2025eko Euskadiko Txapelketak badu garailea: Carlos Suarez nazioarteko maisua. Emaitzak ikusita, eta partidarik galdu gabe irabazi duela kontuan hartuta, pentsa daiteke erraz egin duela. Baina ez da horrela izan: «Juan Ruizen eta Patxi Morenoren kontra jokaturiko partidak erabakigarriak izan ziren, eta Morenoren kontrakoan edozer gerta zitekeen», azaldu du Suarezek.
Txapelketa Legazpiko Agirre-Etxeberria etxean (Gipuzkoa) jokatu zen, eta iragan igandean amaitu zen. 24 parte hartzaileen artean hamar bizkaitarrak izan ziren; bederatzi, gipuzkoarrak; hiru, arabarrak, eta bi, nafarrak. Horietatik hiru dira nazioarteko maisuak: Unai Garbisu, Carlos Suarez eta Santi Gonzalez. Haiek ziren txapela janzteko faboritoak. Ez bakarrik duten tituluarengatik, baita txapelketako Elo zerrendako lehen hiru postuetan zeudelako. Baina David Martinez, Sergio Trigo eta Alain Prieto FIDE maisuak ere hautagaien artean zeuden. Patxi Morenok, Fabian Peñak, Xabier Barbazanek eta Juan Ruizek ere bazuten irabazteko aukera. Dena den, iaz txapelketan lehiatu ziren xake jokalari batzuen falta antzeman zen: Paul Velten, Salvador del Rio eta Mikel Huerga maisu handiena, eta Iñigo Argandoña nazioarteko maisuarena.
Suarez bosgarren txandan jarri zen lehen postuan; Morenori irabazi ostean, hain zuzen ere. Ondorengo bi partidetan berdindu egin zuen, eta horri esker izan zen txapeldun. Erraz lortu zituen berdinketa horiek, gainera. Suarezek estreinakoz hartu du parte txapelketan, eta espero zuena baino joko kalitate hobea izan dela nabarmendu du: «Jokalari oso arriskutsuak daude. Batzuen jokatzeko maila dituzten Elo puntuak baino hobea da. Nire ustez, hori gertatzen da ez direlako Euskaditik kanpo maiz lehiatzen».
Sailkapenari erreparatuta, Suarezek arrazoi du: Elo puntu asko dituzten jokalari gehienak sailkapenaren goialdean egon dira, baina, esaterako, Asier Lakuntza Elo zerrendan hamabigarren zegoen, eta txapelketan txapeldunordea izan da. Suarezekin berdindu zuen puntuetan, baina berdinketa hausteko puntu gutxiago bildu zituen. Hirugarren, berriz, Unai Garbisu sailkatu zen, nahiz eta Elo zerrendan lehena izan 2.451 elorekin. Laugarren amaitu zuen Alain Prietok, zerrendako zortzigarrenak. Beste adibide bat ematearren, Santi Gonzalez hamazazpigarren izan zen. Gonzalez sei aldiz izan da Euskadiko Txapeldun, baina zazpi partidetatik hiru puntu bildu zituen soilik.
Eztabaida bigarren txandan
Torneoko bigarren egunean Sergio Trigo, iazko irabazlea, erretiratu egin zen. Eztabaida bigarren txandan sortu zen, Markinezen eta Prietoren arteko partidan. Prietoren sakelako telefonoa itzalita omen zegoen, baina alarma batek jo zuen. Lukas Iruretagoiena epaileak partida amaitzen utzi zien. Prietok irabazi zuen, baina Iruretagoienak galdutzat ematea erabaki zuen, joko gelan ezin delako telefonoa piztuta eduki. Prietok helegitea jarri zuen, eta hirugarren txanda hasi baino ordu erdi lehenago torneoko lehiaketa batzordeak bertan behera utzi zuen epailearen erabakia, eta puntua itzuli zion. Arazoa ondorengoa izan zen: hirugarren txandako parekatzeek bi ordu zeramatzaten argitaratuta, eta jokalari guztiek prestatua zuten hirugarren txandarako partida. Lehiaketa batzordearen erabakiaren ondorioz, parekatzeak aldatu zituzten hirugarren txanda hori hasi baino 20 minutu lehenago. Trigo ez zegoen ados hartutako erabakiarekin, ezta gauzak egiteko moduarekin ere, eta hirugarren txandako partidara ez aurkeztea erabaki zuen. Horrenbestez, torneotik erretiratu zen.
Tentsioa izan zen momentu batzuetan. Eta kolpe gogorra izan zen Trigo erretiratzea, txapeldun izan baitzen iaz. Batek baino gehiagok pentsa dezake horrek Suarezi bidea erraztu ziola, baina txapeldunak garrantzia kentzen dio gertatukoari. «Bakoitzak bere iritzia dauka, eta hartu zen erabakia errespetatzen dut. Nik momentu horretan ere nire erabaki propioa hartu nuen. Garrantzitsuena da Santikutz klubak bikain antolatu zuela txapelketa. Hori da benetan azpimarratu behar dena».
Suarez asturiarra da sortzez, baina bost urte daramatza Sestaon jokatzen. Gainera, lotura estua du Euskal Herriko xakearekin. «Txikitan hasi nintzenean xakean jokatzen, Asturiasen jokatzen nituen torneoak. 14 urterekin, adibidez, historiako Asturiasko txapeldun absolutu gazteena izan nintzen. Baina txikitatik jokatu ditut torneoak hemen ere». Duela bost urte behin betiko pausoa eman zuen, eta Sestaorekin jokatzea erabaki zuen. «Gabriel del Riok proposatu zidan bertan jokatzea, nire entrenatzaile ohiak. Erronka handia iruditu zitzaidan, batez ere Ohorezko Mailako Espainiako Txapelketa jokatzea».
Hala, Suarezek bi txapel lortu ditu aurten. Izan ere, bakarka Euskadiko Txapelketa irabazteaz gain, Euskal Ligan gailentzea lortu du Sestaorekin. «Liga oso zaila izan da, eta, zorionez, ekarpena egin ahal izan dut partida erabakigarrietan. Berdintasun handia dago taldeen artean, eta edozeinen kontra galtzeko aukera dago».
«Atzerriko beste liga batzuetan ere parte hartzen dut: Portugalen, Erresuma Batuan eta Suedian. Hango taldeekin lehiatzen naiz»
Suarezek xakearen inguruan duen ikuspegia bitxia da, beste maisuek dutenarekin alderatuz gero. «Gaur egun niretzat xakea zaletasun bat da, eta horrek hobeto lehiatzen laguntzen dit». Erronkaz erronka dabil egun. «Atzerriko beste liga batzuetan ere parte hartzen dut: Portugalen, Erresuma Batuan eta Suedian. Hango taldeekin lehiatzen naiz. Askotariko aurkarien kontra jokatzea gustatzen zait. Aurten ere espero dut berriro taldekako Ohorezko Mailako Espainiako Txapelketa jokatzea. Kategoriari eusten saiatuko gara».