Joxemari Olagasasti. Aizkolaria

«Uste dut oraindik ez dudala jokatu nire azken apustua»

Bihar beteko dira bi urte Joxemari Olasagastik motozerrarekin istripu larria izan zuenetik. Hobera egin du ordutik, baina ez nahikoa berriro lehiatzeko. Hala ere, ez du entzun nahi 'erretiro' hitza.

JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Unai Ugartemendia.
Donostia
2017ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Giro ederra dago Igeldon, eta itsasoa bare dago oraindik. Hitzordua baino pixka bat beranduago iritsi da Joxemari Olasagasti. Korrika eta presaka bizi denaren itxurarekin egin du agurra. Nahiz eta bajan dagoen, ez du denbora askorik eguna amaitzerako.

Bihar egingo ditu bi urte ezbeharra izan zenuenetik. Nola daukazu ezker besoa?

Luze doa. Bi ebakuntza egin dizkidate. Egunero joaten nahiz errehabilitazioa egitera, Eibarrera eta Donostiara. Lesioa hobera egiten ari den sentipena daukat, gutxinaka indarra hartzen ari naizelako besoan. Hala ere, oraindik ez dut erabiltzen nik nahiko nukeen bezala. Zorionez, ondo osatuko naizen esperantza dut.

Ondo osatzeko zenbat denbora gehiago beharko duzula esaten dizute medikuek?

Gutxienez, beste sei hilabete beharko omen ditut. Oraindik ere bajan nago. Ezin naiz ezertan aritu, eta, oraingoan, behintzat, medikuek emandako gomendioei kasu egin beharko diegu, nahiz eta askotan erraza ez izan.

Azkenean, uste baino istripu larriagoa izan zen.

Bai. Motozerraktendoi asko moztu zizkidan, eta nahiz eta korapilatu diren, denbora behar izaten dute berriro lanean jartzeko.

Oraindik ere aizkoran jarraitzeko esperantzarekin zaude?

Nik, behintzat, oraindik ere atera nahiko nuke plazara. Berriz hasi eta lan txukun bat egiteko moduan jarriko banintz, bertan behera geratu zen azken apustua egin nahiko nuke, Aitzol Atutxaren aurkakoa. Uste dut oraindik ez dudala jokatu nire azken apustua. Hemendik bi hilabetera zerbait esango didate medikuek, aurrera edo atzera egin dudan, eta, dena ondo badoa, ni prest nago.

Pena handia eman al zizun Atutxaren aurka jokatu ez izanak?

Ikaragarrizkoa, inoiz izan dudan penarik handiena da hura. Orduan oso ondo prestatuta nengoen, gauza politak egitetik nentorren. 56 minutuan moztuak ditut lan haiek, Arrospideren aurka egindakoan. Banekien 60 minuturen bueltan egin nezakeela.

Badira ia bi urte aizkoran ez duzula egin, baina, gainerakoan, zer moduz zaude osasunez?

Fisikoki ondo nago; oraindik itsasora eta mendira joaten naiz, eta alde horretatik, behintzat, gustura nabil. Istripua izan nuen arren, ez nion utzi gorputza zaintzeari. Pixka bat utziz gero, oso zaila da berriro ere hastea.

Betidanik aizkoran aritu arren, hasi, harria jasotzen hasi zinen.

Hala da, nik harria jasotzea nuen gogoko. Harriari tiraka ere ibiltzen nintzen arren, jasotzea gustukoagoa nuen. Askok esaten zidaten orduan «hik harriarekin lan ederrak egingo hituzkek!».

Damua duzu gehiagotan harria altxatzen ez ibili izanaz?

Bai. Badut pena 12ko kubikoarekin [150 kilo] lan batzuk egin ez izana, erraztasuna nuelako. Geroko uzten genuen beti.

Nork esanda hasi zinen aizkoran?

Igeldoko festetan hasi nintzen. Orduan, beti herrikoak ateratzen ginen horrelako probak egitera. Handik gutxira, Jesus Olaizola Agite aizkolaria ezagutu nuen, eta asko lagundu zidan garai haietan. Hark esan zidan harri jasotzen ibiltzea baino hobe nuela aizkoran probatzea. Zerbait ikusiko zidan orduan, eta geroztik aurrera egin dut urte hauetan guztietan.

Bizitza osoan, 60 apustutik gora jokatu dituzu. Aurrenekoa, ordea, ez zenuen gazte jokatu.

23 urte nituen. Herriko baten aurka izan zen, Jose Etxebesteren kontra. Haien aldeko batzuek antolatutako apustua izan zen hura, jokatu behar ez nituen horietako bat. Nik orduan 105 kilo nituen, eta garai haietan ez zen normala Etxebesteri korrika jokatzea. Aizkoran bakarrik jokatu izan banu, agian irabazi egingo nion, edo aizkora eta harria jasotzen, edo hiru modalitatera jokatu izan bagenu, harria tartean sartuta... Modalitate honetan edo bost modalitatetan ez dut aurkaririk izan.

Hala ere, lehen erakustaldia 16 urterekin egin zenuen. Beste garai bateko kontuak dira horiek.

Gaur egun ere badira indar askoko mutilak. Agian, gu baino mantsoago datozela? Izan liteke, baina badatoz. Nik uste dut aterako direla, ez agian guk egiten genituen lan handi haiek egiteko, baina nik badut esperantza. Guk orduan lan handiak egiten genituen: 80 ontzako hamasei enbor, hogei oinbiko, 30 edo 40 kana-erdiko... Asko sufritu beharra dago herri kiroletan, eta ez dakit hainbeste sufritu nahi duten egungo gazteek. Aizkoran bakarrik bai, izango dira aizkolariak aurrerantzean ere.

Igeldoren gisako herri txiki batean, bazaudete herri kiroletan ibilitako batzuk. Zu, Etxebeste, Migel Irazusta Polipaso ere bertaratu zen… Zer du herri honek?

Mirari bat da horrelako herri batean aizkolariak izatea. Egurrik ez dago hemen, itsasoa besterik ez! Hau ez da Nafarroa, ez Ezkurra, ezLeitza, ezta Otsagabia ere.

Oso kirolari osoa izan zara.

Bai, azkenerako aurkaririk gabe gelditu nintzen. Hor daude markak nahi dituenarentzat. Orduan txapelketak antolatzen zituen Rafael Agirrek gehiago ez egitea erabaki zuen, denak nik irabazten nituen aitzakiarekin [barrez].

Zergatik uste duzu egun ez dela modalitate honetan jokatzen?

Ikaragarri prestatu behar delako, eta oso gogorra izan beharra dagoelako. Lehenik, harria jaso behar da;gero, gizon proban tiraka egin; jarraian, aizkoran egin; ondoren, txinga jaso eta eraman; eta azkenik, korrika egin. Oso modalitate gogorra da; hori ez da plazara joan eta bost kana-erdiko moztea bezala.

Aizkoran ibili gabe daramatzazun bi urte hauetan, asko gogoratu al zara eginiko apustuekin?

Bai, askotan.

Zure ibilbidean zehar, zein izan da egindako lanik gogorrena?

Juan Manuel Erasunen aurka eginikoak izan dira inoizko lanik gogorrenak. Lehena, 1990eko abuztuan jokatu genuen, Andoainen. Hogei kana-erdiko moztu eta ordu eta erdi osatu arte, segan; horra egin beharrekoa. Irabazi egin nuen arren, izugarrizko lanak izan nituen amaitzeko. Ez dakit gaur egun bi pertsonaren artean amaituko ote zuten.

Errebantxa ere jokatu zenuten, hamabost urte geroago.

Bai, hura ere leku berean jokatu genuen, baina segako saioa ordu erdi gehiago luzatu genuen. Erasunek arantza atera nahi zuen, eta horrela hasi ginen berriz ere apustua prestatzen. Egun hartan ez nuen batere egin segan; angina batzuk tarteko, gorputzari buelta eman ezinda aritu nintzen. Bestela, nik irabazi beharrekoa zen apustu hura. Aurkari oso gogorra izan da beti Erasun.

Aizkoran, berriz, aurkaririk gogorrenak Miel Mindegia eta Donato Larretxea izan dira?

Bai. Apustu asko egina naiz bi nafar horiekin. Ni askotan sailkatu naiz txapelketetan Mindegiaren atzetik. Beti izan da aizkolari handia; maila izugarria zuen, maisua zen. Eta Larretxea ere, antzeko; apustu gutxi galdu ditu. Anjel Arrospide ere ez nuke ahaztu nahi kontrario gogorrenen artean.

Mindegia izan da inoizko aizkolaririk onena?

Baietz esango nuke. Ramon Latasa ez nuen asko ikusi , baina hura ere oso gogorra zen. Mindegiak asko zuen berezkotik. Oso ona zen 60 kanakoak eta kana-erdikoak mozten.

Zu beti izan zara apustuzalea.

Bai. Askotan, halere, apustu guztiak ez dira izaten batek nahiko lukeenaren aurka. Askotan nahiago izaten nuen, esaterako, txapeldun zenaren aurka jokatu. Gainera, txapeldunak izaten zuen apustua eskuetan, normala den bezala. Apustu baten barruan gauza asko sartzen dira jokoan.

Apustuak mahaian irabazten omen dira. Zuk askotan galdu izan al duzu hasi aurretik?

Nik bai, askotan. Askotan beroegia nintzelako, beste askotan parekoak egoten hobeto zekielako.

Zuk zer nahiago izan dituzu, txapelketak ala apustuak?

Bietan ibili izan naiz gustura. Hala ere, bat aukeratzekotan, apustua aukeratuko nuke. Xarma berezia dute apustuek. Horren falta sumatzen dut egungo gazteen artean: ez dute behar adina berotzen euren burua apustuetarako.

Zer etorkizun ikusten diozu aizkorari?

Aizkoraren mundua oraindik ere ezaguna da, oraindik ere txapelketa eta erakustaldi asko jokatzen direlako. Beste gauza bat oso ezberdina apustuena da. Ez dakit zenbat denboran jarraituko duten. Pilotan ere gertatzen da: jendea joaten da frontoira, baina benetako jendetza finaletan bakarrik ikusten dela.

Fisikoki arazorik izan ez duten horietakoa izan zara beti.

Ez dut arazorik izan nire ibilbidean. Gerritatik eta belaunetatik oso ondo moldatu izan naiz beti: inoiz ez dut ebakuntzarik behar izan ezertarako. Azkeneko hau kenduta, ez dut ezer izan.

Beti oso ondo prestatu zara.

Bai, eta horrela behar du, gainera. Jendeari errespetua zor diogu, sarrera bat ordaintzen dute, ikuskizuna ikusi nahi dute... Aizkora oso kirol tradizionala izan da beti, eta pentsatzen dut horrela jarraituko duela.

Elikadura ere asko aldatu al da? Lehen txuleta jaten zenuten.Orain, ordea, pasta.

Nik ez dakit oraingo gazteek zer jaten duten, baina nik beti lehengoari eusten diot. Agian, lehen baino pasta eta arroz gehixeago jaten dut, gauetan arrain gehiago batzuetan, baina oraindik ere ez dut arazorik izaten txuleta bat jateko. Beste kiroletan ez dakit, baina aizkoran ez dut uste elikaduran hainbesteko aldaketarik izan denik. Hori bai, aizkolarien gorputzak asko aldatu dira.

Belaunaldi ezberdinetako aizkolariekin ibili izan zara. Lehenbizi, Mindegia eta Arrospiderekin; gero, Arrospide eta Floren Nazabalekin, eta, orain, Aitzol Atutxa eta Iker Vicenterekin. Zertan aldatu dira aizkolariak?

Uste dut lehengo haiek beste gogortasun bat eta seriotasun bat zutela. Ni denekin ibilitakoa naiz, eta gaur egungo askorekin 30 edo ia 40 urteren aldea dudan arren, oraindik ere badut asmoa gazte hauei apusturen bat botatzeko, osatzen bagara behintzat.

Egungo aizkolarien artean, nor ikusten duzu gorenean?

Atutxa etaVicente, baina Ruben Saralegi ere badago. Mieltxo, Mindegiaren semea ere indartsu hasi da. Ikusteko dago zer egin dezakeen Txapartegiren aurka.

Pena duzu etxean segidarik ez izanaz?

Ez. Nik ez dut inoiz derrigortu ezertan, ezta lanean ere. Semeari surfa gustatzen zaio, eta nik ez dut nahi aitari aizkora gustatzen zaiolako aizkoran egitera eraman. Ni ez naiz garai bateko zaharrak bezalakoa. Bakoitzak bere lana dauka, eta gero etxera biltzen direnean sagardotegian laguntzen didate. Giro ederra dugu, eta kirolean asko lagundu didate. Asko kontrolatzen didate, gehienbat pisua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.