Zantzu onak indartu nahian

Alavesek eta Athleticek sasoiko bigarren derbia jokatuko dute gaur, Gasteizen. Arabarrek etxeko hirugarren garaipena lotu nahi dute. Bizkaitarren asmoa emankor jarraitzea da

Ezkerrean, Luis Rioja, Sevillaren aurkako partidan. Eskuinean, berriz, Oihan Sancet, Cadizen kontrako neurketan. ENDIKA PORTILLO - ARITZ LOIOLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2023ko irailaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina, lehen zantzuei erreparatuta, zentzuzkoa da Alaves eta Athletic baikor egotea. Arabarrek lehiakor jardun dute Espainiako Lehen Mailara igo eta jokatu dituzten aurreneko bost partidetan. Etxetik kanpo ezin izan dute punturik bildu, baina etxean irabazi besterik ez dute egin. Maila oneko bi bisitari izan dituzte, Sevilla eta Valentzia, eta biak hartu dituzte mendean. Mendizorrotza gotorleku bihur dezaketela dirudi. Athleticek, berriz, etxean Real Madrilen aurka galduz hasi zuen sasoia, baina hurrengo lau partidetatik hiru irabazi ditu, eta ate aurrean sarri asmatu du. Gol eskasia atzean uzteko denboraldia izan daiteke zuri-gorrientzat. Zantzu on horiek berresten saiatuko dira gaur Alaves eta Athletic. Derbia jokatuko dute Mendizorrotzan.

Lehiakor ari da Luis Garcia Plazaren taldea, baina bekoki oso ezberdinez bukatu ditu etxeko eta kanpoko neurketak. Besteren zelaietan, etsipen keinu nabarmena izan du: ez du punturik bildu, gol bat bera ere ez du sartu, eta epaileek zalantzazko erabakiak hartu dituzte haren aurka. Ordea, gauzak oso bestelakoak izan dira etxean: arabarrek zorrotz eta oldarkor jardun dute, eta, defentsan arazo bat edo beste izan arren, eraginkorrak izan dira erasoan. Bide horri eusteko asmoz ariko dira gaur, beren zelaian samurra zaien aurkari baten aurka. Izan ere, hogei urte daramate etxean Athleticen aurka galdu gabe; lau garaipen eta hiru berdinketa lortu dituzte Gasteizen zuri-gorrien kontra jokatu dituzten azken zazpi lehietan.

Giuliano Simeonez gain, beste jokalari bat du min hartua Luis Garcia Plazak, atzoko agerraldian aitortu zuenez. Alta, ez zuen argitu zer jokalari den. Azken partidan ordezkoak izan ziren Sedlar, Benavidez eta Hagi, baina hasieratik aritzeko aukera eman diezaieke gaur. Neurketa «polita eta bizia» espero du arabarren teknikariak. «Bi talde erasokor gara: kontrola eduki nahi izaten dugu, eta aurrera jende askorekin iritsi. Halere, ezberdintasunak ere baditugu, eta Athletic gora joango da gure bila». Athletic ez ezik, haren teknikaria ere laudatu zuen. «Asko miresten dut Ernesto [Valverde]. Espainiako ligako entrenatzailerik onenetako bat da».

Villalibreren itzulera

Mendizorrotza goraino beteko da gaur, eta estu hartuko du Athletic. Haatik, harrera oso beroa izango du jokalari zuri-gorri batek: Asier Villalibrek. Gernikarra heroitzat daukate oraindik zale arabarrek, hark sartu baitzuen Lehen Mailara igotzeko gola, duela hiru hilabete. Ordea, aurrelariak Athleticen elastikoa darama orain, eta, Cadizen aurka sasoiko lehen gola sartu ondoren, gehiagoren bila ariko da gaur. Taldeko beste aurrelariek ere hortzak zorrotz dituzte: Guruzetak hiru gol daramatza, eta Iñaki Williamsek, bi.

Etxeko azken bi partidetan zazpi gol egin ditu Athleticek, baina San Mamesetik urrun ere badaki zer den asmatzea: Osasunaren aurka bi baloi sareratu zituen, eta, hala, hiru puntu zakuratu.

Gaurkoa sasoiko bigarren derbia izango da, eta Athletic etxetik at bigarrenez irabazten saiatuko da, datorren asteburuan Anoetan jokatu aurretik. Realaren aurkako partidarako prest egon liteke Nico Williams, baina gaur ez du jokatuko. Nolaskoain ere min hartuta dago.

«Ondo ari gara, baina lanean jarraitu behar dugu. Bartzelona eta Real Madril alde batean utzita, beste talde guztiok oso antzekoak gara», esan zuen atzo Valverdek. Alavesen inguruan, berriz, adierazi zuen «ondo lehiatzen» dela, eta Athletici «lanak» emango dizkiotela. «Gure maila eman beharko dugu».

ALAVES-ATHLETIC
Alaves. Sivera; Gorosabel, Abqar, Sedlar, Duarte; Gebara, Blanco, Guridi; Hagi, Kike Garcia eta Luis Rioja.
Athletic. Unai Simon; De Marcos, Vivian, Paredes, Yuri; Vesga, Ruiz de Galarreta, Sancet; Iñaki Williams, Guruzeta eta Berenguer.
Epailea. Muñiz Ruiz.
Lekua. Mendizorrotza (19.840 ikusle).
Ordua. 21:00 (Gol eta DAZN).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.