Euskal Herriko zazpi txirrindulari lehiatuko dira gaurtik ekainaren 1era bitarte Italiako Giroan, eta horietako bat da Jon Barrenetxea (Gamiz-Fika, Bizkaia, 2000). «Urduritasun apur bat» sumatzen du, etapa garaipenen lehian sartzeko eskatuko baitio Movistarrek. Halere, lasai egoteko moduko emaitzak lortu ditu sasoiko lehen hilabeteetan, eta ihesean distira egin dezakeela uste du. «Abiadura izateak abantaila handia ematen dit».
Zer moduz Albania aldean? Kalean nabari al da Giroa hastear dela?
Jende asko ikusi dugu kaleetan, baina ez Giroarengatik, hauteskundeengatik baizik [igandean parlamentua osatzeko bozak egingo dituzte]. Hala ere, txirrindulariak ikusita, ikusmin apur bat sortuko da, ziur.
Bigarren itzuli handia izango da zuretzat, eta Movistarren jokatuko duzun aurrenekoa. Normalean baino urduriago zaude?
Itzuli handi bat hasi baino lehenagoko urduritasuna daukat, baina bestela, betiko moduan sentitzen naiz. 2023ko Vueltan egin nuen debuta itzuli handietan, eta orduan baino aukera handiagoa daukat emaitza on bat lortzeko. Gauzak ondo ateratzen badira, aurrean ibil naiteke. Ardura handiagoa izango dut taldean, eta noski, horrek urduritasun apur bat sortzen du. Hori bai, dagoeneko badakit gai naizela hiru asteko ahaleginari aurre egiteko. Ez da hutsetik hastea bezalakoa.
Oihartzun aldetik Tourrak ez du parekorik, baina, askoren ustez, Giroak xarma berezia du. Hala iruditzen zaizu zuri ere?
Bai, eta asko motibatzen nau bertan aritzeak. Giroa ezagutzen duen jende guztiak lasterketa berezia dela esan dit. Gure taldean, gainera, itzuli handietan lasaiena da Giroa. Espainiako Vueltan ondo ibiltzeko presioa izaten dugu, eta Tourra talde guztientzat da garrantzitsua. Bada, gure kasuan, Giroa lasaiago hartzen dugu, eta horrek on egin diezaguke.
Ibilbidea ere mesedegarria da zuretzat. Izan ere, etapa gorabeheratsu asko egongo da, ihesaldietarako aproposak.
Dudarik gabe. Vuelta, adibidez, geroz eta gogorragoa ari da izaten azken urteetan, eta ondorioz, zailagoa ari da bihurtzen nire moduko txirrindulari batentzat bertan irabaztea. Aurtengo Giroak, ordea, oso etapa egokiak ditu niretzat. Alpeetako etapa gogorrenak azken astean jokatuko dira, eta lehen bi asteetan bete-betean aritu behar dut. Aurreneko etapa, adibidez, gustuko dut, eta sasoi onean hasi nahiko nuke Giroa.
«Giroa itzuli handietan lasaiena da Movistar taldean, eta horrek on egin diezaguke»
Bigarren denboraldia duzu Movistarren. Lehen esan duzunaren arabera, talde barruan geroz eta garrantzitsuago sentitzen zara?
Bai. Taldeak konfiantza du nigan lasterketa askotarako, eta, momentuz, nahiko ondo erantzun ahal izan dut. Pozik nago sasoi honetako emaitzekin [besteak beste, etapa bat irabazi zuen Andaluziako itzulian, eta hirugarren izan zen hilaren hasieran Frankfurteko klasikoan]. Horregatik ekarri naute Girora, sari gisa.
Askotan galdetuko zizuten: Alex Aranbururen eta Oier Lazkanoren hutsunea betetzeko ardura duzu?
Nik ez dut irudipen hori. Bietako norbaiten antza izatekotan, Alexen antza dut. Taldean hori esaten didate. Txirrindulari gisa antzeko ezaugarriak ditugu, eta horregatik daukat Alex eredutzat. Pixkanaka aurrera egiten eta haren mailara iristen saiatuko naiz.
Denbora baduzu horretarako, kontratua 2028ra arte luzatu baitzizun iaz Movistarrek.
Iazkoa denboraldi zaila izan zen niretzat; eroriko larria izan nuen Amstel Gold Racen, eta luzaro egon nintzen lehiatik kanpo. Hala ere, gai izan nintzen Getxon irabazteko, eta taldeak kontratua luzatu zidan. Lasaitasun hori izanda, errazagoa da gauzak ondo egitea.
Talde gisa zer aldarte izango duzue Giroan? Gauzak nahi bezala atera zaizkizue denboraldiko lehen hilabeteetan?
Emaitza aldetik nahiko baikorra izan da sasoiaren hasiera. Agian, garaipen gehiago falta izan zaizkigu [bost lortu dituzte orain arte]. Beste World Tour talde batzuek lasterketa asko irabazten dute, baina hori ez da erraza guretzat. Batez ere hori hobetzea eskatzen digute. Puntu aldetik nahiko lasai gaude, eta, horregatik, arreta garaipenetan dugu jarria.
Hori horrela, etapa ehizan buru-belarri ariko zarete Giroan?
Sailkapen nagusirako Einer Rubio daukagu, baina beste guztiok askatasuna izango dugu garaipenak lortzen saiatzeko. Iaz etapa bat irabazi genuen Pelayo Sanchezekin, eta ea norbaitek lekukoa hartu ahal dion. Garbi dago itzuli handi batean irabazteak beste maila batean kokatzen zaituela ziklista gisa. Lorpen berezia litzateke niretzat.
Txirrindulari txinpartatsua zara, eta abiadura ezaugarri preziatua izaten da ihesaldiak errematatzeko.
Lehen gauza ihesaldian sartzea da. Ematen du erraza dela, baina egun askotan lasterketako zatirik gogorrena izaten da. Gero, egia da abiadura izateak abantaila handia ematen didala: etapa bat irabazteko, ez dut zertan bakarrik iritsi. Azken kilometroak ezberdin kudeatzen dira esprintean irabazteko gaitasuna duzunean.
Iaz ez zen euskal ziklistarik izan Giroan; aurten, ordea, zazpi ariko zarete: zutaz gain, lehiatzekoak dira Mikel Landa (Soudal), Pello Bilbao (Bahrain), Igor Arrieta (UAE), Jonathan Lastra (Cofidis), Jonathan Castroviejo (Ineos) eta Xabier Mikel Azparren (Q36.5) ere. Ez da kopuru makala.
Azken urteetan, zoritxarrez, behera egin du euskal ziklisten kopuruak World Tourrean, eta, gauzak horrela, oso pozgarria da Giroan hainbeste euskal herritar egotea. Gainera, belaunaldi askotako txirrindulariak ariko gara, eta zeresana emango dugu, ziur. Landa, adibidez, lehen bosten artean sartzeko hautagaia izan daiteke.
«Belaunaldi askotako euskal ziklistak ariko gara Giroan; zeresana emango dugu, ziur»
Zein da, zure iritziz, lasterketa irabazteko faborito nagusia?
Batez ere Ayuso eta Roglic nabarmenduko nituzke. Roglicek esperientzia handia du, eta, zortea aurka izan ezean, hura da faborito nagusia. Gogortasuna azken astean egongo da metatuta, eta horrek Roglici egingo dio mesede. Teorian bukaerako etapa menditsuetan apurtuko da lasterketa, baina kontuz, adibidez, lurrezko bideak dituen etaparekin [bederatzigarren etapa izango da].
Enric Mas oraindik ez da lehiatu Giroan. Aurten aukera polita izango zukeen, baina Tourrarekin tematuta dago.
Taldearentzat Tourra eta Vuelta dira lasterketa garrantzitsuenak, eta bestalde, Enrici beroa gustatzen zaio lehiatzeko. Horregatik ez du proba egin oraindik Giroan.
tXAPELDUN BETERANOAK ARROSAZ JANTZI NAHI DU BERRIRO
Iazko Giroa nagusitasun osoz irabazi zuen Tadej Pogacarrek (UAE), baina aurten hura ariko ez denez, estuagoa izan beharko luke faboritoen arteko lehiak. Primoz Roglic (Red Bull) da hautagai nagusia. Badaki zer den Giroa irabaztea —duela bi urte gailendu zen—, eta 35 urte izan arren, oso sasoiko jarraitzen du. Maglia arrosa bereganatu duten beste lau txirrindulari izango dira tropelean: Jai Hindley (Red Bull), Egan Bernal (Ineos), Richard Carapaz (Education First) eta Nairo Quintana (Movistar). Roglicen arerio nagusia, ordea, Juan Ayuso (UAE) gaztea izan daiteke.
Ziklista asko ageri dira koska bat beherago: Thymen Arensman (Ineos), Antonio Tiberi (Bahrain), Derek Gee (Israel), Michael Storer (Tudor), Adam Yates (UAE), Simon Yates (Visma), Giulio Ciccone (Lidl)… Kontratua berritu berritan, hirugarrenez Giroko podiumera igotzen saiatuko da Mikel Landa (Soudal). Pello Bilbao (Bahrain) ere ederki moldatu izan da Italiako itzuli handian, baina aurten, printzipioz, Tiberiren aginduetara ariko da.
Ibilbideari dagokionez, aurten apenas ukituko dituzten Dolomitak, eta ez da aparteko gogortasunik izango azken asteraino. Mendiko etapa gogorrenak iritsi bitartean, erlojupekoek sor ditzakete alderik handienak. 42 kilometro egin beharko dituzte erlojuaren aurka, bi saiotan banatuta. Albanian jokatuko dira lehen hiru etapak —aurreneko aldiz hasiko da Giroa herrialde horretan—, eta Finestre izango da igoko duten mendaterik garaiena, azken-aurreko etapan. Mortirolo, Sestriere eta Monte Grappa ere agertuko dira ibilbidean zehar.