Urtebeteren ostean, bakea

Epaitegietatik kanpoko akordio bati esker, haien arteko auzia bideratu, eta berriz elkarren aurka aritzeko bidea zabaldu dute Magnus Carlsen eta Hans Niemann xake jokalariek.

Magnus Carlsen eta Hans Niemann xake jokalariak, pentsakor, partida batean. ALI HAIDER-MICHAEL THOMAS / EFE.
Josu Tornay.
2023ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Iazko irailean, Sinquefield Cup txapelketan, Magnus Carlsenek 19 urteko Hans Niemann estatubatuarraren kontra galdu zuen. Norvegiarrak 53 partida ofizial zeramatzan jarraian galdu gabe, eta pieza zuriekin munduko 40. sailkatuaren kontra galtzea ezustekoa izan zen. Hurrengo egunean, Carlsen torneotik erretiratu zen, eta iruzur baten biktima izan zela iradoki zuen Twitterren.

Antolatzaileek neurriak zorroztu zituzten, baina torneoko epaileak esan zuen iruzur zantzurik ez zegoela. Adituen esanetan ere, ez zen ordenagailuaren joko patroirik igartzen Niemannen aldetik. Ezarritako segurtasun neurriekin, ez zuten posible ikusten Niemannek gailu elektroniko bat erabiltzea, edo kanpoko mezurik jasotzea. Baina gertaera hark soka luzea ekarri zuen. Besteak beste, Carlsenek uko egin zion Niemannen kontra jokatzeari; eta estatubatuarrak salaketa jarri zuen Carlsenen kontra. Urtebeteren ostean, badirudi konponbide batera ailegatu direla, eta, suertatuz gero, berriro ere elkarren kontra jokatuko dutela.

Niemannek onartu zuen iraganean, 12 urte zituela, Internet bidezko partidetan iruzur egin zuela, baina sekula ez partida ofizial presentzialetan. Egia da azken urteotan estatubatuarrak izugarri egin zuela gora munduko zerrendan. Horrek, eta aipatutako onarpenak, jokalarien susmoa zabaldu zuen. Haren partida batzuetan, gainera, zehaztapen maila ikusten zen, kasu batzuetan historiako onenen gainetik.

Handik bi astera, Carlsenek Niemannen kontra jokatu behar izan zuen berriro, Julius Baer Generation Cup txapelketan. Baina bigarren mugimenduan, ezustean, norvegiarra errenditu, eta joan egin zen. Carlsenen kirolez kontrako portaera hark kritika gogorrak jaso zituen. Horren aurrean, egun batzuk geroago komunikatu bat argitaratu zuen, Niemannen iruzurrari buruzko bere susmoak azalduz. Baina berriro ere frogarik aurkeztu gabe. Norvegiarrak adierazi zuen ez zuela berriro ere Niemannen kontra jokatuko. Nakamura maisu handi eta xakeko youtuber ezagunak ere iruzur susmoa zabaldu zuen, eta Chess.com xake plataformak Niemann bota zuen bere online torneoetatik.

Beti susmopean

Niemannek garai hartako munduko txapelduna eta Chess.com plataforma boteretsua zeuzkan kontra. Gainera, torneo bat jokatzen zuen bakoitzean, beste jokalariak baino gehiago behatzen eta arakatzen zuten, baina lehiatzen jarraitu zuen. Egoera zail horretan estatubatuarrak ez zuen amore eman, eta erabaki ausart bat hartu zuen: Carlsenen, Chess.com-en eta Nakamuraren kontra 100 milioi dolarreko (93.108.500 euro) salaketa aurkeztu zuen Missouriko (AEB) epaitegi batean, urriaren 20an. Difamazioa, legez kanpoko talde boikota, kontratuzko helburu komertzialekiko interferentzia eta konspirazio zibila leporatu zien. Aurtengo ekainaren 27an epaile federal batek salaketako azken bi karguak helegiterako aukerarik gabe gaitzetsi zituen. Beste bi karguak ere, difamazioa eta talde boikota, bertan behera utzi zituen, baina jurisdikziorik ez edukitzeagatik. Erabaki horrek atea zabalik utzi zion Niemanni, prozesuarekin aurrera jarraitzeko. Momentu horretan bi aldeetako abokatuen arteko elkarrizketak areagotu ziren.

Galtzeko gehien Carlsek zeukan. Xake munduko parte bati ez zitzaion gustatu frogarik gabe jokalari gazte baten ospea lurraren pare lagatzea. Munduko txapeldun titulua ez defendatzeko erabakiarekin batera, Carlsenen irudia asko kaltetu zen.

Azkenean, duela egun batzuk, Chess.com atariak jokalarien arteko akordioa iragarri zuen. Bi jokalariek egindako adierazpenek akordioa egiaztatu zuten. «Datozen torneoetan Niemannen kontra jokatuko dut elkarren kontra jokatzea suertatzen bada», esan zuen Carlsenek. Norvegiarrak aitortu zuen Niemannek Sinquefield Cupen iruzur egitearen ebidentziarik ez dagoela.Niemannen adierazpenak apur bat argiagoak izan ziren: «Carlsenen kontra xake taulan lehiatzea espero dut, epaitegian baino hobeto». Chess.com-ek ere Niemannen online kontua berreskuratu zuen, baina zalantzak apur bat airean utzi zituen: «Denek merezi dute bigarren aukera bat», adierazi zuen.

Oraindik ez dago dena itxita, hala ere. Xakeko Nazioarteko Federazioak (FIDE) bere ikerketa propioa egin zuen otsailean. Baina erabaki zuen urrira arte emaitzak ez jakinaraztea. Lege prozesua ez eragoztea izan zitekeen helburua, edo agian emaitzen frogak denborarekin garatzea. FIDEk bere ikerketa argitaratu arte ezin da auzia itxitzat jo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.