Zonakako defentsa

Zaparrada!

Andoni Urbistondo.
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Kanpoan eta barruan. Ito beharrean egon da asteburu honetan Euskal Herriko ipar isurialdea. Euri jasak han eta hemen, goian-behean, eta ezker-eskuin. Euria, euria eta euria! Zaparradak itzalaldi labur bat eragin zuen Ilunben, baina Martin Bertran zaleak berotzeko prest etorri zen Donostiara, eta han ziren guztiak ernegarazi zituen bere erabaki polemikoekin. Polemikoak Lagun Aroren kalterako, eta ez da gertatzen den lehen aldia. Zaparrada Bilbo Basketek jasan zuena Manresan, eta ez espreski euri zaparrada, etxeko taldearen puntu zaparrada baizik. Sasoiko lehen une kritikoa iritsi da bizkaitarrentzat. Fenerbahce dator Bilbora, eta bi irteera zail ondoren: Kanaria Handia ligan eta Baskonia Euroligan. Zaparrada Obradoirok igande eguerdian jaso zuena. Baskoniak, dena den, ez zuen bere zaleek espero duten partida onik egin. Eskatzeko baimenarekin, epaileek Lagun Arori errespetu gehiago edukitzea eskatuko genuke, Bilbo Basketek garaipen bat lortzea etxetik urrun lehen aldiz, eta Baskoniari joko politagoa egiteko. Eguraldiari alferrikakoa baita ezer eskatzea. Palentzia(Espainia) iparraldeko artzain batek aspaldi esana: «Al tiempu hay que dejarlu, no puedes cambiarlu». Alegia, «eguraldia bakean utzi, ezin da aldatu!».

Protagonismo nahia. Epaileek Ilunben eduki nahi izan zutena. Gauza bat delako faltak adieraztea, eta bestea, faltak adierazi eta desafioka etxeko taldeko aulkira begiratzea, falta teknikoa adierazteko mehatxua eginez. Bertranek bilatu zuen egoera hori. 29 falta adierazi zizkion Donostiako taldeari, eta hamar gutxiago Valentziari. Jakina da Lagun Aroko jokalariek asko erabiltzen dituztela besoak, baina Valentziakoek adina, eta halako diferentzia... Unicajaren aurka ere antzeko zerbait gertatu zen. Epaileek errua izan zuten, baina Lagun Arok ere bai. Sito Alonsok, adibidez, Lasari pixka bat lasaiago aritzeko eskatu gabe edo Bettsi blokeoak askoz gogorragoak izan zitezela eskatu gabe. Baronek ez zuen jaurtiketa on bakar bat bilatu, eta Rafa Martinez parekoak, aldiz, nahi adina. Xehetasunak falta zaizkio Lagun Arori, baina ligako bosten bat joan da, eta xehetasun horien erruz zuloan segitzen du. Manresaren aurkakoa aurrera atera behar da nola edo hala.

Eraginkortasuna. Partidak jokatu ahala, gero eta nabariagoa da denboraldi honetako Baskoniak ez duela aurrekoen distirarik izango erasoan. Trukean, sendoagoa izanen da defentsan, eta are gehiago Joey Dorsey taldean pisua hartzen doan heinean. Dorseyk erakusten du zein talde nahi duen Ivanovicek. Gainditzen zaila, arrakasta defentsa onaren bitartez lortuko duena, «defentsan gauzak ondo egiten badira erasoan berez egiten direlako ondo». Hemezortzi minutu jokatu zituen Dorseyk, eta oso itxura ona eman. Ez da talentua soberan daukan jokalari bat, baina blokeo onak egiten ditu, eta txikia izan arren (2,03 da luzean), hura saskipetik mugitzea zaila da. Baskoniak lau partida irabazi ditu jarraian, eta bolada luzatzeko aukera on bi ditu aste honetan: Nancy Euroligan, Frantzian, eta Alacant igande arratsaldean etxean. Sei garaipen kopuru polita da, Euroligako derbiaren atarian.

Miribillan eutsi behar. Etxetik kanpo bost partida jokatu, eta bostak galdu. Estatistika argia, bainarik jarri ezin zaiona. Eskerrak etxekoak aurrera ateratzen dituen... Nekea da azken porrotaren aitzakia. Bidezkoa, atsedenik hartu gabe jokatu baitzuen partida Bilbo Basketek. Hala izango zela bazekiten, dena den, eta ezin du norgehiagoka hasi zuen bezala hasi: hotz, jarrera epelarekin, eta emandako erraztasunak emanda. Etxetik kanpo hari bera errepikatu da, gainera. Arduratzeko modukoa da Katsikarisek berak Manresan eman zuen azalpena: «Ez dugu partida prestatzeko astirik eduki, taldea nekatuta dago» eta antzekoak. Aitzakia itxura dute, denek zekitelako urria eta azaroa gogorrak izango zirela, ez zela partidak ongi prestatzeko astirik egongo. Euroligak oihartzun mediatikoa ematen du, baina trukean, neke handia eragin. Hori lehenbailehen onartzea onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.