Kolpe itzela hartu zuen Athleticek Espanyolen kontra joan den igandean. Porrot bat baino gehiago izan zen: ustez gorako bidea egiten ari zen talde batek jipoia hartu zuen etxean; eta berez aparteko talenturik ez daukan talde batek jipoitu zuen. Horrela laburbildu daiteke duela astebete San Mamesen gertatu zena. Burumakur bueltatu ziren jokalariak etxera. Jota. Athleticek beheko postuetatik aldentzeko zer egin behar duen jakin gabe. Hau da, aurreko hiru asteetan pilatutako konfiantza guztia ordu eta erdian galdu zuten lehoiek.
Lezamako zelaietan baino gehiago, aldagelan izango zuen lana asteon Marcelo Bielsak. Jokalarien autoestimua berreskuratzea ezinbestekoa baita denboraldiaren bigarren zatiari behar den moduan heltzeko. Berez, astebete nahikoa da jokalariek azken partida ahazteko. Onerako zein txarrerako, futbol profesionalak ez baitu beste ezertarako betarik ematen. Athleticeko futbolariek ere aurrera egiteko gogoa dutela erakutsi diote Bielsari lan saioetan. «Hasieran, animoa hartutako kolpearen neurrikoa da, baina egunak pasatu ahala, egoerari buelta emateko gogoak aurrea hartzen dio azken emaitzak eragindako minari». Hala behar du.
Baina ez dago argi Athleticek zenbateko konfiantzarekin aurre egingo dion gaur Rosaledako konpromiso gaitzari. Zenbat kolpe hartu beharko ditu taldeak etsitzeko? Gai izango al da oso talde on bati aurre egiteko? Baikorra izan behar da oso horrelako galderei erantzun positiboa emateko. Athletic, egun, ez baita talde fidagarria. Partida berean zein jardunaldi batetik bestera gauza onak eta txarrak egiteko gai da. Zoritxarrez, denboraldion txarretik gehiago eskaintzen ari da onetik baino. Lehen Mailan garesti ordaintzen diren opariak ari da errepikatzen.
Gurpegi, Ibai eta Llorente
Pentsa zer egingo duen Malagak Espanyolek bigarren zatian izan zituen erraztasunak baldin baditu. Txikitu egin lezake talde zuri-gorria. Hori bai, Athletic ez da talde txarra, eta ondo lehiatzeko kapaz bada, estu har lezake kontrarioa. Baliteke, gainera, Manuel Pellegriniren taldea datorren astean Portoren aurka jokatu beharreko Txapeldunen Ligako partidari begira egotea. Behar baino gehiago deskuidatzen bada, lehoien mesederako izango da. Athleticek berea egin behar du ondo, ordea. Lerro guztietan fin eta sendo aritzeko, Gurpegi, Ibai Gomez eta Llorente berreskuratu ditu zuri-gorrien entrenatzaileak. Muniain, Ekiza eta Amorebieta, berriz, ez daude jokatzeko moduan, eta etxean geratu dira.
Zalantza askorekin doaz
Jokoan gorabeheratsu dabilela eta puntu premia handia duela bisitatuko du gaur Athleticek Malaga indartsua

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu