PILOTA

Zailtasunean ere, txapeldun

Ezker sorbaldako lesioak sufriarazi egin dio Altuna III.ari Hori dela eta, balio handia eman dio horri aurre eginda txapeldun izanari. Lau eta erdiko laugarren txapela du; zazpigarrena, hiru modalitateak kontuan hartuta.

JOKIN ALTUNA.
Jokin Altuna, gaur, Amezketako frontoian. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko azaroaren 20a
18:39
Entzun

Jokin Altunak (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) gauza bera erantzuten du haren palmares bete-beteari buruz galdetzen dioten aldiro: pilota uzten duenean erreparatuko diola. Horri eutsi dio gaur ere, lau eta erdian laugarrenez txapeldun izan osteko egunean. «Garrantzitsua sentitzen naiz pilotan, eta badakit gauza handiak egiten ari naizela. Baina horri guztiari erretiroa hartzean erreparatuko diot».

Gaur bertan egingo balu, jada sekulakoa litzateke. Zazpi txapel irabazi ditu: lau eta erdian lau, buruz buru bi, eta binaka bat. Hiru modalitateetan txapeldun izan diren zortzi pilotarietako bat da. Julian Retegi, Fernando Arretxe, Aimar Olaizola, Abel Barriola, Juan Martinez de Irujo, Oinatz Bengoetxea eta Mikel Urrutikoetxea dira beste zazpiak. Haien artean hiruk baino ez dituzte irabazi Altuna III.ak baino txapel gehiago Lehen Mailan: Retegi II.ak, Olaizola II.ak eta Irujok. Eratsundarrak hogei jantzi zituen, goizuetarrak hamalau, eta iberotarrak hamahiru. Gero dator amezketarra. Urruti ditu oraindik.

Baina, Altuna III.ak 27 urte baino ez ditu, eta, ondo bidean, kirol ibilbide luzea dauka aurretik; urte mordoa du garaipen zerrenda betetzen jarraitzeko. Hiru pilotari handi horien arrastoan dabil. Irujoren pare dago: 27 urterekin irabazi zuen hark zazpigarren txapela. Olaizola II.ak eta Retegi II.ak, ordea, amezketarrak baino geroago jantzi zuten zazpigarren txapela maila nagusian: goizuetarrak, 28 urterekin, eta, eratsundarrak, 31 urterekin. Jokatuak dituzten finaletan, ordea, aurrena da Altuna III.a: hamahiru jokatu ditu, bere adineko inork baino gehiago.

Inon nabarmendu baldin bada, lau eta erdikoan nabarmendu da. Zortzi final jokatu ditu, Patxi Eugik, Olaizola II.ak eta Irujok bezala. Baina hark lehenago egin du, eta ikusgarriagoa dena: bata bestearen atzetik jokatu ditu. Lau irabazi ditu, Retegi II.ak bezala. Olaizola II.a baino ez du aurretik, zazpirekin. Lau eta erdikoa irabazita, halaber, eten egin du txapelik irabazi gabe zeraman bolada: urte eta erdi pasatxo zeraman alerik eskuratu gabe, Julen Martijarekin binakakoan nagusitu zenetik. Bi final jokatu zituen tartean: lau eta erdikoa, Joseba Ezkurdiaren aurka, eta buruz burukoa, Aitor Elordiren kontra. Biak galdu zituen. Hirugarren ahalegina izan da balioduna.

Ez dago txapelketa errazik. Baina azken lau eta erdikoa bereziki izan da zaila Altuna III.arentzat. Abuztutik ezker sorbaldan duen minak gogotik sufriarazi dio. Baina, hala ere, txapeldun izan da. Balio handia eman dio horri. «Txapel honek balio du ikusteko kirolarion egunerokoa ez dela erraza, eta zailtasunak daudenean asko balio duela sufritzeak, hortzak estutzeak eta aurrera egiteak. Horregatik, oso berezia da txapel hau. Poza latza dut», esan du gaur, jaioterrian, finalaren osteko egunean txapeldunak eman ohi duen prentsaurrekoan.

Ez dago gaitzik onik ez dakarrenik. Altuna III.ak azaldu duenez, lesioa osatzen buru-belarri aritu izanak «mesede» egin zion finala prestatzeko orduan. «Egunez egun joan nintzen. Adibidez, ilusio handia nuen ostiralean entrenatzeko, eta lanean hasi, eta hobeto nengoela ikusteak sekulako konfiantza eman zidan finalari begira. Hilabete eta erdi neraman horren ondo entrenatu ezinik. Hori gutxi ez, eta mesede egin zidan finalaren hasierak: Peiok [Etxeberria] ez zuen bere egun onena izan, eta nik segituan egin nuen ihes».

Ez du jokatuko hasieratik binakakoa

Lehiak ez du etenik, eta bihar bertan aurkeztuko dute binakakoa, Bilbon, Bizkaia frontoian. Altuna III.a aurkezpenean izango da, baina ez da ariko lehen jardunaldietan. Ondo osatu nahi du. «Min txikiena desagertu arte, ez naiz itzuliko, eta denbora daramat minez jokatzen. Ez du zentzurik nire adinarekin hau luzatzen aritzeak. Ondo osatu arte ez naiz itzuliko. Medikuak esan dit horrelako lesio bat sendatzeko ebakuntza egindakoa dela. Gelditzeko esan dit, eta errehabilitazio ariketak egiteko. Medikuak uste du horrela sendatuko zaidala lesioa. Bestela, plasma jarri beharko didate, eta orduan gutxienez hilabete eta erdi egon beharko dut geldi, eta gero entrenatzen hasi. Atseden hartzen eta ariketak egiten osatuko naizela uste dugu. Hala ere, denbora pixka bat beharko dut». Urteberri eguna aipatu zioten. «Seinale ona litzateke. Oso gustura jokatzen dut egun horretan. Baina ez dakit noiz jokatuko dudan berriro».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.