Xabi Prieto da Realeko kapitaina, joan den denboraldiaren amaieran Mikel Aranburuk erretiroa hartu zuenetik. Prietoren hamargarren denboraldia da Realean, eta 300 partida bete berri ditu. Bihar argitaratuko du BERRIAk hari eginiko elkarrizketa. Hemen aurrerapen bat:
Philipe Montanier entrenatzaileaz: "Egokitu egin da pixkanaka Zubietako funtzionamendura, eta nekez topatuko duzu gure artean berarekin konforme ez dagoen inor".
Europaz: "Realak horretan pentsatzeko aukerak sortu behar ditu, eta bost sasoiz behin gutxi gorabehera borroka horretan egon".
Mikel Aranburuz: "Lehen egunetik izan nuen aldamenean. Bere ondoan aldatu izan naiz urtetan eta bai, bera izan da nire erreferentzia nagusia".
Anoetaz: "Ados nago zelai hotza dela esaten dutenekin, baina taldearen jokoak zaleak piztean bertan sentitzen ditugu".