Futbola

Zamoraren golak lau hamarkada

Gaur betetzen dira 40 urte Realak bere lehen liga titulua irabazi zuela, Zamorak azken unean El Molinonen Sportingi sartutako golari esker. Gorrizena izan pasea. Milaka gipuzkoar irten ziren hurrengo egunean kalera, taldearen autobusari ongietorria egitera, herrialdeko herri guztietatik igaro baitziren.

ainara arratibel gascon
2021eko apirilaren 26a
13:03
Entzun

1981eko apirilaren 26a. Realak gaurko egunez duela 40 urte irabazi zuen bere lehen Liga titulua. Realzaleek iltzatua duten eguna da. Zamorak azken unean sartutako golak eman zion titulua. Inoiz ez du hainbeste balio izango berdinketa batek, 2-2koa izan baitzen emaitza. Baina Liga Realarena zen. Gola bezain ondo gogoratu dute zale txuri-urdinek partida hartako hamaikakoa. Beste garai bat zen, hamaikakoak erreskadan esaten zirenekoa. Hauxe izan zen Realarena egun hartan: Arkonada, Zelaieta, Gorriz, Kortabarria, Olaizola, Diego, Alonso, Zamora, Idigoras, Satrustegi eta Lopez Ufarte. Guztien lemazain: Alberto Ormaetxea.

Aurreko denboraldian kolpe handia hartuta zetorren Reala. Izan ere, gertu izan zuen titulua. 38 jardunaldi egin zituen galdu gabe, baina unerik txarrenean, Sevillaren aurka 2-1 galdu, eta Real Madrilentzat izan zen liga. Bertoni izan zen txuri-urdinen borreroa. Bazirudien berriro ere amesgaiztoa errepikatu egingo zela Gijonen. Reala puntu bateko errentarekin iritsi zen azken partida hartara, eta golen aldea ere irabazia zion Real Madrili. Zuriek Valladoliden jokatzen zuten.

Arratsaldea ezin hobeto hasi zen txuri-urdinentzat. Izan ere, Kortabarriak gola egin zuen, penaltiz. Baina, atsedenaldira iritsi aurretik eta justu bigarren zatia hasi eta berehala, Sportingek buelta eman zion partidari. Real Madril, gainera, irabazten ari zen Jose Zorrillan. Berriro amesgaiztoa txuri-urdinentzat. El Molinorena bertaratutako 15.000 zale txuri-urdinen tristura agerikoa zen.

Partida azken minutuetan zen, Real Madrilen partida jada amaituta zegoen, eta talde espainiarreko jokalariak jada beste liga titulu bat ospatzen ari ziren zelaian. Taldeko izarretako bat, Juan Gomez Juanito, hala ari zen. Futbola ez da askotan justua. Baina, orduko hartan, Realak denboraldi bat lehenago geratu zitzaion arantza kendu ahal izan zuen. Azken minutuetan, Realak beti erakutsi zuen adoreari heldu zion, eta gora egin zuen. Sporting atzean zegoen sartuta, 2-1ekoari eusteko asmoz. Baina orduan iritsi zen gipuzkoarren historian urrez idatzita geratuko den jokaldia: Olaizolak pasea eman zion Alonsori, hark erdiratu, eta Sportingeko atezain Castrok ukabilekin aldendu zuen. Gorrizi iritsi zitzaion baloia, hark errematea egin, balioa Zamorari iritsi, eta Errenteriakoaren gola. Joxean Alkortaren ahotsean entzun zuten askok kontaketa.

11 segundo falta ziren partida amaitzeko. Zoramena. Reala ligako txapeldun, harrobiko jokalariz osatutako jokalariekin. Gorrizek beti gogoratu izan du bere inoizko erremate onena izan zela, eta Zamorak gol hura berak sartu zuela, baina denena izan zela. Min hartuta ez, baina molestia batzuekin jokatu zuela ere aitortu izan du. "Gola ez zen munduko onena izan, baina historia egin genuen. Aurretik presio handia genuen, ez genuelako berriz ere huts egin nahi, aurreko denboraldiko kolpearen ondoren. Ekonomikoki, politikoki eta sozialki, gainera, garai zailak ziren, eta poz bat eman nahi genien gure zaleei.". Errenteriakoak berak kontatu izan du partida hartako kamiseta etxean duela, baina bestelako gauzak ez dakiela nork dituen.

Jokalari guztiak zaleak zeuden harmailetara joan ziren, eta haiekin ospatu zuten. Gipuzkoa kalera irten zen hurrengo egunetan, ospatzera. Espaloiak eta errepideak bete zituzten, taldearen autobusa agurtzeko, eta Alderdi Eder bete egin zen txapeldunei arrera egiteko.

1987an, horietako hainbatek Espainiako Kopa irabazi zuten, John Toschacken aginduetara, Zaragozako Romaredan, Atletico Madrilen kontra, penaltietan. Berrogei urte gerago, aurten berriro ere Reala txapeldun izan da, eta orduko jokalariek erreleboa eman diete Illarramendi, Oiartzabal, Elustondo eta enparauei. Sevillak Gijonen lekua hartuz. Eta erdibidean Granada, neskak duela bi urte ere irabazi baitzuten Kopa han.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.