Futbola. Europako Ligako finalerdietako joanekoa: Sporting Lisboa-Athletic

Zale asko, sentimendu bat

Athleticeko elastiko zuri-gorriak eta bufandak izan dira nagusi Lisboako kaleetan. Bertan elkartutako 4.000 lagunek bat egin dute, eta giro bikaina sortu. Euskal festa Euskal Herritik kanpo ere egin daiteke.

Athleticeko jarraitzaile talde bat, elkarrekin argazkia ateratzen, atzo, Lisboako erdiguneko Augusta kalean. 4.000 zalek zuri-gorriz jantzi zituzten Portugalgo hiriburuko kale nagusiak. JON ESKUDERO.
jon eskudero
Lisboa
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Goizean goiz, Lisboan. Begiak ireki, leihora gerturatu, eta kolore zuri-gorria nagusi kanpoan. Bilbotarrek ez dute barkatzen. Giro polita sortu zuten herenegun hiriko kaleetan, baina atzokoa ikusgarria izan zen. Gogoan gordetzeko modukoa. Euskal Herritik etorritako 4.000 lagunek bat egin zuten hiriko erdigunean, eta giroa itzela izan zen egun guztian. «Taldea handia egiten ari da, eta gu ere bai. Denok elkarrekin abestea eta sentimendu bera edukitzea ederra da. Niri oilo ipurdia jartzen zait», zioen Joseba Antxiak, Elantxobeko zale batek. Ez da gutxiagorako. Hiriko jendeak ere harriturik begiratzen zieten euskaldunei. Manchesterren eta Alemanian egin zuten moduan jarraitzen dute jarraitzaile zuri-gorriek. Dudarik gabe, geratzen ez den gurpila da zale bilbotarra.

Lehenengo begiradatik uzten dute garbi nongoak diren. Ahoan purua, eskuan edalontzia eta gerriaren bueltan Athleticeko bandera edota ikurrina. Batzuek gauza bitxiren bat ere bai. Jose Gomezek, esaterako: «Karraka bat eramaten dut leku guztietara. Berez txikia da, baina nirea ez, bilbotarra naizelako. Garai batean demonioak uxatzeko erabiltzen zen, baina nik aurkarien joko ona saihesteko erabiltzen dut. Kasu honetan, eta errespetu guztiz, Sporting Lisboarena».

Ez da baikortasuna soberan daukan zuri-gorri bakarra. Denek uste dute Athleticek Europako Liga irabaziko duela. Finalerdietako kanporaketari itxaron gabe, bada finalerako planik egin duenik: «Zazpi eguneko bidaia begiratuta eta hitzartuta daukagu. Gu autobus ohaxkadun batean ibiltzen gara hara eta hona, eta Errumaniara ere halaxe joango gara. Hori bai, bidean hainbat toki bisitatuz: Italia, Monako, Eslovenia...». Mikel Urkizu Deustuko Peñako kidearen hitzak dira, eta asmo bera dute lagun denek.

Krisia hitza zer den badakite, baina taldea egiten ari dena bizi beharrekoa iruditzen zaio Urkizuri: «Urte asko daramatzat Athletic ikusten, eta halako joko onik ez diot sekula ikusi. Orain ez badugu bidaiatzen, akaso inoiz gehiago ezin izango dugu. Beste leku batzuetan estutuz ateratzen dugu dirua partidetara etortzeko». Urkizuren gisan dabiltza gainontzeko zuri-gorri gehienak ere. Alegia, ahal duten moduan: «Autoz etorri ginen herenegun, hamaika orduko bidaia eginda, eta ez daukagu ez hotelik, ez ezer. Baina ez digu axola, neurketa ikustearekin nahikoa dugu», zioen Erik De Pablo Arrigorriagakoak.

Lisboakoa du lehen bidaia De Pablok, eta zoratzen dago: «Nire lagunak Manchesterren egon ziren, eta hangoa kontatu zidatenean inbidia sentitu nuen. Finalerdia ezin nuen galdu, eta arrazoi zuten, hau izugarria da». Athleticek aurrera eginez gero, finalera joateko asmoa ere badu De Pablok. Krisia presente izan arren, ez da asko nabari, jana eta edana ez baitu falta inork.

Urte guztiko egunik onenetakoa izan zen atzokoa Lisboako tabernentzat, eta dena zale zuri-gorriei esker. Hori da hori garagardoa edatea: «Aurten inoiz baino gehiago ari gara mozkortzen», aitortu zuen batek. Ez da harritzekoa, taldea partidak bata bestearen atzetik ari baita jokatzen. Normala den moduan, ostalariak pozik zeuden: «Egun ona tokatu zaigu. Entzun genuen Bilboko jendeak asko edaten duela, baina hainbeste ere... Giro ona dago», azaldu zuen Rafael Amadok.

Eta giro on hori bi taldeetako zaleek jarri zuten. Kalean behin eta berriz topo egitean, zirikatzaile jokatu zuten denek, umorea eta errespetua aintzat hartuta: «Leku guztietan bezala, ederki portatzen ari dira gurekin, eta eskertzekoa da. Argazkiak ateratzea asko gustatzen zaie, eta elastikoak aldatzea ere bai», esan zuen Alex Castrillok. Sporting Lisboaren hainbat dendatan Athleticeko bufandak eta elastikoak ipini zituzten saltzeko. Eta gauza bitxi bat, Lisboako lagun asko Bielsaren taldearen alde agertu ziren: «Gu Benficakoak gara, eta Txapeldunen Ligatik at geratu gara. Beraz, Sporting Lisboak ezin du aurrera jarraitu», azaldu zuen hiritar batek.

Poliziarekin ere ez zen aparteko arazorik sortu. Eguerdi aldera iskanbilaren bat edo beste egon zen, baina ezer gutxi. Izan ere, zale euskaldunak euren gustuko gauzak egin zituzten. Abestu eta dantzatu, adibidez. Goizean ez, baina arratsaldean soinuaz, panderoaz eta albokaz lagundurik, bazkarian hartutako pisua azkar jaitsi zuten gehienek. Zer euskaldunagorik musika tresna horiek baino. Ander Blasco eta Aitor Uribarri arduratu ziren giroa ipintzeaz, eta, Blascoren esanetan, ederra da dena: «Euskal kultura kanpoan modu honetan erakustea aparta da. Aurten guztiak izaten ari dira Euskal Herriaren berri».

Bistan dagoenez, erromeriak Bilbotik Lisboarako bidaia egin zuen, baina partidaren aurretik lasai ibiltzeko hautua ere batek baino gehiagok egin zuen; Gernikako Josefina Berrojaetxebarriak, kasu: «Gu adinean aurrera joanda gaude. Ez dugu giro eder horretan parte hartzen, baina ikusi bai. Lisboako festa hau polita da, baina hurrengo astean San Mamesen izango dena ez dut imajinatu ere egin nahi».

Eta halaxe da. Ez da ahaztu behar datorren astean Bilbon elkartuko direla berriz ere Athleticeko eta Lisboako zaleak. Atzoko moduan, dena ongi joatea ederra litzateke, zelai barrukoak adina garrantzia baitu kanpokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.