Nancy. Linehan (7), Shuler (4), Batum (21), Samnick, Akingbala (26) —hasierako bostekoa—; Moerman (13), Amagou (16), Sylla (3), Grant eta Badiane.
Caja Laboral Baskonia. Prigioni (3), Oleson (8), Nemanja Bjelica, Teletovic (24), Seraphin (12) —hasierako bostekoa—; Dorsey (2), San Emeterio (19), Ribas (9), Heurtel, Milko Bjelica (2) eta Williams (6).
Markagailua. 28-20, 49-47 (atsedenaldian); 70-64 eta 90-85.
Epaileak. Gkontas, Latisevs eta Geller. Ez zuten inor kanporatu.
Bestelakoak. 6.027 ikusle Jean Weille pabiloian.
Gauzak ondo, epe luzera garrantzirik izango ez duen porrota izango da Nancykoa, baina epe motzera, talde batek egunero konfiantza eta fedea lortzeko egiten duen lanean, kaltegarria. Baskoniak pikutara bota duelako 40 minututan Euroligako lehen hiru partidetan irabazitako izen on guztia. Penagarri aritu ziren arabarrak defentsan, eta erraztasun asko eman Nancyko jokalariei. Askotan bakar-bakarrik jaurti zuten, eta euren baliabideei etekin handia atera: trantsizio joko azkarra.
Baskonia bera kutsatu zuten joko horrekin, eta segadan erori zen Ivanovicen taldea. Ziur aski Nancy baino talentu gehiago daukala pentsatuz. Eta badu, baina talentua erakutsi egin behar da. Edukitzearekin ez da errentarik lortzen. Puntu zakua hartu zuen Baskoniak lehen laurdenean, 28, eta argi ikusi zen partida puntu askokoa izango zela, gasteiztarren artean ez zelako lanerako batere grinarik ikusten.
Zenbatetan entzun edo esan ote dugu, lagunarteko partida edo entrenamenduetan, «utziz gero nik ere sartzen dut». Horixe egin zuen Baskoniak. «Kale egingo dute ba», pentsatu, hain jokalari onak ez direlakoan. Egon hadi lo, eta jango dek mehe, euskal esaera zaharrak dioen moduan. Euroligan, baina, ez dago jokalari txarrik, eta muturreko galanta jaso zuen Baskoniak. Arduratzeko modukoa da erreakziorik ez sumatu izana, joko azkarraren sarean erori, eta lasaitasun apur bat ez bilatzea. Hirukoekin egoskor tematzea, saskipeko jokalarien eraginkortasuna bilatu gabe. Zergatik? Zertarako? Ezertarako ez.
Hirukoetako estatistika esanguratsua, hausnartzeko: %32 asmatu zuen Baskoniak. Ez da portzentaje txarra, baina 37 saiakera egin zituzten arabarrek, eta 12 bakarrik sartu. Bikoak lau jaurtiketa gehiago bakarrik izan ziren, eta hori ez da normala. Ez behintzat zuzen eta artez jokatzeko asmoa duen taldean. Apustu polita litzateke Ivanovicen haserreak zenbat egun iraungo duen jakitea, galtzea gauza bat delako, eta bestea, galtzeko modua. Eta Ivanovicek puntu zakua jasotzea, defentsan zabarkeriaz jardutea da gehien gorrotatzen duena.
Akingbala eta Batum
Nancyk asko erabiltzen ditu besoak. Saskirako bidea oztopatzen dute, eta aurkaria kanpoko lerrotik jaurtitzera behartu, urrutitik zailagoa delako puntuak lortzea. Baskoniaren portzentaje apalei etekin handia atera zien Nancyk. Errebotea irabazi, korrika egin, eta aurkaria kokatu gabe dagoela baliatuz, barneraketa errazak eta jaurtiketa garbiak. Eta badaezpada, asmatzen ez denerako, erasoko errebotea kargatu. Akingbalak zortzi puntu lortu zituen zapladen bitartez, eta Seraphin eta Dorsey hankapean ibili. Jokalari trebea da Akingbala, baina lehen laurdenean Kevin Garnetten kamiseta berdea jantzi zuen soinean, 18 puntu pilatzeraino.
28 puntu hartu zituen Baskoniak lehen hamar minututan, eta hogei, edo hogei baino gehiago beste hiru laurdenetan ere. Horrela jai dago. Baskoniak atsedenaldian bi puntuko kontrako aldea bazuen ere. Hirugarren laurdenean aurretik jarri bazen ere. Kanpotik ezin delako beti asmatu. Epaileek ere bere laguntza eman ziotelako Nancyri, batez ere laguntzarik behar ez duen Batumi. Teletovicek eta San Emeteriok ezin dutelako den-dena egin.
Zer lortu nahi den eta nola, hori pentsatu behar du Baskoniak. Momentuz, Top 16a ziurtatzen hasteko aukera ona utzi dute pasatzen, baina okerragoa da berriro taldea eraikitzen hasi beharra. Altxatutakoa erori egin delako.
Nancy 90. Caja Laboral Baskonia 85
Utziz gero, nik ere bai
Orain arte lortutako izen on guztia harrika bota du Baskoniak Nancyn, eta lehen dema galdu, defentsan erraztasun asko emandaFrantziarren segadan erori da, haiei korrika egiten utzi, eta kanpotik bakarrik jokatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu