Zaharrak 'zahar'

Vueltako antolatzaileek iraileko nekea ordaintzen jarraitzen dute, eta ibilbide motela prestatu dute 62. ekitaldirako, betiko mendateekin, gogortasun handirik gabe. Gogortasun faltak ez du, halere, ikuskizuna zertan itsustu.

Andoni Urbistondo.
2007ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Gauzak aldatzen ez direnean zaharrak berri esaten du euskal esaera zahar batek, baina Vueltako ibilbideak aldaketa txiki bat egiteko aukera ematen du. Zaharrak berri ez, zaharrak zahar, Vueltako antolatzaileek iraileko nekearen araberako ibilbidea antolatu beste erremediorik ez dutelako, eta ibilbide hori motela eta berrikuntza handirik gabea delako. Vuelta irailera aldatu zenetik urteroko kontua da hori. Vuelta bukatu ondoren bestelakoa izango da balantzea, agian, baina aldez aurreko analisian, ibilbidea aspergarri samarra da, erakargarritasun urrikoa.

Imajinazioa sobera dute Abraham Olanok eta Pepe Ginerrek, ibilbidea prestatzeko arduradunek. Ibilbide polita, ikusgarria egin nahi lukete, baina ezin dute askatasunez erabaki, zuhurtziari kateatuta daudelako. Zuhurtzia, mendatez jositako etapa gogorrak prestatuz gero tropel erdiak lasterketa utziko lukeelako lan erdiak egin baino lehen, eta beste erdiak, etapak osatzeko helburu apalarekin. Zuhurtzia, hiru asteko itzuli baten gatza eta piperra jakin-mina azken unea arte mantentzea delako, eta sailkapen nagusia lehen erdian erabakita geratzea kolpe handia litzatekeelako telebistako audientziarentzat.

Giroa epikoa da, ibilbide ikusgarrikoa, eta Tourra mitikoa, erakargarria beti, mendate gehiago edo gutxiago sartu, Tourmalet edo Galibier igo. Baina Vuelta ezin da epikoa izan, eta muga horrekin, zaila da urteko hirugarren itzuli handiak beste biei itzala egitea, Espainiako komunikabideek urtero hori saltzen badute ere. Garbi dago arriskurik hartu ezean ez dutela lortuko, eta aurtengoan ere, ez dute arriskurik hartu. Betiko mendateak, eta beldurra emateko moduko etaparik ez hiru astean, zoritxarrez.

Epikoa eta etikoa, tarteko zerbait da ibilbidea. Vueltara etorri nahi duten txirrindulari onenak ez izutzeko modukoa. Kafesnearen parekoa, kafe beltza gogortasunarekin parekatuko bagenu. Ibilbidea zailtasun handirik gabekoa da. Covadongako Aintziretan bukatuko da lehen etapa menditsua, baina aurretik hirugarren mailako bi mendate txiki ditu, non eta Asturiasen. Reinosara bidean ere (Kantabria, Espainia), etapa gogorragoa antola zezaketen, baina Palombera jarri dute, %5eko batez bestekoa duen malda etzana. Bi etapa horien arrisku handiena itzuliko lehen astean daudela da.

Zaragozako erlojupekoa izango da, ondo bidean, Vueltako lehen epailea. Luzea da oso, 52,2 kilometro, eta beherantz egiten du nabarmen Zaragoza hiriko kaleetan sartu arte. Haizearen arabera, aldeak handi samarrak izan daitezke. Erabakigarriak izango diren hiru etapetako lehena da erlojupekoa. Hurrengo biak Pirinioetako bihotzean jokatuko dira. Pirinioetan ere, ohiko mendateak. Cerler eski estazioan bukatuko da lehenengoa, eta etapa horretan ere ez dute mendate gogorrik jarri aurretik. Bai 10. saioan, Andorran bukatzen den etapan, baina sobera ez. Bigarren mailako Fadas eta Perves, eta lehen mailako Canto jarri dituzte, baina ez dira aldapa tenteak. Arcalis aldapa serioagoa da, eta litekeena da tropela dezente haustea.



BIGARREN ERDIA, MOTELA. Vueltako bigarren erdi osoan nabarmentzeko moduko bi mendate bakarrik daude. Monachil bata eta Abantos bestea. Monachilen erabaki zen iaz Vuelta, eta antzera gerta daiteke aurten. Monachil mendate arrunta litzateke Giroan eta Tourrean, %8,1eko batez besteko malda duelako. Vueltan, 3.200 kilometroko itzuliko mendate pikoena da. Esanguratsua.

Azken asteburuaren atarian Abantos gainak, eta Madrilera iritsi bezperako erlojupeko laburrak xehatuko du sailkapen nagusia (20 kilometro), xehatzeko zerbait geratzen bada. Vueltak 42 mendate ditu orotara. Horietatik, hiru bakarrik dira maila berezikoak, eta bost lehen mailakoak, mendate guztien %18 besterik ez. Gutxi.



ETAPA MOTEL ASKO. Hiru asteko itzuli bat erakargarri egiteko, garrantzitsuak dira mendate gogorrak, baina beste hainbat osagai ere erabil daitezke. Etapa bukaeretan mendate txikiak jartzea, adibidez. Vueltako ibilbideak kale egiten du alor horretan ere. Lehen hiru etapak esprintean bukatuko dira, ondo bidean. Seigarrena eta zazpigarrena ere bai, 11., 12. eta 13. bezala. Cazorla eta Segura mendikateetako etapan hasiko da ihesaldietako festa, 14. etapan. Berandu.

Dena txarra ezin izan, eta etapen egituraketan bete-betean asmatu dute Olanok eta Ginerrek. Itzuliko garailea nor izango den jakiteko azken astea arte itxaron beharko da, normalean. Etapa erabakigarriak ondo banatu dituzte, bina aste bakoitzean, eta erlojupekoak ere ondo kokatu dituzte. Zortzigarren etapan lehenengoa, eta 20. saioan bigarrena. Oso litekeena da faboritoren batek kale egitea Covadongako Aintziretako igoeran, goizegi dagoelako, baina han kale eginda ere, Pirinioetan galdutako errenta berreskuratzeko aukera izan dezake. Eta, txanponaren bestaldean, Covadongan oso ondo ibiltzen denak ondo ibili beharko du Pirinioetan.

Pirinioetatik urrezko maillotarekin irteten denak ere ez du lasaitzeko tarte handirik hartzeko aukera izango. Monachil eta Abantos indartsuena belaunikarazteko moduko aldapak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.