Ez da taldekako erlojupekorik egingo, eta sei etapa mendi gainetan bukatuko dira. Unipublic talde antolatzaileak banaketa hau egin du: 9 etapa lau, beste hainbeste menditsuak, edo mendate askokoak, eta hiru erlojupeko. 47 mendate igoko dira, horietatik lau maila berezikoak. Bi Pirinioetan daude: Ordino-Arcalis (Andorra) eta Cerler (Aragoi). Beste bi Kantauriko Mendikatean: Covadongako Aintzirak eta Valgrande-Pajares.Zenbaki hotzen analisiak dakartza komeriak, irakurketak milaka egin daitezkeelako, eta berdinak diren bi ez direlako egingo. Ibilbide menditsuaren moldea dauka Vueltak, tankerako iritziak eman dituzte, behintzat, aurkezpenean izan ziren txirrindulari eta kirol zuzendari gehienek, eta ekitaldiaren berri eman zuten adituek. Aurtengoa baino gogorragoa omen. Pirinioetako eta Covadongako Aintziretako ailegaerak nahiko omen dira halakorik esateko. Baina ba al dira?Sei ailegaera ditu gainetan Vueltak: Valdelinares, Ordino, Cerler, La Bien Aparecida, Covadongako Aintzirak eta Valgrande-Pajares. Horietatik bi ez dira gogorrak: Valdelinares eta La Bien Aparecida (hirugarren mailako aldapa laburra). Beste laurak, bai, baina nahikoak ote dira tropela txikitzeko?
Mendateak bai, bainaetapa gogor-gogorrik ez
Espainiako Vuelta igarotzen den herrialdeetan bada aldapa franko, baina urteak daramatzate Giroko edo Tourreko mendaterik topatu ezinik. Topatu ezinik, edo ibilbidean jartzeko borondaterik gabe. Mendiko etapak ez dira gogorrak ailegaerako mendatearengatik, aurretik jartzen dituztenek egiten duten triskantzagatik baizik. Eta horretan kale egiten du Vueltako antolakuntzak. Giroko eta Tourreko mendiko etapek beldurra eragiten dute. Vueltakoek ez.
Ordinok Tossas eta Montaup gainak ditu aurretik. Ez dute tropela gehiegi zigortuko. Cerlerren ere antzera gerta daiteke, azken mendatearen altzora iristeko 30 kilometroko sasiordeka gainditu behar delako. Covadongako Aintziretan ere, antzera. Bigarren mailako hiru mendate etzan, aurretik. Valgrande-Pajaresko ailegaera da gogorrena ibilbideari erreparatuta, lehen mailako bi mendate baititu. Pajares, ordea, ez da gogor-gogorra. Oso pendiz tenteak ditu, baina atsedenak ere asko. Iritziak eta usteak, erdiak ustelak, dena den. Bederatzi hilabete barru zer gerta daitekeen ezin jakin.Garrantzitsua den beste kontu bat. Vueltako etapa menditsu denak bigarren astean daude, ez hirugarrenean, normalean erabakigarria izaten den astean. Hirugarren astean Navacerrada igoko dute, baina ordurako zehaztua egon behar luke sailkapen nagusiak.Erlojupekoei dagokionez ere badago berrikuntzarik. Azken etapa ez da erlojupekoa izango, azken aurrekoa baizik (40 kilometro). Bide erdian dago bestea, Bartzelonan, Nou Camp futbol zelaian hasi eta bukatuko den etapa ikusgarria: 35 kilometro.Taldekako erlojupeko batekin hasi zen aurten Vuelta, baina hurrengo urtekoan jai hartuko du diziplina dotore horrek. Trukean, bederatzi kilometroko aitzin-etapa gaiztoarekin ekingo zaio Vueltari. Granadan jokatuko da eta hiri hartako Alhambratik barrena egingo du bidea. Aldapa piko bat ere badauka.
-
erreakzioak
joseba beloki
(Liberty taldeko txirrindularia)
«Suzkoa da, gogorra, interesa bukaera arte mantenduko duena. Ez dakit korrituko dudan edo ez»
alejandro valverde
(Illes Balears taldeko txirrindularia)
«Klasikoak eta Tourra korrituko ditut, ez dakit Vuelta egingo dudan, baina Angliru gabe, ni beti pozik»
roberto heras
(Liberty taldeko txirrindularia)
«Begiz jota dut Tourra eta zahartzen ari naiz; Ordino, Cerler eta Covadonga izanen dira giltzarriak»
julian gorospe
(Euskaltel-Euskadiko kirol zuzen.)
«Mendi guztia aste bakarrean egotea ona da guretzat. Gustukoa dut ibilbidea»
manuel saiz
(Liberty taldeko kirol zuzendaria)
«Diziplina orotan ondo moldatzen dena saritzen du ibilbideak eta ez igotzaileak»
eusebio unzue
(Illes Balears taldeko kirol zuzen.)
«2004. urtekoa baino leunagoa da eta hori ona da, hautagai gehiago baitaude»
j. fernandez 'matxin'
(Saunier taldeko kirol zuzendaria)
«Valverderen neurrikoa da. Aurtengoa baino samurragoa da»