Xextra bai, baina erdizka

Mikel Urrutikoetxea haserre agertu da «gehiegizkoak» iruditu zaizkion bi pilota zeudelako finalerako saskian. Dena den, Iker Irribarriak ez ditu bi horiek aukeratu. Antzeko hautua egin dute azkenean

Mikel Urrutikoetxea, Kepa Peñagarikano pilota aukeratzailea eta Iker Irribarria, atzoko aukeraketan. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2016ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espero zen, eta hala gertatu zen. Pilotek zeresana eman zuten atzo buruz buruko finalerako pilota aukeraketan. Eztabaida egon zen, baina erdizka, Mikel Urrutikoetxearen haserrea piztu zuten pilotak saskian gelditu baitziren: alegia, Iker Irribarriak ez zituen aukeratu. Zaratamokoaren ustez, «gehiegizkoak» ziren bi pilota zeuden Asperen sortan, eta Kepa Peñagarikano pilota hautatzaileak bi horiek baztertu ez izana kritikatu zuen. Bere harridurarako, baina, Irribarriak ez zituen aukeratu. Azkenean, bi finalistak bat etorri ziren biek «antzeko» hautua egin zutela esatean.

Buruz buruko finalerako pilota aukeraketa tramite hutsa baino gehiago izan zen. Irribarriaren partidetan pilotek zeresana eman dute, eta aste honetan finalari buruz hitz egin duen orok aipatu ditu. BERRIAren orrialdeetan, esaterako, Jokin Etxaniz Aspeko kirol zuzendariak eta Pablo Berasaluze Asegarceko pilotariak hartu dituzte hizpide. Aspekoentzat, Irribarriak erabiltzen dituen pilotak «biziak» dira, «baina ez besteenak baino biziagoak». Asegarcekoentzat, berriz, «biziegiak» dira. Lubaki guda moduko bat eratu da azken bi asteetan.

Pilota aukeraketa xextra horren beste atal bat izan zen. Lehenbizi, Urrutikoetxeak aukeratu zuen, eta, lanak egin ondoren, haserre bizian joan zen aldageletara, pilotei buruz gaizki esaka. Ezin zuen amorrua disimulatu. Deigarria zen egoera, Urrutikoetxea lasaia baita, horrelako eztabaidak saihesten dituena. Gerora azaldu zuenez, pilotak probatu zituenean haietako bi «gehiegizkoak» iruditu zitzaizkion, eta horrek piztu zion haserrea. «Pilota horiek ez dira onak ikuskizunerako. Ikusleak txartel bat ordaintzen du ikuskizun on bat ikusteko, eta pilota horiekin ezinezkoa da. Bi pilota oso gehiegizkoak ziren, frontisetik gehiegi irteten ziren, eta zerbaitegatik zeuden hor. Aurretik, Irribarriak erabili izan ditu halakoak, baina azkenean ez ditu aukeratu. Ez dakit zergatik».

Hori izan zen haserrearen bitxikeria, Irribarriak bi horiek ez zituela aukeratu. Nonbait bi horiek gehiegi ibiltzen ziren azpitik, eta Aramakoari hobeto datozkio denbora pixka bat ematen dutenak. Gazteak, hala ere, bere burua defendatzeko beharra sentitu zuen. «Niri lau pilotak gustatu zaizkit; ez dago kexarik. Batzuk gehiegizkoak iruditu zaizkiola? Uste dut ahaztu egin zaigula zein pilotekin ari garen, edo berak Altunaren aurka atera zituenak nolakoak ziren».

Urrutikoetxea gogor mintzatu zen hautatzailearen lanaz. «Hor jarri badute, pilotei buruz asko dakielako izango da, baina pilota horiek ez lukete hor egon beharko. Ikuskizunerako ez dira egokiak, eta bere eskutik pasatu dira». Are gehiago, txapelketa guztira luzatu zuen kritika. «Partida batzuk gehiegizko pilota horiekin jokatu dira». Dena den, eta kexak kexa, azkenean gustura gelditu zen hautuarekin. Urrutikoetxearen pilotak pixka bat gehiago ibiltzen dira lurretik, eta Irribarriarenak gehiago irteten dira frontisetik, baina ez dago alde handirik bi sorten artean.

Biak sasoi betean

Piloten auziaz gain, bi finalistek ez dute inolako arazo fisikorik. Irribarriak aitortu zuenez, «harrituta» dago finalak sortu duen ikusminarekin eta azken bi asteetan izan duen «eromenarekin». Harrituta dago, halaber, bera faboritotzat jotzen duten pronostikoekin. «Barregura sartzen zait hori entzuten dudanean. Ez dago hori pentsatzeko arrazoirik. Nik 19 urte ditut, lehen txapelketa dut, eta berak azken hiru txapelak irabazi ditu. Azken urteko pilotaririk onena izan da».

Urrutikoetxeak, berriz, ez zuen argitu jokamoldea aldatuko duen Irribarriari aurre egiteko. Umoreko argudiatu zuen: «Jokoa aldatzeko asmoa banu, ez nuke esango. Egunkariak hartu, Irribarriak irakurri, eta ustekabekoa izateari utziko lioke». Ez zaio arrazoirik falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.