Valdeolmillos da aukeratua

Sasoi honetan Baskoniako bigarren entrenatzailea izan denak zuzenduko du Gipuzkoa Basket

Sergio Valdeolmillos, Baskoniari zuzendutako partidan. TIMM SCHAMBERGER / EFE.
ainara arratibel gascon
2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Sergio Valdeolmillos (Granada, Espainia, 1967) izango da Delteco Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile berria. Donostiako taldeak eta teknikariak denboraldi baterako akordioa adostu dute. Horrenbestez, Valdeolmillosek hartuko du Porfi Fisacek utzitako lema. Aukeraketan eskarmentuaren alde egin du Nekane Arzallusek buru duen zuzendaritzak. Izan ere, Valdeolmillosek ia hiru hamarkada daramatza entrenatzen. Azken sasoian Kirolbet Baskoniako bigarren entrenatzaile izan da.

Jota Cuspinera, Zan Tabak, Gonzalo Garcia de Vitoria... Izen asko aipatu izan dira azken asteetan Gipuzkoa Basket zuzentzeko. Baina Valdeolmillos da hautatua. Quino Salvoren eskutik hasi zen entrenatzen, eta 1997-98ko denboraldian izan zuen ACB ligako talde bat zuzentzeko estreinako aukera: Ciudad de Huelva. Hark igo zuen taldea LEB mailatik. Espainiako taldearen lehen sasoia zen goi mailan, baina, emaitza txarren erruz, hamaseigarren jardunaldian kanporatu egin zuten Valdeolmillos.

Urterik oparoenak etxean egin zituen, Granadan. Lau denboraldi eman zituen jaioterriko kluba entrenatzen—2004tik 2008ra—, eta taldea sailkapenaren erdialdean egonkortzea lortu zuen Curtis Bordchardt, Nico Gianella, Andrea Pecile, Nacho Martin eta antzeko jokalariei esker.

Ondoren, urte asko egon zen ACB ligan entrenatu gabe. 2015-16ko denboraldira arte, hain zuzen. Estudiantesek fitxatu zuen, urtarrilean, Diego Ocampo ordezkatzeko. Espainiako taldea azken-aurreko zegoen sailkapenean. Azken jardunaldira arte izan zuen mailari eusteko aukera. Baina, hain zuzen ere, Illunben galdu zuen, eta ez zuen lortu. Azkenean, bulegoetan eutsi zion mailari Estudiantesek. Amaitu berri den sasoian Baskoniako bigarren entrenatzailea izan da. Pablo Prigioniri laguntzeko fitxatu zuten. Hark dimisioa eman ostean, partida bat zuzendu zien gasteiztarrei, Bambergen aurka, Euroligan. Ondoren, Pedro Martinezen alboan aritu da.

ACB ligan ez ezik, Mexikon eta Venezuelan ere jardun du entrenatzen. Mexikoko hautatzaile izan da —maiatzean utzi zuen kargua—, eta Halcones de Xalapa zuzendu zuen, baita Marinos de Anzoategi, Venezuelan ere.

Defentsa dute oinarri haren taldeek. Estudiantesi zuzendutakoa hamazazpi partidetatik sei irabazi zituen, eta horietatik bostetan 70 puntutik behera utzi zuen aurkaria. Puntuazio apaleko norgehiagokak planteatzen ditu.

Orain, GBC zuzentzeko erronkari helduko dio. Ikusteko dago zein talde osatuko duen. Oraingoz, sei jokalari ditu: Norel, Salvo, Dani Perez, Pardina, Oroz eta Maiza. Kontratua duten jokalariak dira, baina argitu beharko da denek jarraituko ote duten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.