Zaharretik eta berritik

Aste eta erdian, Marcelinok ez du astirik izan nahi duen jokatzeko era guztiz ezartzeko, baina zantzu batzuk erakutsi ditu Athleticek. Beste batzuk lehengoak dira: Gaizka Garitanoren ereduko hainbat ezaugarri.

BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Zertan aldatu da Athleticen jokatzeko modua Marcelino dagoenetik Gaizka Garitanoren lekuan? Gauza batzuetan, bai. Entrenatzaile bakoitzak bere estiloa dauka, futbola ulertzeko bere modua, eta hori islatzen saiatzen dira taldeetan. Garitanok berea dauka, eta Marcelinok, berea. Orain, Marcelinorena da Athletic, eta haren gustuko ezaugarri batzuk ari da erakusten taldearen jokoa; bat nagusiki: erraz saiatzen da jokatzen (Johan Cruyffek zioen horixe dela zailena futbolean). Baina, aldi berean, Garitanoren zantzuak ere badauzka oraindik.

SISTEMA

Bartzelonaren aurka ligako partidan, eta Real Madrilen kontra Superkopakoan, sistema, marrazki edo irudi bera hautatu du Marcelinok: 1-4-4-2 delakoa; atezaina, lau atzelari, lau erdilari eta bi aurrelari. Aurretik egona den talde ia guztietan gauza bera egin izan du. Garitanok nahiago zuen 1-4-2-3-1 erabiltzea: atezaina, lau atzelari, bi euskarri, hiru punta-erdi eta aurrelari bakarra.

ESTILOA

Marcelinok garbi esan zuen aurkezpen egunean: «Sistema ez da garrantzitsua; estiloa da oinarria». Bi partida hauetan, estilo aldetik talde kamaleoniko samarra ikusi da zelaian. Ez du erakutsi eredu jakin bat eta bakarra; hasi eta buka horrekin. Ez. Erasoan, paseen bidezko jokoa egin du; baita joko zuzenagoa (azkarragoa) ere, kontraeraso zitalen bitartez; biak uztartu ere egin ditu baloiaren jabetza berean. Defentsan ere, antzeko: oraintxe goian egin du presioa, eta hurrengoan, lerroak ahalik eta gehien atzeratu ditu. Oro har, ezaugarri bat dauka taldeak: erraz saiatzen da jokatzen. Garitanoren aldean, ez da aldaketa handirik izan estiloan, oraingoz.

ERASOAN

Azkar jokatzen du baloia. Azkarrago ematen diote baloia jokalariek taldekideari; ukitu gutxiago ematen dizkiote, baina ñabardura honekin: aurkariari min emateko edota aurkariaren lerroak gainditzeko aukera dagoenean gertatzen da hori. Kontraerasoan ere, jakina, ezinbestean izan behar da bizia eta azkarra. Bestelakoan, pausatuago saiatu izan da taldea baloia gordetzen; batez ere, atzelariek baloia izan dutenean, eta segurtasun lekuetan: jokoaren hasieran. Oparirik ez.

Atzelariek baloia elkarri pasatzean, helburu bat izaten ari da aurkaria presiora erakartzea, atzelarien bizkarrean zuloak utz ditzan kontrarioak. Williamsen abiadura altxorra da halakoetan, eta luze jo izan diote aurrelariari aurkaria presioan hasitakoan. Garitanorekin ere erabiltzen zuten aukera hori. Bestelakoan, paseen bidezko jokoan, ikusi dira hiruzpalau mugimendu bikoteen artean: hegaletan, atzelaria eta zelai-erdikoaren artean (aurrenekoa kanpotik ari bada, bigarrengoa barrura sartzen da), euskarrien eta punta-erdiaren artean (euskarrietako bat zabaltzen bada, punta-erdiak egiten ditu lotura lanak, behera jaitsiz. Horrela, taldea ez da hausten, ez erasoan, ez defentsan gero). Ez puskatu nahi horretan, baliteke eragina izatea Muniainek ezker hegalean jokatzeak, edo hortik hastea jokatzen. Bere erara mugitzen denez, erdian arituta baino kalte gutxiago egin liezaioke gero defentsako lanari hegal inguruan mugituta.

DEFENTSAN

Presioa goian egin du Athleticek Marcelinoren lehen bi partidetan; aurkariaren atezainari motzean ateratzea galarazi ere bai. Garitanorekin, berdin. Behin aurkariak presioa gainditu dionean, taldeak azkar atzeratu ditu lerroak, azkar eta asko: ia-ia area gaineraino. Hor bereizi da Marcelinoren oso gustuko ezaugarria: zonakako defentsa, barruak itxiz. Garitanorekin ere atzeratzen zituen lerroak taldeak. Bada ezberdintasunik, baina: lehen, baloia zeukan aurkaria gehiago estutzen zen, eta orain, gutxiago. Hegaletan leku gehiago utzita aurkariari, ezinbestean jakin behar du taldeak erdiraketak defendatzen. Horretan, lan bete-betekoa egin zuen Garitanok, eta baliatu behar luke Marcelinok.

DEFENTSATIK ERASORA

Bizi eta azkar egiten du aldaketa taldeak. Goian baloia lapurtu, edo atzerago ostu. Raul Garciaren lana nabarmentzekoa izaten ari da zeregin horretan, atzean lapurtzean: aurrelari lekutik behera etorri, eta bizkarrez azkar ematen die baloia aurpegiz dituen taldekideei, horiek Williamsen abiadura bilatzeko edota jokoa beste norabait aldatzeko, aurkariaren presioa gaindituz. Kontraerasoan ateratzen denean, jokalari asko joaten dira gora. Badu azalpena.

ERASOTIK DEFENTSARA

Baloia goian galdu, eta ahalik eta azkarren galdutako lekuan lapurtu. Presioarekin. Lan horrek zentzua dauka, eta egingarria da jokalari askorekin egonez gero goian; alferrik da bat edo bi beren kasa presionatzen hastea atzekoen laguntzarik eta gertutasunik gabe. Horregatik, erasora jokalari asko doaz bizi, eta gero, presioa egiteko ere asko dauzka. Presioarenak kale egiten badu, lerroak atzeratzen zituen lehen taldeak; baita orain ere.

JOKALARIEN LEKUAK

Raul Garciaren lana aldatu egin da orain. Azkenaldian, aulkian egoten zen, eta zeregin jakin batzuk zeuzkan jokatzean; orain ere baditu, jakina, baina taldearen jokoari ekarpen handiagoa egiten dio osotasunean. Hegaletan, Muniainez gain, De Marcos jarri du Marcelinok eskuinean. Garitanok Williams ere erabiltzen zuen hor. Kontuan izan behar da ez dela gauza bera oraingo sisteman hegalekoa izan edo lehengoan izan: betebeharrak ezberdinak dira. Euskarrian, Garitano bukaeran hasi zen Vencedor eta Vesga batera erabiltzen: teknika aldetik abilenak direnak. Marcelinok ere jarri zuen bikote hori lehen egunean, baina bigarrengoan, Dani Garcia jarri zuen Vesgaren ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.