Donostiako Nazioarteko Xake Irekiak luxuzko parte hartzaile bat izan du aurten: Viktor Lvovitx Kortxnoi (San Petersburgo, Errusia, 1931), munduko txapeldun izan ez den historiako jokalaririk onena: hamar aldiz izan zen Munduko Txapelketa jokatzeko hautagai. Kortxnoik 80 urte ditu, baina zirkuitu profesionalean lehian jarraitzen du, kasu aparta kirolaren historian. Gipuzkoako hiriburuan ere arrastoa utzi du. Ez du titulua irabazi, baina partida guztietan saiatu da irabazten, arriskatzen askotan eta zorroztasunez defendatzen. 19.a sailkatu da, 150 parte hartzaileren artean, Javier Moreno irabazlearengandik puntu eta erdira.
Kortxnoik 5 urterekin ikasi zuen xakean jokatzen, aitarekin. 20 urterekin Sobietar Maisuko titulua lortu zuen, eta hortik gutxira Historian graduatu zen San Petersburgoko Unibertsitatean. Hurrengo urteetan bere adineko onenen artean sailkatu zen SESBeko txapelketetan, eta, horri esker, hango federazioak nazioartean aritzeko lehen aukera eman zion. 1954an, Nazioarteko Maisuko titulua lortu zuen, eta, bi urte geroago, Maisu Handikoa.
Kortxnoiren garapena ez zen izan egun batetik besterakoa. Pixkana-pixkana joan zen helburuak lortzen, izarrez betetako SESBeko selekzioan tokia egin arte. Kontraerasoko estilo zorrotza garatu zuen. Defentsan, berriz, jokalari aparta zen. 30 urte betetzerako jada munduko jokalari onenetako bat zen.
Baina egun barregarria dirudien arren, SESBeko Federazioarentzat Kortxnoi jada zaharra zen, iragana zen. 1960ko hamarkadan hasi ziren Errusian gazteak gora eramaten, eta bazterrean utzi zuten Kortxnoi. 1971n, hautagaien kanporaketetan, Bobby Fischerren sasoia hain altua izanda, federazioak Tigran Petrosianen aurka galtzeko eskatu zion Kortxnoiri, Petrosian finalera atsedena hartuta irits zedin. Hala ere, Petrosianek galdu egin zuen Fischerren aurka.
1974an, hautagaien beste txapelketa batean Kortxnoik Anatoli Karpov izan zuen aurkari finalean. Karpovek sobietar aparatuko laguntza guztia zeukan. Kortxnoik, berriz, ez zuen aurkitu maisu handirik berari laguntzeko, eta SESBek oztopo guztiak ipini zizkion. Karpov nagusitu zen. Kortxnoik 43 urte zeuzkan orduan, eta federazioaren kutuna zen Karpov. Baina Kortxnoik borrokan jarraitu nahi zuen.
Karpoven aurkako lehiak
Kortxnoik erabakita zeukan SESBetik ihes egitea, baina agintariek debekatu egin zioten atzerrira joatea. 1976an heldu zitzaion aukera, federazioak Amsterdamgo torneoa jokatzera bidali zuenean. Kortxnoik titulua irabazi zuen, eta babes politikoa eskatu.
Gerra hotzeko garaian horrelako zerbait gertatzea larregi zen SESBentzat. Hala, Kortxnoiren familia presionatu zuten, hura sorterrira itzul zedin. Nola? Kortxnoiren semea armadara bidali zuten, eta hortik kartzelara. 1981ean Kortxnoik Munduko Txapelketa aprobetxatu zuen bere familiako egoera nazioartean salatzeko. Aldarrikapenak izan zuen saria: Kortxnoiren semeak eta emazteak herrialdea uzteko baimena jaso zuten 1982an. Halere, familia jada apurtuta zegoen. Kortxnoik ez zituen ia gehiago ikusiko.
Hori guztia gertatu aurretik, baina, 1978an, Kortxnoik buruz buruko historikoa jokatu zuen Karpoven aurka, Baguio Cityn (Filipinak). Munduko Txapelketako final ikusgarria, bizitasunez eta bitxikeriaz beterikoa jokatu zuten Kortxnoik eta Karpovek. Adibide bat: lehen partidetan Karpovi bere laguntzaileek jogurt bat ematen zioten, eta Kortxnoiren laguntzaileek salatu egin zuten jogurta ematea eta zapore ezberdinak klabeak zirela jokoari buruzaholkuak emateko. Hala, antolatzaileek adostu egin zuten jogurta egunero ordu berean ematea eta beti zapore berekoa izatea.
Bosgarren partidan gertatutakoa ere historikoa da. Kortxnoik irabazita zeukan partida, baina nekeak eragindako mugimendu txar bat egin, eta galdu egin zuen. Kortxnoik Karpoven psikologoa salatu zuen. Lehen lerrotik hura deskontzentratzen aritzea leporatu zion. Epaileak azken lerrora joateko agindu zion psikologoari. Baina 17. partidan psikologoa lehen lerrora itzuli zen.Kortxnoi berehala zutitu zen, eta «atera gizon hori hortik edo hil egingo dut!», oihukatu zuen. Egundoko zalaparta sortu zen, eta epaileak lehen sei lerroak husteko agindua eman zuen. Ordurako, Kortxnoi guztiz desorekatuta zegoen, eta garesti ordaindu zuen. Huts larria egin zuen, eta partida galdu. Beste hamabost partida jokatu ziren, guztiak bitxikeriaz beterikoak. Azkenean, Karpovek ederki jokatu zuen, eta 6-5 emaitzarekin irabazi zuen Munduko Txapelketa. Hiru urte geroago berriro izan ziren aurrez aurre finalean, Meranon (Italia). Orduan ere iskanbila izan zen: mahaiaren azpitik ostikadak ematen zizkioten elkarri. Hori saihesteko, egurrezko plaka bat jarri behar izan zuten mahaiaren azpian. Orduan ere Karpoventzat izan zen garaipena.
Xakearen mito bat Donostian
Viktor Kortxnoi Errusiako jokalari mitikoa Donostian izan da egunotan, Nazioarteko Irekian parte hartzen. 80 urte izanagatik, txapelketetan lehiatzen jarraitzen du, eta lezio bikainak ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu