Zaplaztekoa jaso eta gero

Osasunaren aurkako partida ahaztu, eta liga hasierako lehiakortasuna berreskuratu behar du Realak gaur Mallorcaren aurka

Xabier Lopetegi.
Donostia
2010eko irailaren 26a
00:00
Entzun
Realak azken bi partidak galdu egin ditu, baina oso desberdinak dira bi porrot horiek utzi dituzten sentipenak. Real Madrilen aurkakoa gozoa izan zen. Gozoa, pozoitutako musuak edo laudorioak diren moduan. Osasunaren aurkakoa, berriz, askoz ere garratzagoa izan zen, bere tokian jarri zituelako, bai Reala eta bai jarraitzaileak. Mesederako ere izan daiteke, edo izan beharko luke, zaplaztekoak mezu garrantzitsuak dakartzalako atxikita: taldeak helburu bat duela, Lehen Mailari eustea; latz sufritu beharko duela helburu hori lortzeko; eta, batez ere, zelai gainean bere baliabide fisiko eta teknikoei etekinik handiena atera ezean nekez lortuko dituela behar dituen garaipenak.

Mikel Aranburuk primeran deskribatu zuen herenegun egoera. Sarritan kontrakoa badirudi ere, gutxirekin asko esaten du kapitainak: «Talde handien aurkako partidak engainagarriak dira. Jokalariek eta zaleek pentsatzen dute aurkaria askoz ere hobea dela, eta ez dute gauza handirik espero. Ondo jokatuz gero, pentsatzen duzu zure mailako taldeen aurka berdin gertatuko dela. Baina talde handien aurka itxura ona emateak ez du ezer ziurtatzen. Bigarren Mailatik gatoz, eta ezin gara lasaitu minutu batez ere, hemen inork ez duelako barkatzen».

Aurreko sasoian Bigarren Mailako talderik sendoena eta seguruena izan zen Reala, Herculesen atzetik, baina azken hiru norgehiagokak nahikoak izan dira sasoi honetakoa beste kontu bat izango dela ikusteko. Zazpi gol jaso ditu Almeria, Real Madril eta Osasunaren aurka. Andaluziarren aurka bitan aurreratu zen markagailuan, baina bitan barkatu zuten, eta puntu bakarrarekin itzuli ziren Donostiara. Kezkagarriagoa izan zen derbian gertatutakoa. Tamudoren golarekin topo egin zuen, eta lo hartu zuen hortik aurrera, Osasuna bere kabuz hondoratuko zelakoan. Azkenean, Realak emandako erraztasunak aprobetxatu besterik ez zuten egin nafarrek.

Lehia zuzenen garrantzia

Osasunaren eta Almeriaren aurkakoak lehia zuzenak ziren, eta taldeak konturatu behar du hil ala bizi aritu behar duela, halakoetan lortu beharko dituelako mailari eusteko behar diren puntu gehienak. Sei puntuko norgehiagokak dira -zazpikoak, gol aldea kontuan hartuta-. Beraz, ez da oso ondo ulertzen, hiru partida baino jokatu ez direnean, entrenatzaileak, txandakatzeekin itsututa, zelai erdiaren egitura goitik behera aldatzea. Lehia zuzenetan, eskura duen hamaikakorik onena zelairatu beharko du Lasartek. Polita da Bartzelona eta Real Madril estu hartzea, baina Realak ezin du ahaztu 42 puntu bildu behar dituela, eta, orain arte ikusitakoaren arabera, borroka itzela egongo da azken hiru postuak saihesteko.

Denborak kontrakoa ez dioen bitartean, Mallorca bere ligako aurkaria denez, garrantzi handia dauka gaurko norgehiagokak. Sailkapenean berdinduta daude biak. Denboraldi aparta egin zuen aurreko sasoian Mallorcak, etxean batez ere. Europarako sailkatu zen, baina kanpoan gelditu zen arazo ekonomikoengatik. Jokalari garrantzitsuak galdu ditu, hala nola Aduriz, Valero, Mario eta Julio Alvarez. Baina talde ederra dauka oraindik. Chori Castrok hartu du Ibagazaren lekukoa, eta Marti da lemazaina zelai erdian. Realeko beste bi jokalari ohi ere badaude: Victor eta Nsue. Harrobiko zenbait gazte eta goi mailan eskarmentu handia pilatu duten hainbat jokalari ere badaude: Aouate, Nunes, De Guzman...

Realean aldaketak izango dira, seguru. Litekeena da Rivas eta Aranburu hamaikakora itzultzea. Mundu guztiak daki espainiarra jokalari mugatua dela baloia oinetan duela, baina berean, lan ilunean, ez dauka parekorik. Toki guztietan dago baloiak lapurtzeko eta lasaitasuna ematen die atzelariei. Aranburuk ere oso ondo hasi du liga. Hamaika gudatan aritutakoa da, eta defentsa eta erasoaren arteko fasea ondoen gauzatzen duen euskarria da. Baloia babestu eta eramateko duen gaitasunak arnasa ematen die taldekideei. Ezker hegalean Griezmannek Sutilen tokia hartzea ere ezin da baztertu.

Zalantzarik handiena aurrealdean dago. Joseba Llorente jokatzeko moduan dago jada, baina Tamudok hiru gol sartu ditu azken hiru partidetan, eta zaila dirudi horren bolada gozoan egonda aulkian gelditzea. Lasartek onartu zuen tentazio handia dela biek elkarrekin jokatzea, baina zaila dirudi hasieratik behintzat halakorik gertatzea, Reala ez baitago ohituta bi aurrelarirekin aritzera. Azken urteetan oso gutxitan erabili du 4-4-2koa, eta erabili izan duenean emaitza ez da onegia izan. Agirretxe eta Sarpong deialditik kanpo gelditu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.