Aurten ere irabazi du Jens Voigt-ek (CSC) Euskal Herriko Itzulian etapa bat; gaur, Gasteiz-Lekunberri etapa. Horrekin, laugarrena du. Lorpen handia da. Txirrindulari ona baita: profesionaletan denera 62 garaipen eskuratu ditu; horien artean, Tourreko bi. 35 urte dauzka.
Seigarren kilometrotik egon da ihes eginda Voigt. Orduan Aitor Perez Arrieta (Caisse d'Epargne), Paolo Tiralongo (Lampre), Addy Engels (Quick Step), Carl Naibo (Ag2r), Gorka Verdugo (Euskaltel), Andri Grivko (Milram), Remi Di Gregorio (Le Francaise des Jeux) eta Mikel Artetxerekin (Fuerteventura) aldegin du. Euren artean eraso batzuk egon dira, eta azkenean Voigtek berak lortu du bakarrik geratzea, 131. kilometroan. Tropelarekiko ia zortzi minutuko aldea zuten orduan.
Helmugatik hamabost kilometrora bost minutuko aldea zeukan; nahikoa Azpiroz lehen mailako mendateari lasai ekiteko. Inor ez da gauza izan hura harrapatzeko. Ez da harekin larritu Angel Vicioso (Relax) liderra, Voigt 107. tokian zegoelako sailkapen nagusian, 25.19ra. Viciosok Azpirozen izan duen kezka bakarra, Jose Angel Gomez Marchanteren (Saunier Duval) erasoa izan da, 2.20ra zuelako sailkapenean. Marchantek, baina, ez du alde handirik lortu helmugan liderrarekiko: 34 segundo.
Marchante bera izan da bigarren gaur, 1.39ra, eta orain 1.46ra dago. Sailkapen nagusian hirugarren Juan Jose Cobo dago, 1.54ra.
Bihar, Jaizkibel bukaera aldera
Itzuliko bosgarren etapa korrituko dute bihar: Lekunberri-Oiartzun (Gipuzkoa), 169 kilometrokoa. Berriz ere, mendate asko igo beharko dituzte: bigarren mailako lau (Huitzi, Usategieta, Aritxulegi eta Erlaitz -helmugatik 17 kilometrora-) eta lehen mailako bi (Agiña eta Jaizkibel, hau helmugatik 37 kilometrora).
Larunbatean bukatuko da proba, Oiartzun-Oiartzun 14 kilometroko erlojupekoarekin.
Txirrindularitza
Voigt, klasikoa Euskal Herriko Itzulian
Laugarren aldiz irabazi du etapa; gaur, Lekunberrin. Viciosok ondo eutsi dio lidergoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu