Julen Olaizola. Gipuzkoa Basketeko jokalaria

«Zaleentzat bereziak izan ohi dira derbiak; guretzat, baina, beste partida bat da»

Partida gutxi jokatzen hasi, eta taldeko hirugarren pibota bihurtu da sasoi honetan. Erantzukizuna pozik hartu du, baina gauza bat ez da aldatu: «Sito beti dago gainean, berdin dio zenbat jokatzen duzun».

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Atsegina da Julen Olaizola (Donostia, 1993), eta barkamena eskatu du euskaraz ez delako ondo moldatzen. «Ikastolan eredu mistoan ikasi nuen, eta ondo moldatzen nintzen euskaraz, bainaMadrilera hain gazte joanda—14 urterekin—, zeinekin hitz egin ez eta galdu egin nuen. Orain jarioa berreskuratu nahiko nuke». Duela hiru urte itzuli zen Donostiara, eta sasoi honetan haren egoera asko aldatu denez, elkarrizketak ematen ohitu da.

Derbiaren astea berezia izan al da?

Zaleen larruan jarrita, bada partida berezia. Hemen, jendearentzat derbiak bereziak izan ohi dira betidanik. Baina guretzat, ez; guretzat beste partida bat da, aurkari zail baten aurka, ondo lehiatzen den talde baten aurka...

Inguruan beste aldarteren bat nabaritzen al duzue?

Futboleko derbiak desberdinak dira, aste osoan nabaritzen da giroa, elastikoak ikusten dira kaleetan... Saskibaloian oraindik lehia osasuntsu hori gehiago txertatu behar da hirian, eta, guri dagokigunez, ez da ezer aldatzen.

Donostiarrentzat ere ez al da berezia? Atzerritarrentzat partida guztiak berdinak izatea ulertzekoa da.

Tira, agian bai; aizu, derbia da azken finean, eta Bilbori irabazteak, guretzat, giputxientzat, badu bere grazia berezia.

Hemen bi derbi daude, baina ez da bera Laboral Kutxa edo...

[Galdera moztu du] Bai, bai, hori badakit, Illunbeko derbi beroa Bilbo Basketen aurkakoa da.

Jokatzeko aukera izango duzu gaur, sasoi hau desberdina izaten ari delako zuretzat.

Askoz gusturago nago sasoi honetan, txandakatzeetan sartuago sentitzen naiz. Beti sentitu naiz eroso taldean, baina orain taldeari gehiago emateko daukadala sentitzen dut. Sitok [Sito Alonso entrenatzailea] jokatzeko aukera ematen dit, eta eskertzekoa da. Baina, tira, lehen ere beti prest egoten nintzen, 30 segundo baziren ere horietan ondo jokatzeko.

Asko aldatzen da egoera? Iragan sasoietan gutxi jokatuko zenuela zenekien. Sasoi honetan, berriz, hirugarren pibota zara.

Sasoi hau aldatu bada, batez ere egunero entrenamenduetan Doblasekin talka egiten ari dena ni naizelako da. Aurreko sasoietan beste pibot peto batzuk zeuden: Ibekwe, Betts... Orain ni naiz, eta askoz sartuago nago entrenamenduan. Kontzentratua egon behar duzu bai edo bai Sitok agintzen duena egiteko.

Ubelduak izango dituzu orduan?

Gutxi, ez pentsa. Doblasek zaindu egiten nau. Ez nau asko astintzen; entrenamenduak kontrolatzen ditugu.

Harekin asko ikasten al da?

Noski. Egunero ikasten da zerbait harekin, eta ez bakarrik saskibaloiaz. Hura da gazteok zaintzen gaituena. Eredu bat da.

Jonventuten aurka partida erdia jokatu zenuen. Aurreko sasoietan asko jota hiruzpalau minutu jokatzen zenituenean. Kontratu berria ere baduzu. Hori guztia zer da? saria, pauso logikoa... nola hartu duzu?

Aukera bat da, klubak nire alde apustu egin du taldeko beste edozein bezala egoteko.

Sito Alonsoren eta zure arteko harremana aldatu al da?

Ez. Sitorekin harremana beti da berdina. Egia da jada ez naizela laguntzera etortzen zen gaztea, baizik eta, nolabait esatearren, eskubide osoko kide bat naiz, eta agian hor pixka bat aldatu da. Baina, ez pentsa, Sito beti dago gainean, berdin dio gazte igo berria izan edo taldeko beteranoetako bat.

Gipuzkoa Basketek herrena uztaipean omen du.

Agian kanpotik hala ikusiko da, eta ulertzen dut. Doblas da pibot peto bakarra, baina, nire ustez, Joventuten aurkako partida kenduta, errebotean arazo txikia izan genuela, uste dut aurkarien barneko jokoa ondo zaindu dugula. Ez dut uste kanpo eta barruko jokoaren artean desorekarik dagoenik.

Estatistika zalea al zara?

Bada, ez, ez ditut begiratzen. Ondo jokatu badut, hala sentitzen dut, eta agian estatistika ez da deigarria. Estatistika edozein dela norberak badaki ondo edo gaizki jokatu duen.

Datu polita dago zure alde, Bartzelonaren aurka, zu pistan egon zinenean, Gipuzkoa Basketek jaso baino zortzi puntu gehiago sartu zituen.

Hara, ondo dago jakitea.

Beteranoek diote sasoi honetan giro hobea duzuela, iritzi berekoa zara?

Bai, iragan sasoiarekin alderatuta, taldeko giroa desberdina da. Iragan sasoian, AEBetako jokalariak pixka bat euren aldetik zihoazen. Honetan, berriz, integratuago daude. Arratsaldean osteratxo bat egiten badugu, gurekin etortzen dira, eta hobe da. Partida eta entrenamenduetan nabaritzen da gero; egitura pertsonal sendoa izatea garrantzitsua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.