Donostiako Illarra jatetxe ezaguna aukeratu du Sito Alonsok elkarrizketa egiteko (Madril, 1975). Lehiaketako tentsioak pasata, baina agendan tarte askorik gabe aisiarako. Atzo, Bartzelonatik aritu zen, Endesa Ligako finaleko bigarren partidan iritzi emaile, LA1n. Astelehenean Trevisora joango da (Italia), Antonio Alonso idazkariarekin batera, jokalari gazteen torneo bat ikustera. Oporrak noiz? «Uztailean aste pare bat, espero dut».
Agerikoa da euskal gastronomian aditu bilakatu dela, onddoak eta txuleta eder bat eskatu baititu. Bost kilo irabazi ditu Donostiara etorri zenetik; «ogitartekoa hartu eta kostaldeko mendietan osteratxo batzuk egin baditut ere», esan du. Jatetxean bertan herritar askok agurtu dute, baina ez omen zaio nekeza egiten: «Jendeak animo keinuak egiten dizkit, hitzik esan gabe. Joan den astean Urbil merkataritza gunean zale batek bost minutu lapurtzen utziko ote nion galdetu zidan beldurtu antzean, iritzia emateko. Baietz esan nion, eta han aritu ginen, hitz eta pitz».
Saskibaloiko Pep Guardiola sentitzen ote zaren galdetzeko eskatu didate. Konparaketa egokia al da?
Nola ez, Guardiolak balio jakin batzuen inguruan eraiki duelako taldea, eta, gainera, modu arrakastatsuan. Nire lan egiteko moduan, funtsezkoak dira motibazioa eta talde-psikologia lana.
Nola eman dio Sito Alonsok bere lan egiteko modua, bere baikortasuna taldeari? Nola lortu du batasun hori zaleekin?
Emaitzek eta garaipenek asko laguntzen dutela esan nuen orain hilabete pare bat, baina, nire ustez, zaleek asko eskertu dute taldeak nola erreakzionatu duen oztopoak sortzen zirenean. Une zailak izan dira, baina ez dute etsi, eta guk ere ez. Taldea hazi, indartu egin da une zailetan, lesioak egon direnean, galdu behar ez ziren partidak galdu direnean, eta jendeak eskertu egin du hori. 0-4 gindoazenean Zaragozara ehun lagun joatea ikaragarria izan zen guretzat. Partida batean izan ezik, taldeak zeukan guztia eman du beste neurketa guztietan, eta guk geneukan fedea eduki du jendeak.
Donostiako, Gipuzkoako jendearen izaerak eraginik izan al du zure lan egiteko moduan? Bertakoon izaera ezagutzen al zenuen etorri aurretik?
Taldea inguratzen zuten atal guztiak aztertu nituen. Ezin duzu hiri, talde batera lanera joan eta filosofia jakin bat erabili, taldea, jokalariak eta zaleak filosofia horrekin bat datozen jakin gabe. Nik aztertu egin nituen faktore horiek guztiak, eta aukeratutako lan eredua azterketa horren ondorio zuzena da. Taldeak eta nik lanean, diziplinan eta seriotasunean antzera pentsatzen genuela jabetu ostean erabaki nuen lan egiteko modua.
Dena izan da lorea, laudorioa, dena arrakasta zure jardunaren inguruan. Nola hartu dituzu?
Errespetuz eta onartuz. Loreak botatzen dizkizutenean errazena lasaitzea da. Loreak zergatik jasotzen diren aztertzen dut, galbahea egin, eta zergatia bilatu. Adibide bat emango dut: zaleek ez gaituzte maite irabazten dugulako, Valentziara joan eta batzuk edo besteek jokatu, berdin jokatzen dugulako. Horregatik jasotzen ditut, ditugu loreak, eta hori gordetzen dut loreetatik.
Zure psikologiaz. Pixkanaka xehetasunek argia ikusi dute, baina deigarrienetakoa Gasteizko anekdota bat izan zen. Baskoniaren aurka galdu, 2-8 balantzea eta azken postuan sailkapenean, eta zuk Kopa jartzen zuen afixa erakutsi zenien jokalariei aldageletan. Baita mezu berbera eman prentsa aretoan kazetariei.
Baikortasunak jatorri asko ditu. Taldearen pazientzia emaitzak onak izan ez direnean, adibidez. Nirekin eta Porfi Fisacekin. Laguntzaileen lana ere funtsezkoa da. Emaitza ona ez bada, entrenatzaileak konplize bat, laguna bilatzen du, eta lagun hori sendo mantentzen ez bada, zalantzak sortzen dira. Nire kasuan, sendo mantendu dira. Jokalariek ere, gauzak ongi edo gaizki egin, nire eta nire laguntzaileen babesa sentitu dute. Erantzukizuna kendu nahi izan diegu, eta horregatik eman dute neurria. Bolada txarrean eta onean. Mezua beti izan da berbera. Lagundu. Lasaitasuna eman.
Eta ez al zintuzten zorotzat hartu, Koparena esan zenuenean?
Askotan. Normala da, ni oso baikorra naizelako. Zuen artean ere aurpegi arraroak ikusi nituen, Real Madrilen aurka nola jokatuko genuen galdetu eta haiek gure erritmoan jokatzeko gai izango ote ziren esan nuenean. 100 puntu sartu genizkion Real Madrili. Beste taldeak errespetua edukitzera behartu ditugu, eta gauza handia da hori. Fedearen kontuak. Baikortasuna saskibaloian eta bizitzako egoera guztietan dut. Gizakiok geure buruaren baitan gaude.
Motibatzeko erabili duzun teknikaren bat jakinarazteko modurik bai?
Asko egon dira.
Bideoak-eta, Guardiolak bezala?
Metodo horiek zaharkituak daude jadanik. Jokalaria ez aspertzea da nire lehen helburua, monotonia saihestea. Hitz ezberdinak, jokaldi ezberdinak. Hori ezin da jendaurrean aitortu. Egoera bat. Sevillan ez nien partida atarietako diskurtsorik bota jokalariei. Donostian Bizkaiaren aurka galtzetik gentozen, kolpe gogorra, eta ez nintzen aldagelara sartu. Jokalariek 20 minutuz hitz egin zuten elkarrekin, eta ni kanpoan geratu nintzen. Epaileak ere harrituta zeuden. Irabazi egin genuen, eta kanporaketak jokatzeko sailkatu. Salgadok, Papamakariosek, Pankok... badakite zer egin niri entzun gabe.
Ordu asko sartzen omen dituzu.
Bulegoan orduak egitea eta lana egitea ez da gauza bera. Oheratzen zarenean egin duzunarekin gustura sentitzea da gakoa. Nik ez dut kontrolatzen laguntzaileek zenbat ordu sartzen dituzten.
Errietarik egiten al diezu jokalariei?
Ez. Zorrotza naiz, baina ez dut errietarik egiten. Egiten nituen, gazteagoa nintzenean, baina ez du ezertarako balio. Iraganean, errieta egiten zuten entrenatzaileek arrakasta lortzen zuten; egun, beste modu batera egiten da lana. Nik jokalariei entzuten diet, zaindu, eta, ondoren, eskatu.
Zer balantze egiten duzu? Gutxirekin asko egin al da?
Taldearen helburua ez zen Kopa jokatzea, kanporaketak jokatzea, eta hori ulertuta, denboraldia historikoa izan da. Ni ez naiz emaitzarekin geratzen halere, zabaldu ditugun balioekin baizik. Asko eman dugu, eta hutsetik hasita. Zaleen aurpegiak ikusi, eta gozatu egin dut, Lolo Encinas eta Gorka Ramoneda negarrez ikustea, Bilbon irabazi genuenean.
Lagun Aron jarraituko duzu, ezta?
Bi urteko kontratua dut klubarekin, eta kontratuak errespetatu egin behar dira. Zer gertatzen da? Liga bukatu eta hamar eguneko epean bi aldeek dute hitzarmen hori hausteko aukera. Pablo Lasorekin gertatu zena gogoratzea onena. Pozik nago Donostian, eta ez daukat hiriz aldatzeko intentziorik. Klubera etortzeko egin zidaten eskaintza eskertzen dut.
Sona irabazi al duzu Donostian?
Ziur. Ni pertsona bera naiz, baina ofizio honetan gorabehera asko daude. Badalonan izena galdu nuen; hemen irabazi egin dut.
Arduratuta al zaude taldeak sosak biltzeko dituen arazoekin?
Noski. Europan jokatzeak ekar ditzakeen zehar kalteek arduratzen naute, talde hobea behar dugulako bi lehiaketetan aritzeko. Talde hobeak diru kopuru handiagoa eskatzen du. Aurrekontu apalarekin bosgarren izan bagara, zergatik ez arrakasta hobetu zenbaki berekin?
Aldaketa dezente egingo dira taldean, ezta?
Gauzak ondo, bai. Papamakariosek jarraitzea nahi nuke, borrokalari petoa delako. Egon diren guztiak geratzea nahi nuke, baina zaila ikusten dut, euren balioa handitu egin delako, eskaintza onak jasoko dituztelako, ez dakigulako zer baliabide izango ditugun... Kontua mantso doa, eta hala joango da.
Lehiakortasuna galtzearen beldur al zara?
Bai. Joan den udan ere asko arriskatu genuen, eta apustua ondo atera da. Lorant Urrezko LEB ligatik etorri zen, Betts erretiroa hartuta zegoen ia, Papamakarios Greziatik irteten zen lehen aldia den, Neto 19 urterekin Brasildik Europara... ACB ligako bosgarren taldea ez garela ulertzeko ariketa egin beharko dugu. Ezeri uko egin gabe, baina helburua onenen ligan egotea dela ulertuta.
Europa zama astuna bilaka daiteke.
Bai, eta handia. Astelehenean goizeko zazpiretan hegazkina hartzen duzu, iluntzean hotelera iritsi, lan saio arina egin, partida jokatu, asteazken iluntzean etxera bueltatu, ostegunean nekea arindu eta ostiralean Sevillarako hegaldia hartu. Erritmo hori arriskutsua da ohiturarik ez duten jokalarientzat.
Asko egin da sasoi honetan; zer geratzen da egiteko hurrengoan?
Dena. Talde ezberdinarekin, baina borrokatzeko grina berberarekin. Lortutakoa errepikatzea zaila izango dela pentsatzen hasi behar da, baina etsi gabe. Gehiago edo gutxiago egiteko prestatu behar dugu, baina gutxiago egingo dugula pentsatu gabe. Esfortzuaren borroka galdu gabe.
Sito Alonso. Lagun Aro GBCko entrenatzailea
«Zailtasunean hazi egin da taldea, eta zaleak taldearekin»
«Lorpen historikoaren» balantzea egin du Alonsok, eta geroa xehatu. Bere baikortasun eta lan ereduaren berri eman du, eta Europatik datorren arriskuaz gogoeta egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu