Pilota profesionalaren sinesgarritasuna ez dago garairik onenean. Xalari ukaturiko atzerapenak zeresan handia eman du, eta iritzi publikoa enpresen aurka jarri da. Prozesuak, gainera, hauts asko harrotu ditu, kontraesanak aireratu dira, pilotariak enpresaren aurka agertu dira publikoki, eta hori egoera ekonomikoa onena ez dela kontuan hartuta. Aferak Xalaparta izena hartu du dagoeneko, eta gehiago luza daiteke, Baionako bere abokatua Donostiako beste batzuekin bildu baitzen atzo, finala bertan behera uzteko modurik dagoen aztertzeko.
Xalaren afera iragan ekainaren 6an hasi zen, buruz buruko finalerako bi aste falta zirela apendizitis ebakuntza egin ziotenean. Egun bat geroago, finala uztailaren 3an jokatuko zela jakinarazi zion Aspek pilotariari, eta Txema Urrutia Aspeko medikuak jendaurrean onartu zuen egun horretarako sendatuko zela. Ekainaren 8an, Borja Oses EPELeko epaile bakarrak finala ez atzeratzea erabaki zuen Aspek bidalitako txostenetan oinarrituta, eta, horrela, Xalari ez zion eskaturiko bost eguneko epea eman.
Aspek herenegun jakinarazi zuen bere txostena Pedro Otazua doktoreak egin zuela, eta Xala ez zela garaiz sendatuko argudiatzen zuela. Aspeko medikuak bezperan aurkakoa esan zuen. Doktore horrek ez zuen Xalarekin hitz egin, hala jakinarazi du pilotariak, eta epaile bakarrak ez zuen pilotariak aurkeztu zitzakeen txostenak ikusi. Txostenok herenegun erakutsi zituen Xalak, eta biak aldekoak ziren.
Erabakiaren legezko arloak ere argi-ilunak ditu. Borja Oses, finala ez atzeratzea erabakia aurretik, «alde guztiekin» hitz egitera behartuta zegoen. Xalak adierazi zuenez, ez zuen haren berri izan. Ez da hala jokatzen duen lehen aldia, Patxi Ruiz iazko binakakotik kanpo utzi zutenean Lizarrakoak ere salatu zuelako Osesekin ez zuela hitz egin. Epaile bakarrak, Xalak esanikoa egia bada, pilotariarekin hitz egin gabe eta bere mediku txostenak ikusi gabe hartu zuen erabakia, enpresen bertsioa entzunez bakarrik.
Jean Paul Gilbert Xalaren abokatuak herenegungo agerraldian nabarmendu zuen Xalak bere burua defendatzeko aukerarik ez zuela izan eta Osesek erabakia «zein baldintzetan hartu zuen» aztertu behar zela. Gilbert Donostiako abokatu batzuekin bildu zen atzo, eta finala behin-behinekoz bertan behera uzten saiatzen bada gaur edo bihar jo beharko du auzitara. Aspek, bestalde, finala igande honetan jokatuko dela berretsi zuen herenegun, eta atzo jaialdi osoa zein izango den jarri zuen webgunean.
Arrazoi ekonomikoak
Duela lau hilabete, binakako txapelketako finalean, Fernando Bidarte Aspeko buruak adierazi zuen finala ez atzeratzea eta pilotalekua beteko zela ziurtatzeak ezinbestekoa zela, «enpresako egoera ekonomikoa leundu eta hil bukaerako konpromisoei erantzuteko». Lau hilabetean egoera ez zen asko hobetuko, eta tarte horretan Idoateri eta Beroizi Asegarcera joateko aukera eman diete. Hainbat ahots agertu dira enpresaren egoera ekonomikoa ez dela ona esaten, eta «likidotasun» arazoak daudela. Xalak, gainera, gainsaria jaso beharko luke jokatuz gero. Pilotariek ere esan dute sumatu dutela egoera ekonomikoa ez dela ona. Aspeko pilotari guztiek Xala babestu zuten herenegun hedabideetara bidalitako ohar batean.
@'Berria.info'-ko inkesta: Jokatu beharko al litzateke buruz buruko finala?
'Xalapartan' ez galtzeko gida
Enpresen Ligak bere historiako unerik gatazkatsuenetarikoa du gaur egun Xalari ukaturiko atzerapenarekin. Hainbat medikuren iritziak, enpresen egoera ekonomiko larria, pilotarien oharra... eta epaitegien itzala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu