Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Hondarribia

Uzta oparoa izan dezake

Hondarribia denen ahotan dago, eta ez banderen lehiarako soilik, San Miguel liga eskuratu dezaketenen lehiarako ere baiAzken urteetako talde bera dauka, eta urtez urteko hobekuntzaz goia jo dezake aurten

Hondarribia, hilaren 17an Ondarroan jokatutako estropadan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Hazia ondo erein behar da lehendabizi. Gero, behar bezala zaindu landatutakoa, egunero-egunero. Eguraldiaren laguntza ere ezinbestekoa da, prozesu guztia bere-berean joan dadin. Azkenean, osagai guztiek bat egiten dutenean, garaia iristen denean, uzta jaso behar da.

Hondarribiari aurten tokatu beharko litzaioke uzta oparoa jasotzea. Baratzean jaso beharrean, uretan, itsasoan, ibaietan. Duela bizpahiru urte bota zuen hazia. Etxekoa, bertakoa. Aurreneko urtean, ez zuen uzta ona jasotzerik izan, eguraldiak ez zion batere lagundu; zorteak esan nahi da. Iaz, hazi berarekin segitu zuen lanean, eta egin beharreko denak egin zituen. Uzta hobea izan zen joan zen urtekoa. Otarrean hiru trapu biltzerainokoa.

Aurten ere duela bi edo hiru urteko hazi berdina landatu du. Eguneroko zaintza beti bezalakoa izan da, ona eta kalitatezkoa. Eguraldia lagun izango duen eguneroko martxak esango du, baina aldez aurretik, sekulako uzta jaso dezakeela zabaldu da. Eta ozen, gainera. Berari begira daude begi asko, eta zerbaitegatik izango da. Diotenez, 2007ko uzta haren parekoa izan daiteke uda-udazken honetakoa. Orduan, San Miguel liga bildu zuen, oso-osorik. Aurten ere lorpen bera izateko bidean dela diote kontu hauetaz asko dakitenek.

Hazia eta eguneroko lana, oso ona. Eta uzta oparoa izango den uste sendoa ere alde dute Hondarribikoek. Harrotu ez dira inoiz harrotuko, baina onartu egin dute aukera dutela otarrea lepo betetzeko: banderekin edo trapuekin, eta ligarekin. Eta ezin ahaztu herrialdeko txapelketa, Euskadikoa eta fruitu desiratuena: Kontxako Bandera.

Nork bere buruarengan konfiantza izatea oso lagungarria izaten da, eta Hondarribiak badauka hori. Ikusi du negu-udaberri partean bere uzta bide onetik doala. Lagin txikiak atera ditu, eta arrauneko zaleari eman dastatzeko, orain hain ohikoak diren traineru jaitsieretan. Denei gustatu zaie uztaren aurrerapena. Orain, zain-zain dauzka denak.

Bueno, den-denak ez. Badira berea bezain uzta gozoa atera dezaketen beste bat edo beste ere, eta saria bakarra da. Aurkari horiek errezeloz begiratzen diote, hainbeste desiratzen dituzten sari potoloak ez ote dizkien kenduko.

Larunbatean hasiko da uzta jasotzeko garaia, eta egunerokoak esango du zein den oparoena. Hondarribikoa ekologikoa da,etxeko produktuz egina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.