Valladolid jaisteko hautagai ziurra zen, baina Lagun Aro baino gehiago da orain

Gaztelakoek lau partida irabazi dituzte jada, eta haien lan ona errepikatu nahi dute gipuzkoarrek, lehenbailehen (19:00)

Andoni Urbistondo.
2012ko azaroaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Non daude batzuk, eta non besteak! Valladolid sailkapeneko zuloan itotzeko hautagai ziurra zen gaur hilabete eta erdi, liga atariko analisiak egiten zirenean. Milioi bat euroko aurrekontu murritza, jokalari asko azken orduan eta batere bermerik gabe fitxatuta, eta bulegoetan ere egonkortasun handirik ez. Eta hilabete geroago zer? Ba Valladolidek ahultasuna kemena bilakatu du, eta aho bete hortz utzi aurreikuspen txarrenak egiten zituzten guztiak. Zazpi partida jokatu eta lau irabazi ditu eta zuloan dauden taldeen maila ikusita, Valladolid harrapatzea ez zaie batere erraza gertatuko. Izan ere, lau garaipeneko errenta ikaragarria da zazpi jardunaldi jokatu eta garaipen bakarra lortu ez duten taldeentzat.

Zaila da Valladoliden lan onaren zergatia azaltzea, baina garbi dago jokalariek bloke sendoa osatu dutela, baliabidez urri zirela onartuta. Othello Hunter joko antolatzailea ondo ari da, Uros Tripkovic aingeruak bezala jaurtitzen, eta Sinanovic ere giltzarrapoa jartzen saskiari. Ezin ahaztu Cizauskas, Ian O'Leary, Nacho Martin edota Jordi Grimau jokalarien lana. Bartzelona menderatzea eta Real Madrilen aurka duintasunez galtzea zortetzat jo zuten askok, baina astebete atzera Badalonan laugarren garaipena lortuta, inork ez du zorte hitza aipatzen.

Eta Lagun Aro zer? Ba garaipen bakarra zazpi norgehiagokatan, eta gaur, mirari baten bila Pisuerga pabilioian. Taldeak gutxieneko erregulartasuna lortu ezinik jarraitzen duelako, jokaldi eta sistemak gauzatu ezinik erasoan. Azken alternatiba hirukoak egitea da beti, edo ia beti, eta alor horretan portzentajea kaskarra bada, agur. Taldeak ez du Doblas edo Guille Rubioren bizkarreko jokoa bilatzen, Korolev eta Woods Errusian eta Memphisen daude, eta Netoren txinparta itzali egin da apur bat azken asteetan. Sito Alonsok atarikoan esandakoek ere ez zuten gauza asko argitzen. Garaipenak baino, «ondo egiten ditugun gauzak ez egitea, eta ez saiatzea» omen larriena. Ea Valladoliden saiatzen diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.