Zale gehienek oraindik ere ondo gogoan daukate Mikel Nievek (Leitza, Nafarroa, 1984) iazko Giroan Gardeccian gora eman zuen erakustaldia. Zazpi ordu eta erdiko gozatua izan zen. «Edo sufrimendua». Orekaren neurria galduta, balantzaka iritsi zen helmugara, bi besoak ezin eta, bakarra altxatuta. Koska bat gora egiteko gai dela sinetsita, sailkapen nagusia eta etapa garaipen bat buruan dituela ekingo dio bihar Giroari, Herningen (Danimarka). Kataluniako Voltan erorita, zalantzaz beteta dago —zuntz haustura izan zuen—, baina azken astea dauka begiz jota, aste beldurgarria.
Giroa aurkeztu zutenetik denak esan eta esan ari dira aurtengo ibilbidea ez dela hain gogorra, baina ibilbide guztiak aztertuta...
Nik ere ez dakit ba zer esan! Iazko eta aurtengo ibilbideak ondoan jarrita, ez dakit zein den gogorragoa. Aurten, oso-oso gogorra da azken astea, eta iazkoaren itxura handia dauka. Esango nuke pixka-pixka bat gogorragoa ere badela.
Euskaltel-Euskadiko taldeburu gisa ekingo diozu Giroari, baina zein pentsamendurekin zoaz?
Pentsamenduak asko aldatu zaizkit Voltan erori nintzenetik. Dezente aldrebestu dit prestaketa, zuntz hausturak eraginda hamabost bat egunez geldi egon behar izan dudalako. Horregatik, Giroari ez diot ekingo nahi nuen sasoi on horrekin. Saiatu naiz azken egunotan entrenamendu onak egiten, eta pixka bat gora egin dudala uste dut. Baina errepideak esango du behar adina egin dudan gora edo ez. Zalantza dezenterekin ekingo diot Giroari.
Euskal Herriko Itzulian argi ikusi zen arrakastarako bidean ezinbestekoa dela ibilbidea zehatz-mehatz aztertzea. Bertatik bertara ikusi al duzue etaparen bat edo beste?
Ez, ez, Italiara ez gara joan; azken finean, igaro behar ditugun mendate gehienak elurtuta zeuden, eta ezingo ginen goraino igo. Baina iaz ere horrela joan ginen, eta primerako Giroa irten zitzaigun gero. Ibilbidea jakitea baino garrantzitsuagoa da sasoi onean iristea eta nork bere mugak argi ezagutzea.
Maiatzaren 26an beteko dituzu 28 urte. «Gaztea naiz», «ikastera noa»... Badakizu horrelako esaldiak zentzua galtzen hasita daudela. Ardura hartzeak arduratzen al zaitu?
Ez... Sailkapen nagusian lehen hamarren artean sartzeko eta etapa bat irabazteko eskatu dit taldeak, eta neure buruari jarri diodan helburu berbera da hori. Iazkoa aztertuta, hori eskatzen diot neure buruari, lehen hamarren artean ibiltzea eta etapa bat irabazteko borrokan sartzea. Badakit helburu zailak direla, baina taldeak ez dit eskatu lortu ezin dudan ezer.
Tropelarentzat jada ez zara ezezaguna, eta pentsa liteke iaz baino gehixeago kontrolatuko zaituztela.
Baliteke, bai. Orain, agian, ez didate utziko ihesaldietan hain erraz sartzen, eta gehixeago zainduko naute. Baina lasterketak berak jarriko du bakoitza bere lekuan, eta saiatu ez izanaren penarik ez dut izango behintzat. Mugitzen utziko ote didaten, edo ez, beste kontu bat izango da hori.
Laugarren egunean izango duzue lehen atseden eguna, eta hamabi etapako multzo bat eta seiko beste bat izango dituzue gero. Erabakigarria izan daiteke, ezta?
Zalantzarik gabe. Goizegi iritsiko da lehen atseden eguna, eta ondoren hamabi etapa egin beharko ditugu jarraian. Min egingo du horrek. Luzeak dira etapak, eta oso garrantzitsua izango da etapatik etapara gorputza bere onera ekartzea. Ezinbestekoa izango da behar ez denean behar baino ahalegin handiagoa ez egitea.
Erlojuaren aurka, bakarka, 38,8 kilometro dauzkazue, eta taldeka, 33,2. Erlojupekoetan denbora asko galdu izan duzula kontuan hartuta, zenbateko galera litzateke onargarria?
Ez dakit, ez dakit. Egin ditudan saioak aztertuta, nik ere ez dakit zenbatekoa litzatekeen galera onargarria. Sasoi ona lortzeak arduratzen nau une honetan. Helburu hori lortuz gero, hainbestean moldatuko naiz.
Laugarren etapa arriskutsua izan daiteke zuretzat, taldekako erlojupekoak berez direlako oso gogorrak, eta sasoi onenean ez zaudenez...
Bai eta ez. 2010eko Vueltan, taldekako erlojupekoan, eserlekua apurtu zitzaidalako geratu nintzen taldekideei segitu ezinik. Baina gainerakoetan nahiko ondo moldatu izan naiz taldekideekin. Dena den, badakit taldekako erlojupeko hori dela guretzat etaparik zailena, eta ea galera handirik ez dugun pilatzen.
Lehen sei etapetan asko ez galtzea izango da helburua, noski...
Hori da. Lehenengo astetik bizirik ateratzea da helburua; lasterketan sartuta egotea eta ordu laurden bateko galerarik ez izatea. Badakit taldekakoan denbora pixka bat galduko dugula eta beste etaparen batean segundoren bat edo beste gal dezakedala. Baina, egunez egun, galera horiek saihesten saiatuko naiz. Guretzat etaparik aproposenak iristen direnean aztertuko dugu non gauden eta zer egin dezakegun.
Zazpigarren eta zortzigarren etapetan mendate gogorragoak igaro beharko dituzue jada: Rocca di Cambio eta Colle Molella bigarren mailakoak. %10etik gorako batez besteko aldapak dauzkate biek.
Bai, bai, lehen astea betetzerako sasoi onean egon beharko dugu, Giroa irabazteko moduan zein ez dagoen ikusiko dugulako bi etapa horietan. Baina asteburu horretan jada aurrekoen erritmoari eusteko gai izango naizela sinetsita nago.
Talde gaztea darama Euskaltelek, esperientzia handirik gabea: Belasko, Oroz, Txurruka, Cazaux, Saez de Arregi, Minguez, Ion Izagirre, Cabedo eta Nieve. Ilusioa esan nahi du horrek.
Ilusio ikaragarriarekin goaz, bai. Baina Txurruka, Belasko eta Oroz berak, adibidez, esperientzia handiko txirrindulariak dira, eta azken biak arituak dira Giroan. Horien ondoan, aukera asko dauzkate gainerako gazteek. Ion Izagirre, esaterako, pentsa nolako denboraldia egiten ari den! Iaz ere esperientzia handirik gabe joan ginen, eta azken emaitza ez zen txar-txarra izan.
Zuk Antonen itzalean eduki zenuen aukera bera eduki dezakete Txurrukak, Izagirrek edo besteren batek?
Zalantzarik gabe. Nire itzalean edo nire gainetik ere bai. Taldeburu gisa ni noa, baina denok edukiko ditugu aukerak Giro honetan. Aukera horiek baliatu ahal izango dituzte taldekideek ere.
Azken astean sartu aurretik, 14. etapan, Col de Jeux lehen mailakoa igo beharko duzue lehenengo, eta Cervinia amaigabean amaituko da gero etapa. 28 kilometroko igoera da.
Oso etapa gogorra izango da hori. Aspalditik daukat Giroko liburuxka esku artean, eta ondo aztertuta dauzkat etapa guztiak. Egun osoan aurrean egon beharreko etapa izango da 14.a, baina azken 70 kilometroak dira bereziki gogorrak. Egun horretan ezingo da huts egin, baina beste hamahiru etapa daude aurretik, eta hobe da egunez egun joatea.
Txirrindulariek nekez esaten duzue zein etapa dauzkazuen gorriz markatuta, baina 17.a, 19.a eta 20.a ederrak dira zuretzat. Giau, Manghen, Alpe di Pampeago, Mortirolo, Stelvio... Hasi sekretuak aitortzen.
Igoera batzuk ezagutzen ditut, Giau, esaterako, iaz ere igo genuelako. Aurten jaitsi beharreko aldetik igo genuen iaz, baina oso gogorrak dira bi igoerak. Baina zer esango dizut, ba, hiru etapa horiei buruz! 19. etapan, adibidez, Manghenen, neke handia pilatuko dugu, eta ondoren oso gogorra izango da Alpe di Pampeago. Batez bestekoei begira aritu naiz, eta %10 ingurukoa da zifra hori. Oso batez besteko altuak dira gehienak. Indarrez ondo iritsi beharra dago azken aste horretara. Zalantzarik gabe, etapa horiek gustatzen zaizkit gehien, eta amaiera alde horretara ondo iristea espero dut. Etapa horietan saiatuko naiz kolperen bat ematen.
Giroa bera hankaz gora jartzeko aproposa da 20.a: 219 kilometro, bost mendate, Mortirolo eta Stelvio tartean... Iaz Gardeccian lortu zenuen garaipenarekin gogoratuko dira asko eta asko. Zu ere bai, akaso?
Etapa horrekin ni ez naiz asko gogoratzen, ez pentsa! Ikaragarri gogorra da etapa hori, eta 20. etapa izanda, indarrez larri ibiliko gara. Mortirolo bera oso-oso gogorra da, eta Stelvio gainera iritsi egin behar da gero [2.757 metro]. Nahiko beldurgarria da etapa hori, bai. Ezinbestekoa izango da egun horretan indarrak ondo neurtzea.
Etapa garaipen bat eta lehen hamarren artean tokitxoa. Horrez gain, begiratzen al diozu mendiko maillotari ere? Iaz laugarren sailkatu zinen...
Giro guztiko lanaren ondorioa da hori. Dauden igoerekin, zaila da hasieratik helburu hori edukitzea. Azken astean erabakiko da mendiko sailkapena, eta etapa horietara indarrez ondo iritsiz gero, baliteke borrokan sartzea. Baina, hasiera batean, ez daukat horrelako asmorik.
Contadorren zigorraren eraginez, 10. postuan ageri zara iazko Giroko sailkapenean. Baliorik ematen al diozu emaitza horri?
Giroko 10. postuari ez diot inolako baliorik ematen, 11. postuan amaitu nuelako. Ondoren, Vueltan, legez lortu nuen 10. postua; helburu hori zehaztu genuen aurretik, eta lortu genuen. Baina Girokoa desberdina izan zen. Errepidean 11. sailkatu nintzen, Contadorrek erakutsi zuen indartsuena bera zela, eta, beraz, nire buruan ez da ageri 10. postu hori. Aurten errepidean lortu nahi dut helburua.
Giroak badauka beste ezaugarri bat: etapa amaitu eta hotelera bidean egin beharreko kilometro kopurua. Nekea areagotuko du horrek, ezta?
Aurten uste dut asko murriztu dituztela lekualdatzeak, iazkoa neurriz kanpokoa izan zelako. Baina egia da, bai, bidaia horiekin asko pilatzen dela buruko nekea eta neke fisikoa. Autoan edo autobusean ez da behar bezala atseden hartzen, eta behin hotelera iritsita, ez da behar adina denbora izaten gorputza bere onera ekartzeko.
Kontrarioei buruz ere hitz egin beharko da. Scarponi, Basso, Kreuziger, Rodriguez, Gadret... Zein izen ageri dira Nieveren zerrendan?
Kontrario asko daude nire zerrendan, eta uste dut denak ondo ibiliko direla. Prestaketa jakin bat eginda iritsiko da bakoitza, baina Giroan denak ibiliko dira indartsu. Scarponi izango da, nire ustez, faborito nagusia, eta atzetik hor daude Basso, Kreuziger, Gadret bera... Frantziarrak, esaterako, maila harrigarria eman zuen iaz, eta aurreko borrokan sartuta ibiliko da. Baina uste dut inor gutxik huts egingo duela.
Zuretzat txar-txarra ere ez da, baina beldurrik bai Joaquim Rodriguez, Pozzovivo, Cunego, Rujano, Sella... horien erritmo aldaketei? Giro eroak kalterik ez dizu egingo zuri, ezta?
Ez, ez. Ondo egonez gero, nahiago nuke etapak gogorrak izatea. Lasterketa mugitzea izaten da gogortzeko biderik onena, eta txirrindulari horien mugimenduak egokiak izan daitezke niretzat ere. Igotzaileen erritmo aldaketa horiei aurre egiten saiatuko naiz, aurreko borrokan sartzen. Hori bai, iraupen luzeko igoera asko daude Giroan, eta zentzuz jokatu beharko dugu.
Azken aste eta hilabeteotan asko hitz egin da Euskaltel-Euskadiren etorkizunaz. Zer dakizue zuek? Zein da egungo egoera?
Buruan zalantza txiki hori sartuta gabiltza azken asteotan. Zer gertatuko ote den, ez ote den... Guk ez daukagu informazio askorik, eta ekainean esango dute zer gertatuko den. Guk, bitartean, errepidean erakutsi behar dugu hor jarraitzeko baliagarriak garela, taldeak etorkizuna baduela.
Pentsatzekoa da, ordea, zure gisako txirrindulariei ez zaizuela eskaintzarik faltako. Harremanetan jarri al da talderen bat zurekin?
Ez, ez. Denboraldia hasi besterik ez da egin, eta tropelean ez dago fitxaketa konturik oraindik. Ea taldeak zer esaten digun ekainean, baina, denon onerako, aurrera egitea espero dut.
Txirrindularitza. Italiako Giroa. Mikel Nieve. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia
«Zalantza dezenterekin ekingo diot Giroari»
Pena pixka batekin dago Mikel Nieve. Badaki Giroan lehen hamarren artean sartzeko gai dela. Iaz erakutsi zuen. Baina, prestaketaz larri dela, sufritu egin beharko du lehen astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu