Ez da kasualitatea Celtaren postua sailkapen nagusian —bosgarrena da—. Talde dotorea dute, kalitate handikoa. Realaren aurrean, kalitate printza bat besterik ez du behar izan hiru puntuak Galizian gera zitezen. 15. minutuan, Iago Aspasek baloia Rulli atezainaren gainetik loratu, eta modu ederrean egin du etxekoen gol bakarra.
Baloia izan dute txuri-urdinek, baina azken metroetan ideia argirik gabe aritu dira, azken pasean asmatu ezinik. Baloia kontrolatu bai, baina apenas jaurti duten atera. Bigarren zatian aukera argi bat izan du Jonathasek area barruan, baina lekutara joan da haren jaurtiketa.
Carlos Vela asteko protagonista ere zelairatu du Eusebio Realeko entrenatzaileak, baina mexikarrak ez du markagailua orekatzerik izan. Bruma ere zelairatu du azken minutuetan, eta gertu izan du gola bere kabuz eginiko jokaldi batean, baina alferrik.
Vigon porrota jasota, iazko sasoi amaieraren itxura hartzen ari da oraingoa; Europatik nahiz jaitsiera postuetatik urrun, hamargarren postuan eta 35 punturekin, bederatzi jardunaldiren faltan.