Herri Norte taldeko kideek egindako sexu erasoak salatu dituzte hainbat emakumek sare sozialetan —Athleticeko jarraitzaileek osatutako talde bat da Herri Norte—. Horren harira, ohar bat kaleratu du taldeak, eta adierazi testigantza horietako asko duela urte batzuk jazotako gertakariei dagozkiela, eta eraso horiek egin zituztenak taldetik bota zituztela. Hori bai, jakinarazi dute ez zutela orain plazaratu diren beste eraso batzuen berri. Salatzaileek esan dute erasotzaile horietako batzuk taldean daudela oraindik; Herri Norteren arabera, baina, ez dute horren berri: «Inolaz ere ez dugu onartuko gure artean erasotzailerik egotea».
Salatutako eraso gehienak Athleticeko Herri Norte taldeko kideek egindakoak dira, baina Realeko Bultzada taldekoek eta Alaveseko Iraultza taldekoek egindako zenbait eraso ere aipatu dituzte.
Hain zuzen, duela aste batzuk neska batek sare sozialetan salatu zuen sistema judizialak huts egin ziola bortxatua izan ondoren, eta gizon batek mezu hau idatzi zion: «Nik ere bortxatuko zintuzket. Zu bai neska katxarroa. Ziur bortxatu zintuenak zure titiez eta aluaz gozatu zuela». Emakumeak salaketa jartzea erabaki zuen. Mezua idatzi zuen gizona Bultzadako kidea zen, eta taldeak kanporatu egin zuen, baina kontua ez zen hor bukatu.
Horren ondoren, sare sozialetako kontu batek hainbat emakumeren testigantzak bildu zituen: hain justu, Herri Norteko, Bultzadako eta Iraultzako gizon batzuek egindako sexu erasoen lekukotzak. Gehienak Herri Norte taldeko kideak dira.Â
Herri Norte taldeak ohar batean adierazi du ez dutela ez ikusiarena egingo eta ez dutela «estaliko» indarkeria matxistako kasurik. Taldearen arabera, saiatu dira erasotzaileak identifikatzeko informazioa lortzen, baina oraingoz ez dute lortu.
«Egiturazko arazoa»
Emakundek babesa helarazi nahi izan die erasoak jasandakoei, eta azpimarratu du indarkeria matxista egiturazko arazo bat dela. Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak, berriz, ikerketa bat abiatzea exijitu du.