Zaleak, bestarako gogoz

Aste osoko krisia alboan utzi dute Baionako zaleek, eta Anoeta estadioko inguruak parranda eta besta giroz alaitu dituzte partida aurretik eta ondotik.

Baionako zaleak partidaren atarian, Donostiako kaleetan. JON URBE / A. PRESS.
Eneritz Zabaleta.
Donostia
2011ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Errealeko langileak, eta Amara Berriko biztanleak ohitzen hasiak badira ere, atzokoan berriz ere harrituta egon ziren Lapurditik etorritako zale kopuruarekin. «Errugbiak jendea mugitzen du», «hau da hau parranda!» eta gisa horretako komentarioak entzun zitezkeen Anoeta estadio inguruan errealeko langileen edo donostiarren ahotan.

Testuinguru gaiztoa zegoen Baionan partida aurreko astean, baina zaleek zuzendaritzako oilar borrokez paso egin zuten, eta Donostiako partida besta handi bat bihurtu zuten. Egun osoan zehar, alde zaharrean lapurtar zaleak ikusi ahal izan ziren, tartean batzuk mozorroa jantzita, Donostiako inauteriak baliatuz.

Anoeta ondoko Xanti taberna eta beste ostatuetan ere «txuri urdin maitea», «gora ta gora Lapurdi» edo Baionaren ereserkia kantatuz egon ziren zaleak, usu katxi baso bat eskutan. Okzitaniatik etorritako jendea ere ez zen gutxi izan, asteburu pasan etorria.

Partida atariaren plater handiena, Anje Duhaldek oren erdiz estadioan eginiko kontzertua izan zen. «Egun on Euskal Herria» eta «saluts occitans» erranez hasi zen Arrangoitzearra. Oren erdi batez Errobi taldetik hasi, eta bere azken laneko kantuak eskaini zituen, jendearen pozerako.

Anje Duhalderekin batera, Maialen Errotabeherek «Txuri urdin maitea» errealaren ereserkia kantatu zuen, Baionaren eta Donostiaren arteko laguntasuna islatuz. Horren harira, Antoine Griezmann errealeko jokalariak egin zuen ohorezko sakea.

Zuzendaritzako liskarrak urrun gelditu ziren, eta jendeak bestarako gogoz etorri zen. Alde horretatik, arrakastatsua izan zen atzoko partida. Baionako bulegoetan gogoetatzeko moduko lezioa eman zuten, atzo, Baionako zaleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.