Pilota. EPELen lau t'erdiko txapelketako finala

Zalantzek hor diraute

Aimar Olaizolaren eta Juan Martinez de Irujoren minek hobera egin dute, baina ez dira nahiko luketen bezain ondo iritsiko finaleraPilota aukeraketan ez da arazorik egon; biek antzeko pilotak hautatu dituzte, biziak

Imanol Magro Eizmendi.
Gasteiz
2013ko abenduaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bakea eta zalantzak. Bi hitz aski dira lau t'erdiko txapelketako finaleko pilota aukeraketa laburbiltzeko. Bakea, pilotekin arazorik egon ez zelako, eta iragan astean atzerapenen auziak sorturiko adierazpen eztabaida berriz azaleratu ez zelako. Zalantzak, berriz, Aimar Olaizolaren eta Juan Martinez de Irujoren minek hor dirautelako. Bien kasuan hobera egin du: Olaizola II.ak min gutxiago du izterrean, eta Irujok ere, gutxiago hatzean. Txapeldunak, baina, zalantza handi baterako tartea utzi zuen, iheskor mintzatu baitzen gaiaz: «Ez dut nire minaz hitz egin nahi. Larunbatean ikusiko da nola nagoen; mina eduki edo ez, hemen balio duena 22ra iristea da».

Jendetza batu zen atzo goizean, Gasteizko Ogeta pilotalekuan, etziko finalerako pilota aukeraketa ikusteko. Adinekoak gehienak eta tartean institututik piper egindako gazte batzuk. Denak adi-adi Olaizola II.ak eta Irujok saskian gustuko pilotak nola bilatzen zituzten ikusteko. Ekitaldia bera protokolo hutsa izan zen, ez baitzen arazorik egon. Harritzekoa izan zen bi aurrelarien antzeko pilotak hautatu zituztela. Olaizola II.ak berak aitortu zuen: «Alde handirik ez dago. Bere pilotek agian bote handixeagoa izango dute. Azkenaldian, nahiko azkarrak aukeratzen ari naiz».

Hortik aurrerakoak bakoitzaren mediku txostenaren ingurukoak izan ziren, eta bakoitzaren minek jokoa nola baldintza dezaketen azaltzea. Olaizola II.a izan zen prentsa aretoko kontsultatik pasatu zen aurrenekoa: «Nagoen bezala jokatu behar dut; hemendik aurrerakoak alferrikakoak dira. Bi entrenamendu egin ditut; bestea piloteo saio bat baino ez zen izan. Lan teknikoa egin du bereziki».

Martinez de Irujo baikorrago agertu zen, aldarte alaiarekin. Txapelketa luzatu ahala, hobera egin du bere jokoak, baita hatzeko minak ere. «Txapelketako beste partidetan baino hobeto dut. Beldurra aldentzen doa, arazoa hatzarekin jotzen diodanean etorriko den mina da. Bi minutu egingo ditut hatzean pentsatzen. Halere, ez da aitzakia, jokatu ahal izango dut».

Iberokoak azaldu zuenez, ez du gustuko hatzetan babesik jartzea. Ez diote ukabila behar bezala ixten uzten, eta esparatrapu pixka bat gehiagorekin bakarrik babestuko du hatza. Sakatzeko garaian sentitzen du min handiena, eta errestoarekin ere arazoak izan ditu. Azaldu zuenez, atzo «lauzpabost» sake egin zituen, partidakoak kenduta txapelketa guztian egin dituen aurrenekoak. Proba balekoa izan zen. «Finalean primeran sakatu eta errestatuko dut, ziur nago. Hala izatea espero dut, bizi sakatu ezean ezingo baitut irabazi».

130 sarrera salgai

Bi egun falta dira finalerako, eta sarrerak eros daitezke oraindik. Martinez de Irujok gutxi batzuk bueltatu zituen atzo, eta 130 inguru gelditzen dira leihatilan. Bitxia da, azken hamarkadako bi pilotari onenen arteko final batean ez da ohikoa sarrera guztiak saltzeko hainbeste arazo izatea. Dena den, ez da zulo handirik espero. Ogetan 2.000 ikuslerentzako tokia dago, eta harmailek beteta dauden itxura izango dute.

Pilotalekuak ere eman zuen zeresana. Bi aldiz jokatu dute elkarren aurka lau t'erdian bertan, eta biak Irujok irabazi ditu. Estatistikak, baina, ez dio ezer esaten Iberokoari: «Azkenekoa duela bost urte izan zen, eta Olaizolak hobeto jokatzen du orain. Bera da garaitu beharreko aurkaria lau t'erdian. Diruak garbi erakusten du hori, baina badakit irabaz diezaiokedala». Apustuak 100-60ri irtengo dira txapeldunaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.