Vingegaard izar nagusia Itzulian

Frantziako Tourreko garailea Euskal Herriko errepideetan izango da. Daniel Felipe Martinez iazko txapelduna ere lehian izango da. Lasterketa apirilaren 3tik 8ra jokatuko da

Jonas Vingegaard iaz, Euskal Herriko Itzuliko azken etapan, Arraten. JUAN HERRERO / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
Eibar
2023ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Txirrindularitza gosea nabarmena da Euskal Herrian, eta Euskal Herriko Itzuliarekin ase beharko dute zaleek. Hala ere, ez dute edozer gauza dastatuko, menurik garestieneko platerik preziatuena izango baitute begien aurrean.Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma) Frantziako Tourreko azken garailea euskal errepideetan izango da. Danimarkako txirrindularia da Tadej Pogacar (UAE), hau da, azken urteetan txirrindularitzan gailendu den ziklista itzuli handi batean garaitu duen bakarra, eta Euskal Herriko Itzulian izango da iaz Parisen loria lortu ostean. Itzulia lehen aldiz irabazten ahaleginduko da Jumbo-Vismako liderra. Iaz zazpigarren egin zuen, eta 2021ean bigarren, Primoz Roglic taldekidearen atzetik.

Duela aste batzuk, ibilbidearen berri eman zuen antolakuntzak; gero, kartel ofiziala eta maillotak ezagutarazi ziren, eta atzo goizean aurkeztu ziren benetako protagonistak, Eibarren —2023ko Europako Kirol Hiria eta lasterketa amaituko den herria—. Behin-behineko parte hartzaileen zerrendan 23 talde izango dira —hemezortzi World Tourrekoak eta bost UCI Pro Teamekoak—, eta goi mailako txirrindulari ugari. Daniel Felipe Martinezek (Ineos) irabazi zuen txapela iaz, eta bigarren aldiz irabazten ahaleginduko da. Baina kolonbiarrak aurkari gogorrak izango ditu. Besteak beste, Richard Carapaz txapeldun olinpikoa (Education First). Enric Mas (Movistar), Adam Yates (UAE), Juan Ayuso (UAE), David Gaudu (FDJ), Simon Yates (Jayco) eta Emanuel Buchmann (Bora) izango dira lehen postuetan sartzeko lehiatuko diren beste txirrindulari batzuk. Horietako asko Katalunian dira orain, Voltan lehiatzen.

Apirilaren 3tik 8ra jokatuko da 62. Euskal Herriko Itzulia, eta zenbait berritasun ere izango ditu aurtengo lasterketak. Ez da erlojupeko saiorik izango, eta, hortaz, faborito guztiak buruz buru arituko dira sei egunez. Tarteko helmugetan eta helmuga nagusian gainsariak izango dira. Tarteko helmugetan, hiru segundo lortuko ditu lehenengoak, bi bigarrenak eta bat hirugarrenak. Helmuga nagusian, berriz, hamar, sei eta lau segundo banatuko dira lehen hiru sailkatuen artean. Hortaz, berebiziko garrantzia izango du talde lanak eta liderrak une oro ondo kokatuta egoteak.

Gasteizen abiatuko da aurtengoan lasterketa, eta sei etapa jokatuko dira guztira, ohikoa den bezala. Lehen etapa Bastidan (Araba) amaituko da. Bigarren etapak, berriz, Viana (Nafarroa) eta Leitza (Nafarroa) lotuko ditu, 2022an bezala, baina aurten kontrako bidea egingo dute ziklistek. Hirugarren etapan Gipuzkoan sartuko da tropela, eta Errenteriatik Villabonarako bidea egingo du. Laugarren etapan, Bizkaian sartuko da Itzulia, eta Omar Frailek diseinatutako etapa jokatuko dute, txirrindulari horren jaioterrian hasi eta bukatuta: Santurtzi-Santurtzi. Eibarrera iritsi aurretik, Zornotzan hasi eta amaituko den etapa jokatuko da, eta larunbatean jarriko zaio ginga lasterketari, Eibarren. Azken hiru Itzulietan, azken etapan erabaki da nor izango zen maillot horiaren jabea, eta Arrateko aldapak erabakigarriak izango dira aurten ere. Hala ere, Itzulia aurten ez da Arrateko gainean amaituko, herriaren erdigunean baizik.

Okerrik ezean, 22

Euskal Herriko itzulian hainbat euskal herritar egoten da tropelean. Zaleek modu berezian hartzen dituzte beti, eta txirrindulariek lasterketa kuttuntzat daukate Itzulia. Aurten ere, hainbat ordezkari izango ditu euskal txirrindularitzak. Lau euskal talde izango dira Itzulian (Movistar, Euskaltel-Euskadi, Kern Pharma eta Caja Rural), eta okerrik ezean, 22 euskal txirrindularik parte hartuko dute.

Oilar nagusiekin mokoka arituko dira seguruenik Mikel Landa eta Pello Bilbao (Bahrain), baita Euskal Herriko Itzuliko azken euskal txapelduna ere: Ion Izagirre (Cofidis). 2019an irabazi zuen lasterketa Ormaiztegikoak, Astana taldean zegoenean. Hauek izango dira beste hemeretzi euskal ziklistak : Jonathan Castroviejo eta Omar Fraile (Ineos), Jonathan Lastra (Cofidis), Alex Aranburu eta Gorka Izagirre (Movistar), Jon Aberasturi (Trek), Ander Okamika (Burgos-BH), Jokin Murgialdai eta Jon Barrenetxea (Caja Rural), Victor de la Parte (Totalenergies), Jon Agirre, Igor Arrieta, Iñigo Elosegi eta Ibon Ortiz (Kern Pharma), eta Mikel Bizkarra, Asier Etxeberria, Unai Iribar, Txomin Juaristi eta Gotzon Martin (Euskaltel-Euskadi).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.