Pilota. EPELen Binakako Txapelketako finala

Xala da ekuazioko ezezaguna

Xala-Laskurainek eta Titin-Merinok binakako txapelketako finala jokatuko dute gaur, Bilboko pilotalekuanFaborito garbirik gabeko partida da, eta apustuak parean irtengo dira

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Errioxak Bilbo inbadituko du gaur. Ia bi mila zalek Ebro ibaia gurutzatu eta AP-68an gora egingo dute Bizkaia pilotalekuraino. Eurek girotuko dituzte harmailak binakako txapelketako finalean (17:00, ETB1), eta eurek berotuko dute Miribilla aldeko bazkalostea. Titin eta Merino kutunak babestera joango dira, ardoaren lurrak azken urteetan izan duen pilota egunik politenarekin gozatzeko. Ahal badute, parean Laskurain azken bost urteetako atzelaririk erregularrena eta Xala aldizkako jenioa izango dituztelako. Azken hori da zalantza, argitu beharreko aldagaia. Ekuazioetan X-a da argitu beharreko aldagaia, eta gaurko finalean Xalaren X-a da argitu beharrekoa. Haren jardunaren baitan egon daiteke txapela norentzat den, baina finaletan, normalean, hazi egiten da.

Azken urteetako final parekatuetan parekatuena espero da gaur. Artekariak dirua parean eskainiko dute, eta apustu etxeetan dirua Titin-Merinoren alde ageri da, baina oso alde txikiarekin. Bitxia da, elkarren aurka txapelketan jokaturiko hiru partidetatik bi irabazi baitituzte, tarteanazkenekoa, finalerdietakoa, bukaerako emaitzak aditzera eman dezakeen baino nagusitasun handiagoz (22-16). Zer da orduan apustuzaleak kolpetik hain zuhur bilakatu dituena? Zer bainoago, nor? Xala da.

Finalari buruz iritzia ematera ausartu den ia orok buruz buruko txapeldunarengan jarri du begirada. Hura da partida kolpetik hankaz gora jartzeko ahalmena duen gaurko finalista bakarra. Titinek eta Merinok erregulartasun eta sufritzeko gaitasun izugarriak erakutsi dituzte maratoi kutsuko txapelketa luzean, eta Laskurainen lan serioa erabakigarria izan da bere bikoteak pasatako une latzenetan. Xala, aldiz, tantaka agertu da. Ez du partida bikainik jokatu, besteak beste arazo fisikoen erruz, eta horren zain daude zaleak zein aurkariak. Ligaxkako azken partidan bere magiaren lehen printzak ikusi ziren, eta Xalak, normalean, ondo jokatzen du finaletan. Gaur agertuko al da? Irabaziz gero behintzat, laugarren binakako txapela litzateke, bosgarren finalean.

Xalaren zain egongo da halaber, Laskurain. Binakako hirugarren finala du, eta aurreko bietatik burumakur itzuli zen. Azken bost finaletatik hirutan egon da, eta iaz tanto gutxi batzuengatik gelditu zen kanpoan. Bikotearen pisua hartu du bere gain, eta sasoi onean iritsiko da egun handira. Gaizki hasi zuten txapelketa eta hobera egin dute. Partidetan ere berdin pasa izan zaie, hasieratan kontrako partzial oso nabarmenak jaso baitituzte. Finalerdietako partidetan 3-8, 3-9 eta 1-11 galtzen hasi ziren, azken hori gaurko aurkarien kontra.

Titinek pilotazaleak harritzeko duen ahalmenak ez du akaberarik. Bere onenak emanda zituela zirudienean binakako txapelketan suspertu egin da, eta gaurkoa seigarren finala du. Aurretik hiru txapel lortu ditu, eta gaurkoa jantziko balu txapel bat irabazi duen pilotaririk zaharrena litzateke, 43 urte 107 egunekin. Tricioko mitoak Retegi II.ak 1997ko lau t'erdikoa irabazi zueneko adin berdina du; Titin, baina, —urtarrilaren 13an jaiotakoa da—egun, Retegi txapel hura irabazi zuenean baino 33 egun zaharragoa da. Txapelketa honetan, eta Joaquin Plazak hala aginduta, bere estiloa pixka bat aldatu du, gutxiago errematatuz, eta garrantzitsuena dena, motibazio berezia izan du.

Merino II.a izan da Titinen formula magikoa, publikoki onartu du. 21 urte gazteagoa eta errioxarra, bi pizgarri on: bere apopiloa eta gainera etxekoa. Gaixotasun larri bat pasa ondoren txapelketako atzelari onena izan da. Bi esku bikainekoa, lan eskergak egin behar izan ditu defentsan kantxa osoa kubritzeko. Olaizola II.a-Beroiz irabazitako partidako azken txanpan izandako karranpa, eta hura errenka jokatzen ikustea txapelketako irudietako bat izan da. Binakako bigarren txapelketa du eta lehen finala. Etorkizuna berea da, baina ikusteko dago presiori tutsi ahal izango dion.

Pilota aukeraketan ikusitakoaren arabera, bi estiloren arteko talka izango da. Xalak eta Laskurainek euren kezka publiko egin zuten aurkarien pilotak bote handiegia zutela iruditu zitzaielako. Atzelariak «erreboteak» ikusteko arriskua zegoela esan zuen. Horretarako, baina, pixka bat higatzean hartzen duten norabidea ikusi beharko da. Pilotek zeresana eman dute txapelketa osoan, eta ea ez duten finala baldintzatzen.

Enpresa berekoak izan arren, bi bikoteek botilleroa izango dute. Errioxarrek Joaquin Plaza prestatzaile fisiko eta teknikaria izango dute alboan. Xalak eta Laskurainek, berriz, Aitor Zubieta pilotariaren aholkuak jasoko dituzte. Txapelketan aurrenekoz eseriko da euren alboan, eta finalistek eskatu diote mesedea. Etxarrikoa 2007an txapeldun izan zen Xalarekin, eta bere botilleroa izan ohi da buruz buruko lehietan. Pilotalekuari dagokionez Bizkaian jokatuko den laugarren finala da. Duela urtebete ateak ireki zituenetik bertan jokatu dira final guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.