Iker Espinalek (Iruñea, 1996) pozik hartu du deia. «Euskara ikasten ari naiz», aitortu du. Promes egin du euskaraz egingo duela hurrengo elkarrizketa. «Oxala gehiago egotea. Seinale ona litzateke».
Lehen aldiz ari zara titular lehen mailako binakakoan, eta igandean finala jokatuko duzu, Baionan, 11:00etan. Espero zenuen horrelakorik?
Ez nuen espero titular aritzea lehen mailan, baina Luisekin [Sanchezekin] jokatuta, banekien txukun arituz gero, aukera izango genuela urrun iristeko. Hala izan da. Ondo ari gara. Pozik gaude.
Zera da deigarriagoa: bi urte baino ez daramazu trinketean.
Martxoaren 23an bete ziren bi urte lehen aldiz aritu nintzela. Pixkanaka, neurria hartu diot, baina asko falta zait ikasteko.
Zein da sekretua?
Ordu pila sartzea, eta asko entrenatzea gustatzea. Niri egunero hobetzea gustatzen zait. Edozer egin daiteke lanaren eta sakrifizioaren poderioz. Nik egin dut: duela bi urte ez nintzen inoiz aritu trinketan, eta, egun, onenekin ari naiz.
Berezkotik ere izango duzu, ezta?
Beti esan didate oso teknikoa naizela, eta oso abila naizela edozein modalitatetara egokitzeko. Nire kolperik onena ezkerra da, baina, ezkerparetan, saiheska jotzen nuen eskuinez, eta bolea ona nuen. Horrek mesede egin dit.
Oso anbiziotsua zara.
Hala da; egiten dudan guztian izan nahi dut onena.
Nola gogoratzen duzu trinketean aritu zinen lehen aldia?
Lehen bi hilabeteak desastre hutsa izan ziren. Ama etorri zen entrenamendu batera, eta esan zidan ea zertan ari nintzen. Ondo ari nintzen ezkerparetan, eta etxean asko gozatzen zuten ni ikusten, eta gogorra egiten zitzaien ni ezinean ikustea. Ezkerretik eskuinera postura aldatzeak eman zidan lanik handiena. Garai batean ezkerparetara itzultzea pentsatu nuen, baina, enpresak [Esku Pilotak] ez etsitzeko esan zidan. Eutsi egin nuen, eta, horri esker, begira non nagoen.
Jendeak zer esaten zizun?
Ulertezina zela ni trinketan hastea. 26 urte nituen, munduko txapeldunorde izan berri nintzen, bizpahiru urte neramatzan final asko jokatzen... Baina, 26 urterekin oraindik afizionatuetan aritzeak esan nahi du ia onenak emanda zaudela, eta niri erronkak gustatzen zaizkit, baita entrenatzeko motibazioak izatea ere. Erronka oso zaila zen, eta nik bakarrik pentsatzen nuen egungo egoerara irits nintekeela. Eromen puntu bat izan behar dago, eta nik badut. Egin dudan onena izan da trinketean hastea. Ondo bidean, hainbat urtez joka dezaket, baita pilotaz gozatu ere; ezkerparetan, debutatu gabe, agian ezingo nuen horrelakorik egin.
«Lehen bi hilabeteak desastre hutsa izan ziren. Ama etorri zen entrenamendura, eta esan zidan ea zertan nenbilen»
Hala ere, hasi, lesio baten ondorioz hasi zinen.
2022ko urte amaieran pilotakada bat eman zidaten ezker ukondoan, eta hautsi egin zitzaidan, eta hiru hilabetez egon nintzen geldi. Luisek denbora zeraman esanez enpresak interesa nuela nigan. Ezker eskua gaizki nuen, baina eskuina ez, eta eskuinez jokatzen da gehien trinketean. Hala, igeltsua kendu bezain laster hasi nintzen trinketean. Orain arte.
Zenbat partida ikusi dituzu?
Youtuben dauden guztiak. Izugarri gustatzen zait pilota ikustea. Nire ustez, entrenatuz ia bezainbeste ikasten da ikusiz: zer pilota den zeinentzat, zer postura jarri... Peio Larralde dut eredu, aldeak alde, nire estilotik gertuen dago. Haren bideo guztiak ikusi ditut.
Garai batean, Iruñeko Mendillorriko trinketeko bezerorik finena izan zinen.
Ordu pila sartzen nituen han. orain, Baionan eta Hazparnen [Lapurdi] entrenatzen naiz gehien.
Trinketean hasi aurretik, lanaldi osoa zenuen Gurpea enpresan, baina segituan eskatu zenuen murrizketa.
Gehiago bidaiatu eta entrenatu behar nuen. Iparraldean oso garaiak eta indartsuak dira denak. Gainera, ez zara ezkerparetan bezainbeste mugitzen, eta pilotakada asko geldirik jo behar dituzu, eta indar handia behar duzu. Hori lantzen dut Iñaki Barbajero prestatzailearekin. Lanean erraztasun guztiak eman dizkidate trinketan bete-betean aritzeko; oso eskertuta natzaie.
Dena ez da izan polita. Iaz, bost hilabete egin zenituen min hartuta. Nola hartu zenuen?
Gaizki pasatu nuen. Ekainean hartu nuen min eskuin sorbaldan, eta bost hilabetez egon nintzen jokatu gabe. Ezkerparetatik trinketera pasatu, eta bolea jotzeko moduan egindako aldaketaren ondorioa izan zen. Direnak eta ez direnak egin nituen sendatzeko. Gogorra izan zen: bazirudien ez nintzela osatuko, eta uste baino gehiago luzatu zen. Zorionez, aurrera egin nuen. Garai horrek mesede egin dit: zoriontsu naiz, lasaiago nago, eta barneratu egin dut dena ez dela entrenatzea eta jokatzea, baizik eta irabazi ala galdu, gozatzea dela garrantzitsuena, eta garai on guztiak aprobetxatu behar direla. Horretan ari naiz.
Zertan hobetu duzu gehien?
Min hartuta egon nintzenean, bospasei kilo hartu nituen, eta, horri esker, orain askoz errazago mugitzen dut pilota boleaz, azpitik eta sakez. Pilotari indartsuagoa naiz, eta hobeto eusten diet partidei.
Zertan duzu gehien hobetzeko?
Oraindik askotan jokatzen dut ezkerrez, eta gehiago ezkutatu behar dut, eta eskuina erabili. Defentsan eta erasoan ere hobetu behar dut, baita patxada gehiagorekin jokatu ere; askotan, presaka nabil, eta ez dut horrenbeste gozatzen. Onenekin jokatzeak mesede egingo dit lasaiago aritzeko.
«Gure erritmoa ezarri behar dugu finalean; sasoi betean gaude. Ospital saihestu behar dugu, eta Gixandut mugiarazi»
Gertatu zaizun horretan zenbateko garrantzia izan du Sanchezek?
Handia. Egunero nabil harekin, eta asko erraztu dit bidea. Hari eta enpresari esker iritsi naiz hona. Niretzat sekulako oparia da Luisekin aritzea lehen mailan jokatu dudan lehen txapelketan, eta zer esanik ez finala jokatzea.
Zer itxura du finalak?
Oso gogorra. Hasieratik esan nuen Ospital eta Gixandut zirela bikoterik indartsuena, eta saihestu egin behar genituela. Lortu dugu. Laurok bete-betean aritzen bagara, oso partida luzea eta gogorra izango da, haiek izugarri onak baitira defentsan, eta oso onak erasoan. Guk gure erritmoa ezarri behar dugu; egin dezakegu, sasoi betean baikaude. Ospital saihestu behar dugu, eta Gixandut mugiarazi.
Hego Euskal Herriko bost pilotari ari zarete berezkoetan. Egoera aldatzen ari da?
Ikuspuntua aldatzen ari da Iparraldetik kanpo; hangoak ez garen pilotariak iristen ari garenez, jendeak gehiago ezagutzen du trinketa. Enpresari gustatzen zaio hau zabaltzea eta Iparraldetik kanpo gehiago aritzea. Itxura ona du.