ATHLETIC 2. BETIS 1

Zaila da askoz gehiago egitea

Ibai Gomezen joko maila bikainari segika, garaipen handia lortu du Athleticek, galtzen hasi eta Beñatek penaltia huts egin ondorenIbaik eta Gurpegik langara bidali dituzte bi baloi, eta Verduk, zutoinera, 86. minutuan

Athleticeko jokalariak partida amaitu berritan, atzo, zaleei emandako babesa eskertuz; atzo ere bete egin zen San Mames. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2013ko irailaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Golak: 0-1: Jorge Molinak (62. min.); 1-1: De Marcosek (73. min.); 2-1: San Josek (82. min.). Epailea: Iglesias Villanueva. Txartel horia: Athleticeko Adurizi; eta Betiseko Chica, Paulao, X. Torres, Chuli eta Amayari. Bestelakoak: 36.000 ikusle San Mamesen.

Bai, asko falta da oraindik; hasi besterik ez da egin liga; eta egia da, bai, Verduk eskura izan zuen binakoa, 86. minutuan; iritsiko dira sufrimendu garaiak eta lesioak, bai... Egia da hori guztia. Baina, azken asteoko itxura traketsak ahaztuta, partida handia jokatu zuen atzo Athleticek, eta Europarako postuetan sendotzen hasita dago jada. Estutu egiten zuen San Mames zaharrak, eta estutu egiten du berriak ere: 3-2 Celtaren aurka eta 2-1 Betisen aurka. Sufrimenduaren bidetik iritsi zen orain hamabost eguneko garaipena; eta joko maila dotorea eskainita atzokoa. Sentsazio horiei eutsita, oso aurkari gutxi izango dira gai bilbotarrak menderatzeko.

Hori bai, garaipenaren, bi golen, hamabi puntuen eta itxuren gainetik, izen bat jarri beharra dago mahai gainean: Ibai Gomez. Zer ez zuen egin ezker hegaleko erdilariak! Eskuinez erdiraketa; itxi-itxi barrualdearekin segidan; ezkerrez ondoren; jaurtiketa gero; langara; Gurpegiri gozokia falta jaurtiketan... Eta San Joseri gola oparitu 2-1ekoan. Erakustaldia eman zuen bilbotarrak. Hamaikakoetan lekua egin ezinik dabil aspaldian, baina horrela estutzen da entrenatzailea. Zelaian hitz eginda. Herrerak hasitako jokaldian, 3. minuturako lehen erdiraketa neurtua eginda zegoen Ibai Gomez, baina Susaetak ez zuen asmatu eskuin boleaz baloia sareetara bidaltzen. 7. minutuan iritsi zen bigarren jokaldia, baina Beñatek ere ezin asmatu...

Bizitasuna eman zion Ibaik Athleticen jokoari, baina zelai erdian ondoegi kokatu ezinik zebilen artean Rico-Beñat-Herrera hirukoa. Horren erakusgarri, Beñat eta Herrera zelai erditik aurrera zirela, bi baloi arriskutsu galdu zituen Ricok, eta, 11. minutuan bereziki, min egiteko zorian egon zen Chuli, area barrutik egindako jaurtiketa indartsuarekin. Salva Sevillak eta Chulik berak lotutako jokaldian, Athleticeko atzelariek estu eta larri bidali zuten baloia kornerrera, 19. minutuan.

Etxekoena zen kontrola, baina kontraerasoetan min egiten hasita zeuden espainiarrak. Matillak 31. minutuan area ertzetik goxo-goxo egindako jaurtiketa dotorea salbu —geldiketa bikaina egin zuen Iraizozek—, Athleticenak izan ziren lehen zatiko aukerarik onenak. Eta, noski, Ibai Gomez agertu zen arrisku jokaldi guztietan. 19. minutuan oso bizi atera zuen baloia hegaletik, Herrerak pase sakona bidali zion Adurizi, eta, donostiarrak, area ertzetik, gora bidali zuen jaurtiketa.

34. minutuan kanpoaldearekin erdiratu zuen bilbotarrak, eta Herrerak gora bidali zuen errematea, buruz; 40. minutuan 30 metroko pasea bidali zion Susaetari, eta eibartarrak ez zuen asmatu... Eta ordura artekoarekin nahikoa ez zuenez, lehen zatiko azken bi jokaldietan iritsi ziren bi aukerarik argienak. 44. minutuan Ricok pase luzea bidali zion Ibairi, eta, erdilariak, eskuinez, langara bidali zuen errematea. Azken minutuan, berriz, Ibaik berak area ertzetik itxi-itxi atera zuen falta eta Gurpegik ukitu ondoren, langara joan zen, berriz ere, baloia.

Betisen gola eta erreakzioa

Estutuz amaitu zuen Athleticek lehen zatia, eta Betis erotuz jarraitu zuen Ibaik bigarrenean. Minutu horietan bi geldiketa on egin behar izan zituen Sarak, Betiseko atezainak, Ibairen eta Susaetaren jaurtiketa banatan. Bi jokaldi horien erdian iritsi zen, ordea, etxekoen aukerarik onena, Xavi Torresek Susaetari egindako penalti argian. Beñatek jaurti zuen, eta Sara nagusitu zen borroka psikologikoan. Penaltia huts egin berritan, Betisen erasoko jokaldi bakanetako batean, Jorge Molinak lortu zuen 0-1ekoa (62. min.), Xavi Torresek eskuinetik erdiratueta Iraizozen geldiketari erantzunda.

Itzaltzera zihoala zirudien Athleticek, baina, zelairatu berritan, De Marcosek lortu zuen berdinketa, Beñatek ezker hegaletik bidalitako jokaldian. Eta, gaua biribilduta, Ibairen erdiraketa onari are erremate hobea gehitu zion San Josek. 2-1. Izan zituen Verduk bi aukera on amaieran, baina berdinketa zigor handiegia izango zen etxekoentzat. Hiru puntu, eta sinesten hasteko moduko jokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.