Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Orio. Jose Luis Agirre. Orioko entrenatzailea

«Zaila izango da aurten goian ibiltzea»

2011ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Lehen denboraldia izango du hau Orioko entrenatzaile lanetan Jose Luis Agirrek (Orio, Gipuzkoa, 1967). Aurreko sasoietan Orio B-ko arduraduna izan da, eta han bere aginduetara izandako arraunlari gazte asko ariko dira orain herriko ontzi nagusian. Ez zaio lan samurra egokitu, taldea eraberritu behar izan duelako, eta horrek denbora eskatzen du. Baina, berak dioen bezala, gauzak datozen bezala hartu behar dira, eta badaki lehian sartu behar dutela etzitik aurrera. «Trantsizio urtea» izango dela dio entrenatzaileak.

Nolako maila emango du Oriok aurten?

Ikusi egin beharko da. Iaztik hona arraunlari asko falta ditugu, beteranoak gehienak. Eta, gainera, estriborreko aldea berria da osorik. Hori dena bateratzen eta uztartzen ari gara oraindik. Beste taldeek ez dute dena erakutsi orain arteko estropadetan, eta ez dakigu non ibiliko garen. Baina gure asmoa bigarren txandan ibiltzea da.

Taldea egiten ari zarela esan duzu, eta, horregatik, gerta al daiteke Orio ondo ez ibiltzea ligaren hasieran eta gero gorantz joatea?

Azkeneko estropadetan probak egiten ibili naiz, eta badakit erakutsi dugun baino gehiago garela. Orain da garaia gauzak probatzeko, baina garbi daukat hasten bezala hasten garela, gero gorantz egingo dugula.

Aurreneko urtea duzu traineru nagusiko entrenatzaile, eta ez al zaizkizu tokatu lan txarrenak?

Hala da, baina tokatzen den bezala hartu behar da. Gustatuko litzaidake iazko talde bera izatea, baina... Zorte onik ere ez dugu izan, estriborreko bi arraunlari min hartuta daudelako. Baina daukagunarekin lan egiten jakin beharra dago.

Aipatu dituzun arazo horiei aurre egitea zaila den arren, ez al da zailagoa barneratzea Oriorentzat bigarren txandan ibili behar duela?

Orion beti izan dugu harrobi ona; baina, lehen, pixkanaka sartzen genituen traineru nagusian, eta, aurten, denak batera sartzea tokatu zaigu. Ikusiko dugu noraino heltzen garen. Ez daukagu zertan beti puntan ibili, nahiz eta harrobi ona izan. Aurten zaila izango da goian ibiltzea.

Trantsizio urtea al da aurtengoa?

Bai, bai. Belaunaldi berriak pixkana sartzen joan behar du. Bizpahiru urte behar dira zailtzeko, eta pixkanaka gorantz joan behar dugu.

Gazteegia al da zure taldea?

Beste taldeetan ere badira gazteak, baina bai, gurea oso gaztea da. Arraunlari hauek izango dira hemendik pare bat urtera taldeko zutabe nagusia.

Nola daude beste taldeak?

Gero eta indartsuago. Urdaibaik gora egin du, San Joanek ere bai. Kaiku ere ondo ibiliko da, eta besteren batek ere sekulako maila emango du. Aurreko urteko talde bera dutenek gora egingo dute, eta aldaketa asko jasan behar izan dituztenek, normalean, behera egingo dute. Baina sekulako maila dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.