Pentatloia

Xabier Zaldua berriz ere garaile

Hirugarrenez irabazi du Euskal Pentatloi Txapelketa. Gabirondo izan zen bigarren, eta Arria V.a hirugarren.

jarraia187516.jpg
2020ko irailaren 27a
14:46
Entzun 00:00:0000:00:00

Azpeitiko zezen plazak hartu zuen atzo euskal pentatloiko final handia. Geldiune baten ostean, 2018an hasi ziren berriz ere proba egiten, eta ordutik txapeldun bakarra ezagutu du: Xabier Zaldua. Bigarren izan zen Julen Gabirondo, eta hirugarren Xabier Orbegozo Arria V.a

Euripean jokatu zuten atzoko finala, bi txandatan banatuta. Lehenegoan, nor baino nor gehiago aritu ziren Kepa Peñagarikano, Iñaki Errazkin eta Julen Kañamares. Bigarrengoan, berriz, faboritoak: Zaldua, Gabirondo eta Arria V.a. Denak prest bost jarduerak egiteko: 100 kiloko harriari 25 jasoaldi; gizon proban, bi plaza 400 kiloko harriarekin; hiru kanerdiko moztu; 50 kiloko bi txingarekin lau plaza; eta korrika hiru kilometro —30 itzuli plazari—.

Peñagarikano izan zen azkarrena lehen txandan, hasieratik amaierara arte, korrika saioan une txarrak pasatu zituen arren. Hala, 38:42 minutuan amaitu zuen proba. Errazkinek 40:05 minutu behar izan zituen, eta Kañamaresek, 43:25. 

Bigarren txandako hirurak, ordea, Peñagarikanok baino azkarrago osatu zuten proba. Zaldua nagusitu zen hasieratik, eta, Gabirondo hainbat unetan gerturatu zitzaion arren, 35 segundoren aldearekin nagusitu zitzaion. 36:05 minutu behar izan zituen lehenak, eta 36:41 bigarrenak. 37:55eko denbora eginda amaitu zuen, berriz, Arria V.ak.

Hala, Zalduak Joxe Mari Olasagastiren marka berdindu du. Hark ere hirutan irabazi zuen Euskal Pentatloi Txapelketa, 1983an, 1984an eta 1990ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.