra sartu nahian dabil.

Euskal selekzioak emaitza onak lortu ditu Galizian. Nola sentitzen zarete?

Egindako lan guztiaren emaitza da hau. Urte guztian egiten dugu lan gogorra, askotan ez eskertzekoa, eta orain, saria jaso dugu.

Hiru domina eta olatu onenaren saria irabazi dituzu zuk.

Ez naiz berria mundu honetan, eta ez dit lehen aldiz irabaztean adina ilusioa egin. Hala ere, txapelketa bikaina atera zait, aurreneko egunetan olatu onak izan genituen, eta horrela errazagoa da. Inoiz baino puntuazio altuagoak jaso ditut. Azken egunetan, olatuak aldatu, eta tentsio handiko txandak jokatu genituen.

Juniorretan, bi modalitatetan gailendu dira euskal kirolariak. Gazteak indartsu datoz?

Egia esan, txapelketa hasi aurretik apustu egitekotan, junior baten garaipenaren alde egingo nuen. Azken egunetan batzuen maila jaitsi egin da, baina nabari da oso indartsu datozela.

Emakumezkoak ere ongi aritu dira.

Neskak oso ongi ibili dira, nahiz eta ingelesaren [Tasmin Green] itzalpean geratu. Greenek urte asko daramatza lehiatzen, eta esperientzia handia du. Selekzioko neskek ere lortuko dituzte horrelako emaitzak.

Zuen selekzioa ofiziala da. Zer sentitzen da?

Oso pozik gaude, horrela sentitzen gara eta zortea dugu euskal herritar gisa nazioarteko txapelketa ofizialetan aritzeko aukera izanda. Beti izaten dugu beldurra zer gertatuko den, baina selekzioek egindako elkartea pribatua da. Eskoziak, Galesek, AEBek eta guk osatzen dugu elkartea, besteak beste,eta nahiko inplikatuta gaude. Hala jarraitzea espero dugu.

Diru laguntzarik baduzue?

Bai, erakunde publikoek laguntza ematen digute, eta saiatzen gara munduko txapelketetarako babesleak lortzen. Diru laguntzak biltzen ditugu, baina urte osoan familiak laguntzen digu gehien. Donostiako Klub Nautikoa ere laguntzaile dugu, urte osoan bertan entrenatzen baikara.

Ekonomikoki esfortzu handia eskatzen du?

Aspalditik gabiltza honetan eta ez dugu material asko behar. Gazteei klubak laguntzen die, piraguekin eta, baina pixkanaka bakoitzak bere materiala erosten du. Garestiena probetara joatea da.

Kayak surfa nahiko ezezaguna da oraindik. Bi hitzetan definitzeko?

Erraza da: piragua eta olatuak. Edozein piraguak balio du. Goi mailetan, surfean bezala, gila etakantoi zorrotzeko piraguak erabiltzen dira. Horrela, maniobra konplexuak egin daitezke.

Nondik du gehiago, surfetik ala piraguismotik?

Nik surfetik esango nuke, piragua eta palarekin mugitzen bagara ere, olatuez gozatzen dugu.

Errekan hasi arren, itsasoan zabiltza. Nolakoa izan da zure ibilbidea?

Orain, atzera begiratuta oso luzea. 10 urterekin hasi nintzen; pixkanaka saltsan sartu, eta modalitate askotan ibili naiz. Ez nuke jakingo bat aukeratzen.

Nola iritsi zinen kayak surfera?

2005ean Costa Ricako Munduko Txapelketan izan ginen, eta bosgarren sailkatu nintzen. Motibatu egin ginen, eta Donostian egiteko moduko kirola iruditu zitzaigun. Materiala hartu eta errekara joatea baina errazagoa da hondartzan aritzea.

Entrenamendu berezirik egiten da kayak surfean?

Teknika eta psikologia uztartzen dira. Olatuetan entrenatzen gara, baina estrategia ere garrantzitsua da, olatuak aukeratzen jakin behar baita.

Euskal kosta ona da kayak surferako?

Bikaina. Hemengo hondartza eta baldintzak oso onak dira.

Eta euskal kostaldetik kanpo?

Kalifornia ohiko erantzuna da, baina nik gustuko dut Galizia. Orientazio desberdineko olatuak daude.

2017ko Ipar Irlandako Munduko Txapelketan izango zara?

Ziurrenik bai. Entrenatzaile moduan joango naiz, baina ez dakit parte hartuko dudan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.