Rafa Alkorta. Athleticeko jokalari ohia

«Valverdek Bilbo uzten badu, prest dago Ziganda»

Olympiakosen eta Olympique Marseillaren aulkietan egon ondoren, Espainiako Liga gertutik jarraitzen ari da Alkorta. Postuez haratago, Athleticen eta Realaren lana goraipatu du.

jon eskudero
2017ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Saharako basamortuan bizi izandako abentura «txarra» atzean utzita, etxekoen babesean da jada Rafa Alkorta (Bilbo, 1968). Bizikleta hartu, eta Iñigo Larrainzar Athleticeko taldekide ohiarekin batera, Titan Desert deituriko lasterketan parte hartu du. Ordea, gauzak ez zaizkio nahi bezala joan, probatik erretiratu egin behar izan baitzuen. Horregatik, indarrak berritzen ari den bitartean, berriro ere futbolari so dago egunero, eta denboraldiko azken bi jardunaldietan zer ikusia badagoela nabarmendu du. Besteak beste, Athleticek eta Realak Europarako sailkapenaren bila duten lehia aztertu du.

Osatu al zara erabat Titan Desert probak eragindako neketik eta oinazeetatik?

Gero eta hobeto nago. Prestakuntza onarekin joan nintzen abenturan parte hartzera, jakin-min eta ilusio handia bainuen. Nola ez, banekien sufritu beharko nuela, baina ez hainbeste. Tripetako batek gogor jo ninduen, beroari aurre egiteko ere komeriak nituen, eta, arazo horiez gain, gorputzean zauri handi samar bat atera zitzaidan. Hainbeste zailtasun pilatu zitzaizkidanean, erretiratu beste erremediorik ez nuen izan. Gaizki atera zait esperientzia. Egunak egin ditut jan gabe, ezertarako indarrik gabe. Baina hobeto nago joan den igandetik. Pixkanaka pertsona bilakatuz joango naiz berriro.

Bizikleta ez, futbola da zurea. Azken bi urteotan Jose Miguel Gonzalez Michel entrenatzailearen laguntzaile ibili zara, baina orain ez. Zer egiten duzu?

Bi urte eder pasatu ditut Michelen ondoan. Aspaldiko lagunak gara, eta asko ikasi dut. Olympiakosen aritu ginen lehenik, eta Olympique Marseillan iragan sasoian. Egun, Malagako aulkian dagoMichel, baina nik erabaki nuen atseden bat hartzea. Futbola oso gertutik jarraitzen dut, eta esatari lanak egiten aritzen naiz. Baina nahiago izan dut zelaitik urrun egon. Gaur-gaurkoz, bizimodu lasaia daramat, eta ez dakit nolako etorkizuna izango dudan.

Athleticek ere ez daki nolako etorkizuna izango duen. Europarako bidean, lehia interesgarria dauka Realarekin eta Vila-realekin. Nola ikusten duzu?

Gutxitan bezalako lehia eta ikuskizuna eskaintzen ari dira hiru taldeak. Jardunaldiz jardunaldi, nor baino nor gehiago ari dira. Beste denboraldi batean baleude, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko moduan izango ziren, puntu kopuru izugarria daukatelako. Baina bestelakoa da sasoi honetan egoera. Uste dut hirurak izango direla Europan; Bartzelonak Espainiako Kopa ez irabaztea ia ezinezkoa iruditzen zait. Hori bai, aldea dago bosgarren edo zazpigarren geratu.

Nor da bosgarren sailkatzeko faboritoa?

Halako une erabakigarrietan, helburua nor bere eskutan edukitzea garrantzitsua izaten da, eta gaur egun Vila-real dago ondoen kokatuta, aurkari zuzenak baino puntu bat gehiagorekin. Azken partida Valentzian jokatuko du, eta arriskutsua gerta dakioke. Halere, iruditzen zait bere lana ondo egingo duela Fran Escribaren taldeak. Hori bai, huts egiten badu, Athleticek eta Realak baliatu ahal izango dute. Pentsatzen dut hiru talde horietan sasoirik onenean Athletic dagoela.

Leganes hartuko du bihar Athleticek, eta Atletico Madril bisitatuko hurrengo igandean. Ez al du egutegia etsai?

Egia da hiruretan egutegirik zailena Athleticek duela, baina euren helburua izan behar du jokoan dituzten sei puntuak lortzea. Leganesi irabazteko arazo handirik ez lukete behar, baina komeriak etorriko dira Vicente Calderon estadioaren agurrean. Atletico Madrilek bertan jokatuko duen azken partida izaki, irabazi nahiko du. Baina zelaian erakutsi behar da nork duen gehiago jokoan. Ondo bidean, Atletico Madrilek ziurtatua izango du hirugarren postua, eta lasaitasun horri etekina atera behar dio Athleticek. Badauka gaitasuna horretarako. Betiko moduan, Ernesto Valverderen lantaldeak asmatu du azken txanpara berme osoarekin iristen. Jokalariak oso fresko daudenez, iruditzen zait Athleticek irabazi egingo duela.

Realak, bestalde, Vigon jokatuko du azken partida, eta Michelen Malaga hartuko du bihar. Nolako partida espero dezake?

Realak horixe du alde: bi aurkarietako inork ez duela jokoan ezer izango. Baina ez dezala pentsa sei puntuak aise lortuko dituenik. Michel ondo baino hobeto ezagutzen dut, eta profesional handia da. Malaga hartu zuenean sufritu egin zuen, baina, behin mailari eusteko helburua ziurtatu eta gero, behetik gora ari dira. Bolada ikusgarria daramate, eta ziur Reala ezin hobeto aztertu duela Michelek. Egun guztia pasatzen du futbola ikusten, eta irabazi nahiko du. Dena den, jokalarien intentsitatea ez da berbera izango. Realak asko dauka jokoan.

Realaren denboraldiak harritu egin al zaitu?

Ez gehiegi. Belaunaldi oso on bat dauka gaur egun Realak, eta, entrenatzaile aproposa aurkitu duenean, behetik gora egin du. Eusebio Sacristanek asmatu du jokatzeko estiloarekin, eta hori da garrantzitsuena. Bosgarren, seigarren edo zazpigarren sailkatu, uste dut Realean albisterik onena dela nortasun edo bide bat topatu duela. Txakalaldi txiki bat igaro du, baina oso normala da hori. Talde handien pare jarri da Reala, eta urteetarako, gainera. Edozein postutan amaitzen duela ere, balorazio positiboa egin behar du zuzendaritzak. Gauza bera gertatzen da Athleticen. Valverderen lana zoragarria izaten ari da, merezi duen tokian uzten baitu taldea denboraldi guztietan. Beti Europan egotea oso-oso zaila da.

Valverde aipatuta, jarraituko al du Athleticen aulkian?

Inork ez daki hori. Eta benetan diot: berak ere ba ote dakien zalantzak ditut. Baina ez nau kezkatzen gai horrek. Albiste ona litzateke Bilbon jarraitzea, jokalariak eta taldearen filosofia ondo ulertzen baititu. Gainera, jokalariek publikoki esan izan dute nahiko luketela entrenatzaileak jarraitzea. Halere, demagun taldea uztea erabakitzen duela. Ez dadila inor kezkatu, postua hartzeko berme osoa ematen baitu Jose Angel Zigandak.

Beraz, Zigandaren alde egingo zenuke?

Burutik pasatu ere ez zait egiten beste izen bat jartzea mahai gainean. Athleticek jokalari gazte asko atera ditu azken urteotan: Williams, Yeray... Horiek izaten ari dira taldeko pizgarri. Bada, ia meritu osoa Zigandarena da. Oso prestatuta dago Athleticen lehen taldea hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.