Ez dago Itxako geldituko duenik. Lizarrako taldeak aurreikuspenak bete zituen herenegun Telden, Espainiako Kopa irabazita. 29-21 hartu zuen mendean Elda finalean. Kopako bigarren titulua du jarraian Itxakok, eta haren garaipen zerrendako zazpigarrena.
Azken datu hori are ikusgarriagoa da titulu horiek bi urte baino gutxiagoko epean lortu dituela kontuan hartuz gero. Erraz egiten da kronologia: 2009ko maiatzaren 14an, ABF liga irabazi zuen lehen aldiz; lau egun geroago, EHF kopa; hiru hilabete eta erdi geroago, Espainiako Superkopa lehen aldiz; iazko otsailaren 28an, Espainiako Kopa lehen aldiz; bi hilabete eta erdi geroago, ABF liga bigarrenez; hiru hilabete eta erdi geroago, Superkopa bigarrenez; eta herenegun, Kopa bigarrenez. Espainiako bi Liga, Kopa eta Superkopa, eta EHF kopa bat; horixe da Lizarrako taldearen uzta azken 21 hilabeteetan. Uzta ezin oparoagoa.
Elda izan da zazpi titulu horietako gehienak irabazi ahal izateko gainditu beharreko taldea. Herenegun ere Herrialde Katalanetako taldea izan zen nafarren aurkaria, eta aurrekoetan bezala, Eldak amore eman behar izan zuen. Zortzi goleko aldea izan zen partidaren amaieran, Teldeko pabiloiko pistan bi taldeen artean izandako aldearen isla. Izan ere, Ambros Martinek zuzendutako taldeak ez zuen ezustekorako zirrikiturik utzi. 0-1ean ez ezik, beti izan zen aurretik. Lehen zatia amaitu baino lehen jada bederatzi goleko zuloa egin zuen (17-8). Erabakita zirudien finala. Baina usteak ustel. Itxakok txakalaldia izan zuen. 11 minututan bi gol eskas sartu zituen. Eldak, aldiz, hamar sartu zituen. Bederatzi goleko aldea gol bakarrekoa bilakatu zen (19-18).
Edozein taldek iparra galduko luke 2-10eko partziala jaso eta gero. Ez, ordea, Itxakok. Talde handiek zirt edo zart egin beharreko uneetan erakutsi ohi duten hoztasunak lagunduta, Lizarrako taldea suspertu egin zen. Nola gainera. Kolpeari beste kolpe batekin erantzun zion, 10-3ko partzialarekin. Datu bat: Eldak ez zuen sartu gol bakar bat ere azken zortzi minutuetan. Silvia Navarrok zeresan handia izan zuen horretan. Itxakoko atezainak horma bilakatu zuen atea, eta merituak egin lehiaketako jokalari onena izendatua izateko. Erasoan, berriz, Barbosa, Patri Pinedo, Begoña Fernandez eta Turey nabarmendu ziren, lauren artean 22 gol sartuta. Soit, Barno, Alonso, Martin, Aguilar, Kurbanova eta Stefani ere txukun aritu ziren. Nerea Penak, ordea, ezer gutxi lagundu ahal izan zuen, pistara atera eta hiru minutu eskasera min hartu baitzuen eskuin eskuko hatz txikian.Horixe izan zen orban bakarra.
Itxakoko kideak pozez gainezka zeuden partida amaituta. «Oso pozik nago, jokalariek izugarri egiten dutelako lan. Dena merezi dute»,esan zuen Ambrosek. Antzeko hitzak izan zituzten Barnok eta Barbosak. «Oso pozik gaude. Kopa irabaztea zen garrantzitsuena, eta lortu dugu», kapitainak. «Defentsako lana erabakigarria izan da, eta hasieratik izan dugu argi irabaziko genuela», hegaleko portugaldarrak. Lizarrako taldeko jokalariak, baina, ez dira ase. Titulu gehiago nahi dituzte. «Dena oso ondo ari da ateratzen, baina ez gara ase. Titulu gehiago nahi ditugu», aitortu zuen Navarrok. Haratago joan zen Aguilar: «Bi urte daramatzat Itxakon, eta ezin dut gehiago eskatu. Ziur naiz titulu gehiago irabaziko ditugula».
Itxakoren espedizioa atzo goizaldean iritsi zen Euskal Herrira. Oraingoz ez dute ospakizun berezirik egingo, bihar bertan Ligako partida jokatuko baitute Lizarran, Mar Alacanten aurka. Asteko hitzordu nagusia, halere, igandean izango da, Itxakok Errumanian jokatuko baitu Oltchim Valcearen aurka, Txapeldunen Ligan. Nafarrak lider dira, eta irabazita aurrerapausoa emango lukete beste mugarri bat ezarri eta finalerdietarako sailkatzeko.
Uztak ez du etenik
Itxakok Espainiako Kopa irabazi zuen herenegun Telden, zazpigarren titulua bere garaipen zerrendan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu