David Doblas. Lagun Aro GBCko jokalaria

«Zaleek ez dute 'jaitsiera' hitza erabiltzen dagoeneko; hori da gure arrakasta»

Jokalariak zaleak baino minduago daudela esan du, Alacanten aurka galdu izanagatik, baina garrantzia kendu dio: «Partida bat besterik ez da». Era berean, uste du Lagun Aro gai dela irabazteko geratzen zaizkion hiru aurkariei, lehen ere irabazi dielako. «Konfiantza eskatuko nuke».

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Irabazi beharreko partida galdu duen kirolariaren aurpegi okerra dauka David Doblasek (Pedreña, Espainia, 29 urte). Astelehena. Haize fina Donostiako kaian, eta itsasoa olioa bezala. Geldo, lasai. «Arrantzarako kanabera hartu eta orduak emango nituzke arrantzan; eguna ezin hobea da», onartu du Lagun Aroko pibotak. Alde Zaharreko euskal giroko taberna batean eskatu du hitzordua. Babarrunak eskatu ditu, eta penarekin esan dio zerbitzariari kazolatxoa eramateko: «Denak jango nituzke, baina…».

Zer moduzko biharamuna duzu?

Txarra. Irabazi behar zen norgehiagoka zen, baina oso gaizki jokatu genuen.

Jendea haserre samar sumatzen zen partida bukaeran.

Gu haiek baino izorratuago gaude. Haiei huts egin diegu, baina geure buruari ere bai. Denboraldi txukuna egiten ari garela esango nuke, eta egin behar ez diren hutsek mina ematen dute. Jokatzen utzi genien, fedea hartzen utzi, eta akabo.

Txistu batzuk ere entzun ziren harmailetan.

Nik zaleak errespetatzen ditut, baina gehiegizkoa iruditzen zait partida bakar bategatik txistuka hastea. Galdu behar ez ziren partidak galdu ditugu, baina irabazten zailak ziren batzuk irabazi ere bai. Agian jendeak ilusio handiegia egin du Kopa jokatzeko aukerarekin, baina ez dugu jokalariok hori saldu. Ez gaitezen jaus iraganeko beldurrean. Talde hobea gara, eta espero baino hobeto gaude. Gure arrakasta da zaleek dagoeneko jaitsiera hitza ez erabiltzea. Alacanten aurkako porrota hobetzen jarraitzeko beste arrazoi bat da.

Kontua da sinesten zaila egiten dela orain Gipuzkoa Basket zortzi onenen artean sartzea.

Baliteke, baina aukera daukagu oraindik, eta aukera dugun bitartean ez dugu etsiko. Baskonia eta Bartzelona dira aurkarietako bi, biak lehen mailakoak, baina biek Donostian jokatuko dute, eta etxean ondo ari gara. Zaragoza da bestea, eta han irabazita gaude. Zergatik ez dugu aukera dugula baloratzen? Kanpoan geratzen garenean aztertuko dugu, zergatik geratu garen, baina, bitartean, saia gaitezen geure aukerari eusten. Pentsa dezala jendeak Bilbon nola dabiltzan, adibidez. Gure aurrekontua bikoizten dute, eta ez daude gu baino askoz hobeto. Ondo ikusten dut taldea, ondo entrenatzailea… Konfiantza pixka bat eskatuko nuke. Zaleei, prentsari, denei. Orain bi aste, laugarren postuan geunden, orain 11. postuan. Hiru jardunalditan asko alda daiteke sailkapena.

Pattal samar aritu zinen Alacanten aurka, baina taldeak daraman martxa onaren makulurik sendoenetakoa zara.

Norbera nola sentitzen den ere garrantzitsua da, eta ni oso gustura nago Donostian. Hemen hazi naiz jokalari gisa. LEB ligan aurrena, ACB ligan ondoren. ACB ligan jokalari arrunta izan nintzen hasieran, eta orain jokalari garrantzitsua sentitzen naiz. Taldea ere hazten doa urtez urte, eta gero eta kirol helburu handiagoak ditugu.

Lore asko botatzen dizkizute han eta hemen. Nola hartzen dituzu?

Gasteizen Baskoniarekin egindako lau urteetan, Alberto Ortega jokalari ohia izan nuen teknikari. Hark esan zidan, saskibaloi jokalari nintzela ahal nuen guztia goza nezala, aro hau bukatu ondoren inor ez zela nirekin gogoratuko, eta horretan ari naiz. Loreak ondo hartzen dira beti.

Zein da zure etenik gabeko hobekuntzaren gakoa?

Lana. Pisua zaintzea funtsezkoa da nire moduko jokalari handi, astunentzat, mugikortasuna irabazteko. Eugenio Rodriguez taldeko prestatzaile fisikoak agindutako ariketa fisiko jakin batzuk egiten ditut, batez ere udan. Hanketako mugimenduak lantzen ditut, Lasoren aholkuak entzun, lauzpabost metroko jaurtiketa landu, baina batez ere konfiantza eman izanak hobetu du nire jarduna. Nire minutu kopurua asko igo da, eta errazagoa da zenbaki onak egitea partidako 20-25 minutu jokatzen badituzu.

Baskonia ez dago bere aldirik onenean. Bistan da haiek menderatzeak indar handia emango liokeela taldeari, Zaragozara joateko.

Baskonia beti da talde zaila, ondo edo gaizki egon. Kalitate fisiko handia dute; edonoiz hauts dezakete partida. Korrika egitea komeni zaigu; barrutik kanpora azkar jokatzea, gure jaurtitzaileek etekina atera dezaten, eta baloi gutxi eman. Hala egiten badugu, partida irabazteko aukera izango dugu, eta konfiantzaz lepo joango ginateke Zaragozara. Gaur-gaurkoz konfiantza hori badugu, Baskonia menderatzeko gai ikusten dugulako geure burua. Ez eskatu kalkuluak egiteko, halere. Hori egitea kaltegarria dela uste dut.

Nola geldi daiteke Stanko Barac, 217 zentimetroko morrosko hori?

Bere buruz buruko jokaldiek baino, blokeoa eta jarraipenak arduratzen naute gehiago. Eremuko erdigunea irabazten badute, oso arriskutsuak dira, Huertas oso bizkorra baita. Hori saihestu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.