Zalantzaz beteriko finala

Txapela irabazteko bi hautagai nagusiak, Olasagasti eta Nazabal, ez dira sasoirik onenean iritsiko biharko lehiaraAitzol Atutxa 23 urteko bizkaitarra lehen aldiz ariko da maila nagusiko finalean

Joxemari Olasagasti igeldotarra, iragan urtean Asteasun jokatu zen maila nagusiko txapelketan. GARI GARAIALDE/ ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Final guztien atarian beti izan ohi da txapela irabazteko faborito argiren bat. Norberak egin ohi ditu horretarako merituak. Aurretik lanak ondo egin izanaren saria izaten da. Aurten, baina, zalantzaz beterik dator Maila Nagusiko Aizkora Txapelketako finala; Joxemari Olasagasti eta Floren Nazabal ez dira sasoirik onenean iritsiko, azken asteetan izandako arazo fisikoen ondorioz. Finala bihar jokatuko da, Elizondoko pilotalekuan (Nafarroa), 12:30ean. Aizkolari bakoitzak hamabi pago enbor ebaki beharko ditu, lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbikotan banatuta.

Iaz, Asteasun jokatu zen finalean, Olasagasti nagusitu zen beste guztien gainetik. Maila nagusiko seigarren txapela lortu zuen Igeldokoak, eta, bide batez, Angel Arrospideren marka berdindu zuen. Ezustea eman zuen ordukoan. Aurten, baina, ez da sasoirik onenean iritsi; azken astean bizkarreko arazoak izan ditu, eta atzo arte zalantzan egon da parte hartuko duen. «Pena handia daukat. Sasoiz benetan ondo nengoen. Masajistarekin nabil, baina kezkatuta nago». Haren egoera berean dago txapela irabazteko beste hautagai nagusia. Nazabalentzat ere, azken asteak ez dira oso onak izan. Zangoan izandako lesio batek lau astez geldirik izan du Etxarri-Aranazkoa. Joan den igandean baieztatu zion federazioari parte hartuko duela. «Proba batzuk egin ditut, eta hankak lo hartzen bazidan ere, parte hartzea erabaki dut. Dena den, iraupena falta zait».

Biharko finalak faborito argirik ez izateak gainerako finalisten aukerak puzten ditu. Juanjoxe Lopez da ezustea eman dezakeen horietako bat. Kanporaketan maila ona erakutsi zuen Lezaungoak; denborarik onenetan bigarrena egin zuen Nazabalen atzetik. Bosgarren finala izango da Lopezentzat, eta azkenaldian erakutsitako maila onak txapelaren bide zuzenean jarri du. Sasoi onean iritsiko den beste aizkolaria Iñaki Azurmendi da. Kanporaketan lan txukuna bete ondoren, bederatzigarren finala jokatuko du. «Pozik nago. Irailean oso gaizki pasatu nuen gaixorik egon nintzelako. Buelta ematea kosta zait, baina urria pasa ahala hobeto sentitu naiz. Azken hiru asteetan entrenamendu saio onak egin ditut». Halere, Nazabal ikusten du Azurmendik txapela lortzeko hautagai nagusi. Eta Luis Txapartegik ere bai. Kanporaketa saioan 33 ehunenekorengatik lortu zuen finalerako sailkatzea. Hark ere Nazabal jotzen du faborito argi: «Ongi badago, hura da txapela irabazteko hautagai nagusia». Aizarnakoa (Zestoa, Gipuzkoa) inork desio ez duen azken postua saihesten ahaleginduko da bihar Elizondon. «Ondo nago. Aste honetan entrenamenduen intentsitatea jaitsi dut puntu ona bilatzeko».

Lehenengo aldiz final batean jarduteak ematen duen urduritasunarekin baina ezer galtzeko ez duen pentsamenduarekin Aitzol Atutxa ariko da. Maila nagusiko finalean ariko den lehen bizkaitarra da, 23 urteko dimarra. Joan den irailean Arbizun jokatutako kanporaketan denborarik onenetan bosgarrena eginez sartu zen final handira. Besteak beste, Joseba Otaegi eta Jexuxmari Mujika utzi zituen finaletik kanpo, iazko bi finalista. Biharko finalean esperientzia handiko aizkolariak izango ditu ondoan. Lehia estua espero da Txapartegirekin batera, azken postua saiheste aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.